Krisia Osasunbidean

Bera: «Laguntzen saiatu nintzen, baina ez zen egokitu»

Nafarroako Osasun kontseilari Marta Berak Juan Jose Rubiori egotzi dio porrotaren errua.Osasunbideko zuzendari ohiak erakundea eraldatzeko beharra berretsi du

Marta Bera Osasun kontseilaria zuzendari taldeko kideekin agertu zen atzo Nafarroako Parlamentura. Irudian, batzorde gelara bidean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Egun berean, baina ez, ordea, elkarrekin. Nafarroako Osasun kontseilari Marta Bera eta Osasunbideko zuzendari kudeatzaile ohi Juan Jose Rubio Nafarroako Parlamentuan izan ziren atzo, Rubioren dimisioak erakunde horren kudeaketan eragindako egoerari buruz azalpenak ematen. Ikuspuntu ezberdinak erakutsi zituzten; egiturazko arazoak jarri zituen mahai gainean Rubiok, bai eta erabakitzeko eta lan egiteko izandako zailtasunak ere. Zuzendari taldearen zurruntasuna salatu zuen. Gardentasun falta. Eta erakunde «gaixotzat» jo zuen Osasunbidea. Bera kontseilariak, berriz, Rubiori egotzi zion hark aurkeztutako dimisioaren errua. Eta haren porrotaren ondoriotzat jo zuen. «Laguntzen saiatu naiz, baina ez da egokitu. Gaitasun handiko gizona delako izendatu nuen, baina ez du asmatu, ez du bere lana egin».

Juan Jose Rubio izan zen atzo hitza hartzen lehena, goizez. Bakarrik agertu zen parlamentura, eta, herritar gisa, joateko beharrik ez zuela gogoratu zuen. Marta Bera, berriz, lantalde osoarekin agertu zen parlamentuko Osasun Batzordeko kideen aurrera, arratsaldez; Rubiok Osasunbidean lankide izandako zuzendaritzako taldeekin, alegia. Batasun mezu bat zabaldu nahi izan zuen Osasun kontseilariak, zalantzarik gabe, eta argi utzi, aldi berean, Rubio dela talde horretatik at dagoena.

Irailaren 18an eman zuen Juan Jose Rubiok dimisioa. «Aginte eta babes falta» salatu zituen. Osasunbideko egitura bera jo zuen egoera horren erantzule, eta gardentasuna eskatu zuen, «herritarrek nork eta zer erabakitzen duen jakiteko eskubidea dutelako». Horixe berretsi zuen atzo Nafarroako Parlamentuan. Eta gehiago erran zuen. Osasunbideak duen gaitzaren «sintomak» mahai gainean jarri baitzituen. Eta lau dira, nagusiki, erakunde horretako zuzendari kudeatzaile ohiaren hitzetan: batetik, zerbitzua jasotzeko arazoak nabarmendu zituen, eta itxaron zerrendak jo zituen errealitate horren adibide; bigarrenik, parekotasunik ez dela salatu zuen. «Nafarroako herritar guztiek ez dute osasun zerbitzuak jasotzeko aukera bera; klasearen, adiskidetasunen eta familiaren araberakoak dira aukera horiek», erran zuen Juan Jose Rubiok.

Murrizketak aipatu zituen hirugarrenik, eta azaldu zuen egindako guztiak ezin direla krisiaren aitzakiarekin ulertu. Laugarrenik eta azkenik, profesionalen arteko giroaz mintzatu zen Rubio atzo parlamentuan: «Energia dute, gauzak ongi egiteko gogoa, baina ezin dute. Zuzendaritza taldeak ez daude profesionalen maila berean».

Irakurketa ezberdinak

Baliabideak modu eraginkorrago batean erabiltzeko beharra berretsi zuen Rubiok, eta hiru ardatz jo zituen funtsezko, horrekin lotuta: «Osasuna, zerbitzuak eta iraunkortasuna. Hiru elementu horiek markatu beharko lukete etorkizunean Osasunbidearen bidea».

Hori gauzatzeko eta lan egiteko tarterik ez duela izan gogoratu zuen Rubiok, eta horrek eraman duela, azkenean, dimisioa ematera. Berak bulegotik ez ateratzeko agindu ziola erran zuen, berriz ere, Osasun Batzordeko parlamentarien aurrean. «Profesionalekin, sindikatuekin eta gizarte taldeekin harremana izateko ere oztopoak jarri dizkidate zuzendaritza taldeko kideek», azaldu zuen.

Bertzelako azterketa egin zuen Marta Bera kontseilariak Osasunbideko zuzendari kudeatzaile ohiak karguan egindako denboraz. Osasun Departamentuko buruak Rubio jo zuen izandako porrotaren erantzule bakar. Are gehiago, Rubiok salatutako egoeraren erantzule Osasunbideko zuzendari kudeatzaile ohia dela erran zuen. Kontseilari gisa izan dezakeen ardura, berriz, ez zuen onartu: «Rubiok salatu duena haren errua da; gaitasun handiko pertsona bat posturako kontratatzea, ordea, ez da huts bat; hori egitea da nire erantzukizuna».

Rubioren porrotaren adibide, zuzendari kudeatzaileak berak mahai gainean jarritako proiektu bat aipatu zuen Marta Berak: gaixo kronikoak artatzeko planari buruzkoa, hain zuzen ere. Rubiok atzo berretsi zuen gaixo kronikoak artatzeko modu ezberdina finkatu bada ere, eta hori jasotzen duen plana onartuta bada ere, erakundearen egiturak berak plan hori gauzatzea zaildu egiten duela. Kontseilariak, berriz, Rubiori egotzi zion plan hori martxan ez egoteko errua. «Bere ardura zen hori, eta ez du bete».

Berak ukatu zuen Rubiori bulegotik ateratzea debekatu izana. «Irrigarria da salaketa hori», erran zuen. Eta Rubiori berari egotzi zion zuzendaritza taldeko kideekin harremanik ez izatea. «Zuzendariek ez zuten gaizki ikusi osasun etxeetara eta profesionalengana eta sindikatuetara jo izana; gaizki hartu zuten hori haiei deus erran gabe egin izana», azaldu zuen. «Ez zen egokitu, kanpoko enpresetara jo zuen, eta baliabideak amaigabeak bailira jokatu zuen», erantsi zuen Berak. Osasunbidea eraldatzeko lan egitea, eta eguneroko kontuen kudeaketa ahaztu izana ere egotzi zion Berak Rubiori.

Berak, dimisiorik ez

Osasun kontseilariak azaldu zuen dimisioa emateko «inolako asmorik ez» duela. Eta karguari eutsiko diola «herritarrekin, gobernuarekin eta lantaldearekin» duen konpromisoagatik. Erabaki hori ez zuten ontzat jo oposizioko talde gehienek, ordea. Marta Berak kudeaketarako erakutsi duen «gaitasun eza» salatu zuten. Egoerak kontseilariaren porrota erakusten duela erran zuen PSNko Samuel Carok, eta egoera «hagitz larritzat» jo zuen, halaber, Bilduko Bakartxo Ruizek. Berak bere ardura hartu beharko lukeela uste du parlamentariak. Iritzi berekoa da Aralar-NaBaiko Asun Fernandez de Garaialde, bai eta Ezkerrako Marisa de Simon ere. Rubioren eta Beraren agerraldien ondotik, lehendabizikoak sinesgarritasun gehiago zuela erran zuen Geroa Baiko Manu Aierdik. PPNko Eva Gorrik, berriz, Rubioren eta Beraren arteko desadostasunak noiz sortu ziren jakin nahi izan zuen.

Oposizioko hainbat taldek, hain zuzen, Osasun kontseilariari galdetu zioten zergatik ez zuen Rubio kargutik kendu, Osasunbideko arduradun ohiak bere lana egiteko gaitasunik ez zuela uste bazuen. Horri buruz, Marta Bera kontseilariak ez zuen bat egin Juan Jose Rubiok berak emandako azalpenekin. «Ekainean eskatu nion dimisioa eman zezala, eta hark denbora eskatu zidan, bere lan kontuak konpondu ahal izateko», erran zuen Berak. Dimisioa aurkeztu zuenetik errandakoari berretsi zion Rubiok, berriz. Bulegoan gelditu behar izan eta gero, udako hilabeteetan gogoeta egin, eta dimisioa ematea erabaki zuela irailean.

Oposizioko taldeek Osasunbideko kudeaketa arazoek herritarrei eragiten dizkieten arazoak jarri zituzten atzo mahai gainean. «Hori da okerrena», erran zuen Bilduko Bakartxo Ruizek. «Egoera hagitz larria da», berretsi zuen Asun Fernandez de Garaialdek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.