Beroa izaten ari da EHUko errektoretzarako hauteskundeetako bidea. Bihar amaituko da prozesua; ikasleek eta langileek unibertsitate publikoaren errektorea nor izango den aukeratuko dute. Bi hautagai egongo dira: Eva Ferreira eta Joxerramon Bengoetxea. Bengoetxearen taldeak jakinarazi du eskatu dutela ustez Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta «kanpainako jardunbide irregularrak» ikertzeko; Hauteskunde Batzordeari, Etika Batzordeari eta Aldezleari egin diote eskea. Ez dira bakarrak: Ikasle Kontseiluak eta CREUP Unibertsitate publikoetako ikasleen ordezkarien koordinakundeak ere gaitzetsi dituzte kanpainako jokaerak.
Ikusi gehiago
Bengoetxeak ohar bidez nabarmendu duenez, Ikasleen Kontseiluak salatu du Ferreiraren hautagaitzako pertsonak ikasgeletatik igaro direla ikasleen botoa eskatuz «gezur edo praktika maltzurren bidez». Esaterako: «Beste hautagaitza ideologia politiko jakinekoa dela esan dute, eta Joxerra Bengoetxeak irabazten badu gaztelaniazko graduak eta masterrak desagertuko direla, baita gaztelaniazko esperientzia gelak ere».
Horrekin lotua, Bengoetxearen taldeak zalantzan ipini du eskolak eten izana botoa eskatzeko. Izan ere: «Hauteskunde araudiak jasotzen duenez, Ikasleen Kontseiluak bakarrik egin ahal izango du, behin bakarrik, parte hartzea sustatzeko». Bengoetxearen esanetan, Ferreiraren taldea hori egiten hasita zegoenean jakinarazi zuten, «modu informalean», telefonoz eta posta elektronikoz, ikasgeletatik pasatzeko aukera zeukatela. Baina: «Ez dago jasota Hauteskunde Batzordearen aktetan, dagokion gisan».
Halaber, Bengoetxeak salatu du hauteskundeak baino lau egun lehenago Ferreiraren hautagaitzako errektoreorde batek «mezu masibo bat» bidali zuela, «Bengoetxearen hautagaitzaren programaren barruan dagoen zerbitzu bat martxan jarriz». Bengoetxearen irudiko, «kutsu elektoralista argia» du, «eta erabat debekatuta dago edozein hauteskunde prozesutan». Hautagaiak kode etikoa hautsi izana egotzi dio beste taldeari.
Ikasle Kontseiluak eta CREUPek X sare sozialean egin dituzte salaketak. Ikasle Kontseiluko lehendakari Iñigo Ugedoren esanetan, Ikasle Kontseilua eta bera neutral mantentzen saiatu dira kanpaina osoan. Alabaina: «Kontu batzuen aurrean, ezin naiz isilik geratu». Azaldu duenez, azken egunetan «gezurrak» eta ikasleen salaketaren bat iritsi zaizkie zenbait bidetatik: «Hautagaitza batetik besteari buruz gezurrak esaten ari dira, nahita, botoan eragiteko asmoarekin. Hau ez da gertaera bakan bat izan; behin eta berriro gertatu da». Gainera: «Badakigu irakasle batzuek idazkaritzetara eraman dituztela beren ikasleak eta hautagaitza zehatz bati botoa ematea iradoki dietela. Nabarmendu dute horrelako ekintzak «lotsagarriak eta onartezinak» direla beti, baina, batez ere, hauteskunde garaian: «Kanpaina batek garbia izan behar du alderdi guztietatik».
CREUPek, berriz, hauteskunde prozesuak «zikintzea» egotzi die. Nabarmendu dutenez, prozesuan «gezurrak eta troll kontuak» egon dira, eta horiek «oztopatu» egin dute bozen prozesua. «CREUPetik ekintza horiek salatzen ditugu, eta eskatzen dugu kanpaina irregular hau eta joko zikina amaitzea».
Ferreirak sare sozialetan mezu bat jarri zuen larunbatean. Horietan, zera adierazi zuen: «Ez gaitezen gezurretan eta mezu sinpleetan eta populistetan murgildu». Gainera, beste eske bat ere egin zuen: «Mesedez, errespetua eta zintzotasuna. Denak ez du balio; biktimismorik eta joko zikinik gabe. Eta portaera salagarriren bat hautematen badugu, jaso ditzagun ebidentziak eta jarrai ditzagun horretarako bideak. Ez ditzagun sareak asmakeriez zipriztindu».
Gehiagotan ere bai
Ez da Bengoetxearen taldeak kanpainan egin duen lehen salaketa. Lehenengo, ziurtatu zuen Ferreiraren taldea Ikasle Kontseiluari «zailtasunak» ipintzen ari zela ikasleen aurrean eztabaida bat antolatzeko, eta EITBn eztabaida bakarra egin nahi zutela, Radio Euskadin, gaztelera hutsean. Handik gutxira, salatu zuen Ferreiraren taldeko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde eta hautagaitzako kide Guillermo Quindosek troll kontu bat sortu zuela X sare sozialean, Bengoetxearen taldea «iraintzeko eta difamatzeko». Quindosek egunean bertan eman zuen dimisioa.