Manosfera pertsona multzo batek komunitate digital batean sortutako ideologia antifeminista eta misoginoa da. Hala azaldu du Elisa Garcia Mingo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko doktoreak, EHUko Udako Ikastaroetako hitzaldi batean.
Miramar jauregiko gela fresko batean izan da, kaleko sargoritik urrun. Kultura digitalak hezkuntza afektibo eta sexualean dituen ondorioak aztertzen arituko dira hor, bi egunez, hainbat hizlari. Itziar Alkorta Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Miren Elgarresta Larrabide Emakundeko zuzendariak eman diote hasiera jardunaldiari.
Gaiari heltzeko, Elisa Garcia Mingok azaldu du manosferara hurbiltzen diren gizonek uste dutela azken urteetan «eskubideak galdu» dituztela, eta iragan horretaz duten nostalgia dela haien ezaugarri: «Manosferaren parte diren gizonek sentitzen dute feminismoaren biktima direla, eta gizonei kalte egiten dieten politiketan aldaketak egitea aldarrikatzen dute». Horien helburua argitu du: pribilegio zuri maskulinoa berrezartzea eta maskulinotasun hegemonikoa indartzea.
«Manosferaren azken produktua da [Amadeo] Llados»
ELISA GARCIA MINGO Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko doktorea
Halako taldeak «edonon» daudela ohartarazi du doktoreak: Whatsapp taldeetan, Interneteko foroetan, Youtube plataforman…. Azaldu du eduki sortzaileak zein kontsumitzaileak izan daitezkeela manosferaren parte, eta komunitate digitalean sartzearekin bat izan daitezkeela manosferako kide. «Manosferaren azken produktua da Llados», ondorioztatu du. Amadeo Llados sareetan ezaguna egin den coach-ari buruz ari da. Manosferaren adibide garbitzat jarri du Garciak. Fitness programa zorrotzak aldarrikatzeaz gain, pobreen aurkako mezuak eta jarrera matxista eta homofoboak zabaltzen ditu.
Bere buruari komunitate hau nola sortu den galdetu dionarentzat, izan du erantzuna: «Berandu konturatu gara misoginia negozio errentagarria dela, eta asko eta asko irabazi ekonomikoak lortzeko batu direla manosferara».
Manosfera gizonen ondoezetik datorrela ziurtatu du doktoreak, eta erantsi du kanpaina egituratuak eta antolatuak egiten dituztela. Manosferan barneratzen diren gizonek «maskulinitate zauritua berreskuratzeko espazio bat» bilatzen dutela adierazi du, eta genero ezagutza antifeminista sortzen dutela: «Genero berdintasunarekin eta feminismoarekin lotutako gaiei buruz ikasteko, eztabaidatzeko eta negoziatzeko eremu funtzional bat eskaintzen diete». Amorrua, frustrazioa eta harrotasun zauritua kudeatzeko giltza bilatu ohi dute, Garciaren esanetan.
Salatu du Internet «espazio oldarkorra» bihurtu dela emakumeentzat, «baita emakume akademiko feministentzat ere», eta sareko misoginiaren eta genero indarkeriaren kontrako joerak sendotzen ari direla. Hala eta guztiz ere, emakumeak bultzatu ditu eduki digitala sortzera, eta Interneteko mundua ez baztertzera, hala haien ikuspegiak ere lekua izango duela eta.
Z belaunaldia ulertzeko bidea
«Nola zinen 15 urte zenituenean?». Isa Duque psikologo, sexologo eta dibulgatzaileak egin du galdera. Galdera egin du, gehienbat, adierazteko uste baino izaera antzekoagoa dutela ikastaroan bildutako 50 bat urteko pertsonek eta gaur egungo gazteek: «Zuek nahi zenituzten gauza berak nahi dituzte». Maitasunaz, zaintzaz eta arretaz aritu da.
Bere gaztaroa kontatuz hasi ohi ditu hitzaldiak, izan zituen bikote harreman toxikoak azalduz eta bere buru osasunaren gabeziak aipatuz. Esan du nork bere burua «zaurgarri» erakustea garrantzitsua dela belaunaldi arteko zubiak eraikitzeko, eta hala izendatu du bere hitzaldia: «Z belaunaldiarenganako zubiak eraikitzen». Zaurgarri izateko eta gelako giroa are gehiago berotzeko, dantzan jarri ditu ikastarora joan direnak, Chayanneren Madre Tierra abestiaren erritmora.
1994. eta 2000. urteen artean jaio ziren gazteak dira Z belaunaldikoak. Duquek datuekin frogatu du krisi sistemikoak izan dituztela jaiotzetik, beste belaunaldikoek baino gehiago irakurtzen dutela, osasuntsuago bizi direla eta sexismoa gehiago baztertzen dutela, besteak beste. Era berean, gazte horiei «etorkizuna deuseztatu» zaiela ere uste du.
«[15 urteko gazteek] Zuek nahi zenituzten gauza berak nahi dituzte»
ISA DUQUE Psikologoa, sexologoa eta dibulgatzailea
Heldukeria egotzi die gazte horiei buruz kontrakoa pentsatzen duten helduei, eta heldukeria horri erantsi dizkio gizarteak sorrarazi dituen beste zenbait beldur: teknofobia —teknologiaren beldurra—, neofobia —berria den horren beldurra—, atzera-begirako idilikoa —aurrez gertatu dena hobea dela pentsatzea— eta sexu eta genero aurreiritziak.
Helduagoei aitortu die gazteak smartphone batekin jaio izanak elkar ulertzea eta harremantzea zaildu dezakeela. Horren faltan, baina, «zurztasun digitala» areagotzen dela iritzi dio, hau da, komunitate digitalaren alderdi negatiboak soilik ezagutarazi direla eta, beraz, gazteek beren kabuz ikasi dutela Internet erabiltzen.
Pantailei errua botatzea irtenbiderik «errazena» iruditzen zaio, eta, aldiz, gazteen munduari buruz interesa izatea proposatu du, pentsaera irekia lantzea eta gazteei galderak egitea. Iruditzen zaio zaharragoek bereganatu beharko luketela Z belaunaldikoek lan eskubideen gainean eta gizarte gaien gainean duten «lotsagabekeria».