Arnaldo Otegik «gure militanteei, gure herriari, bakearekin eta konponbideekin konprometituta dagoen jendeari» egindako eskaerarekin amaitu zenBateragune auziari dagokion epaiketa, atzo arratsaldean. «Inork ez dezala hasi dugun bidea utzi», esan zien. «Edozer gauza gertatzen dela ere, edozein direla datozen hilabeteetan gertatzen direnak, inork ez dezala bide hori utzi». Eta, ohi duenez, baikortasun hitzekin esan zuen agur, berriz ere eskuburdinez lotuta kartzelara eraman aurretik: «Irribarre egin dezazuela da eskatzen dizuedana, irabazi egingo dugulako».
Horiek izan ziren Bateragune auziaren epaiketan entzun ziren azken hitzak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ondoren, epaiaren zain geratu zen Otegi bera, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jazinto, Amaia Esnal eta Mañel Serraren aurkako ahozko saioa. Akusatuen defentsek azken ondorioak aurkeztu ondoren, epaituek azken hitza esateko duten aukera baliatuta esan zituen horiek Otegik, besteak beste. Bera izan zen aukera baliatu zuen bakarra, eta hausnarketa eta irakurketa sakonak egin zituen, ia hamasei minutuz. Angela Murillo epaimahaiburuari eskerrak eman ere egin zizkion, «azken mozketaren salbuespenarekin askatasun osoz hitz egiten utzi izanagatik».
Inor mindu badu barkamenak eskatuta hasi zuen hizketaldia Otegik, biktimengana modu sutilean zuzenduta: «Herri akusazioak bere galderei erantzun ez izana aurpegiratu digu behin eta berriz, ez dakit zein intentziorekin. Eta esan nahi dudana da erabaki hori defentsarako estrategia bat besterik ez dela izan. Berak ordezkatzen dituenei ez diegu inolako mespretxurik egin nahi izan; ez zen hori gure asmoa. Norbaitek hori sentitu badu, barkamenak eskatzen dizkiot publikoki». Asociacion de Victimas del Terrorismo Verde Esperanza da herri akusazio gisa aritu dena.
Egotzi zaizkien akusazioak ukatu, eta «zentzuz» jokatzeko deia egin du, akusatuek egin duten lan politikoa zein izan den azaldu aurretik. «Albert Einsteinek honela definitzen zuen erokeria: beti gauza bera egitea eta emaitza desberdina espero izatea da erokeria». Akusatuen «eginbeharra» ezker abertzalearen estrategia aldatzea zela azaldu du, eta horixe egin zutela.
«'P'-aren eta 'm'-aren teoria»
Akusazioen teoria nagusiari eutsi dio, ondoren: «'P'-aren eta 'm'-aren teoria izen eman diodan teoria bitxiari». Otegirekin batera estrategia aldaketa sustatu dutenek bultzatutako Argitzen ponentzian 'm'-rik ez dagoela esan du. «Zeren, gure estrategian, militarraren 'm' hori soberan dago eta traba egiten du. Gure estrategia indarrak batu eta aliantzak egitea bada, hori ez delako posible indarkeriarekin».
Hala ere, akusazioak «'m'-aren bila desesperatuki» aritu direla salatu du auzipetuak. «Izan ere, guk indarkeria hori soberan dugun arren, ez zaie hori gertatzen ez gure akusatzaileei, ez Gobernuari, ez herri honetako sektore mediatiko askori». Horren arrazoia ere azaldu du epaitu duen epaimahaiaren aurrean: «Azken urteetan indarkeria hori izan delako eztabaida politikoan ez sartzeko koartada handia, aitzakia handia». Pixka bat harago ere joaten utzi dio epaimahaiburuak: «Beraz, hemen 'm'-a eta 'p'-a behar dutenak ez gara gu. Estatua da horiek behar dituenak. Badakizue zergatik?». Hortxe moztu du Murillo epaimahaiburuak.
«Egiei» buruz ere mintzatu da Otegi. Akusazioek ETAren indarkeria itzuliko dela iradoki duten arren, bere nahia ez dela hori eta ez duela uste hala izango denik esan du. «Atzeraezina da bidea».
«Datozen hiletan zer gertatuko den» azaltzera zihoala esan duenean, berriz moztu du Murillok: «Ez, ez, hori ez». Esan nahi zuenaren ideia bat eman du, hala ere: «Nazioarteko komunitateak esku hartuko du gatazkaren konponbiderako».
'Bateragune auzia'. Epaiketa
Beraiek hasitako bideari eusteko eskatu die Otegik euskal herritarrei
Ezker abertzalearen estrategian indarkeria soberan dagoela eta traba egiten duela esan du, epaiketaren azken saioan hitza hartutaNazioarteko komunitatea konponbideari begira esku hartzear dagoela iragarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu