Bengoetxeak EHUko errektore kargua hartu du, elkarlanean aritzeko prest

«Unibertsitatearen oinarriak sendotzeko eta lankideen ongizatea bermatzeko garaia» dela adierazi du, Ajuriaenean egindako ekitaldian. Gainerako euskal unibertsitateei eskua luzatu die elkarlanerako.

Joxerramon Bengoetxeak EHUko errektore kargua hartu du gaur Ajuriaenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Joxerramon Bengoetxeak EHUko errektore kargua hartu du gaur Ajuriaenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko urtarrilaren 27a
12:55
Entzun

«Pozez beterik» eta «ohorez» hartu du Joxerramon Bengoetxeak Euskal Herriko Unibertsitateko errektore kargua gaur, Ajuriaenean. «Errespetu handiz ere bai», aitortu du. Bera izango da errektorea datozen sei urteetan, eta kanpainan aurkeztutako Denon artean programa ezartzeko erronka izango du. «Programa horrek ekarri gaitu hona; zorretan gaude unibertsitatearen parte diren horiekin. Prest izango gaituzue euskal gizarteari unibertsitatean daukagun onena eman eta zabaltzeko. Errektore bezala, zin dagit gure taldean gogor saiatuko garela horrela izan dadin».

Iazko azaroan egin zituzten errektoretzarako hauteskundeak, eta garaipena argia izan zen: sektore guztietan nagusi izan zen Bengoetxea, boto haztatuaren %63,63 harentzat izanik. Eva Ferreira orain arteko errektorea izan zen beste hautagaia. Izan ere, azken hamasei urteetan lehen aldiz, bi hautagai aritu ziren errektore izateko lehian.

Nahasia izan zen hauteskunde kanpaina. Bengoetxearen taldeak Ferreirarenari leporatu zion eztabaida publikoetarako zailtasunak jartzea. Bestalde, Ferreiraren taldeko errektoreorde eta hautagai Guillermo Quindosek dimisioa eman zuen, Bengoetxearen taldea iraintzeko troll kontu bat sortzeagatik. Gaur, kargu hartzearen ekitaldian izan da Ferreira, eta Bengoetxeak eskertu egin du haren taldeak egindako lana, baita azken asteotan eskainitako laguntza ere.

«Unibertsitatearen oinarriak sendotzeko, lankideen ongizatea bermatzeko, eta ezagutzaren eta jakintzaren arloan txirikordak harilkatuz joateko garaia da», adierazi du Bengoetxeak. Eta erantsi du ezinbestekoa dela kide guztiak «norabide berean» mugitzea, «estrategia partekatuarekin bat eginik» eta elkarlanean. «Horrela, guztiok irabaziko dugu». Era berean, nork «bere txokotik ekarpena egiteko autonomia» aldarrikatu du: «Askatasun akademikoa eta espiritu kritikoa eskutik doaz».

Gaur egungo egoera mahai gainean jarri du errektore berriak, eta unibertsitateen garrantzia azpimarratu. Esan duenez, «ebidentzia zientifikoak ukatzen dituzten diskurtsoak» ugariak dira gaur egun. Diskurtso horien arriskuez ohartarazi, eta horiei aurre egiteko unibertsitateak «ezinbesteko elementuak» direla esan du; are gehiago unibertsitate publikoak.

EHUren ezaugarri «bereziak»

Unibertsitate publikoek kideen pentsamendu, ikerketa eta katedra askatasuna bermatzen dute, Bengoetxeak azaldu duenez. EHUk baditu beste ezaugarri «berezi» batzuk ere. Besteak beste: «Publikoa, aniztasun handiko campusa, sarrera ekitatiboa, matrikula publikoak, euskalduna... jakintza eman eta zabaldu egiten duena». Ekitaldian izan diren gainerako euskal unibertsitateei eskua luzatu die elkarlanerako, eta gehitu du bere taldeak «lankidetzarako jarrera irekia, irmoa eta eskuzabala» izango duela.

Errektoretza talde berriak erronka hauek ezarri ditu, besteak beste, Denon artean programan: klaustroaren funtzionamenduari buruzko arautegia aldatzea, ikasleen matrikula tasak negoziatzea, ordezkoen kontratuak hobetzea, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateekiko harremanak sustatzea, eta lan eta soldata baldintza duinak bermatzea, baita genero berdintasuna sustatzea eta diskriminazioaren aurka egitea ere.

Hizkuntza plan integrala sortzea ere hartu dute helburu, hizkuntza guztiak kontuan hartuta. Euskararen erabilera areagotzeko estrategiak landu nahi dituzte, euskarazko irakaskuntza eskaintza zabaldu eta babestu, eta euskarazko irakasgaiak gutxienez gaztelaniazkoak beste izan daitezela bermatu. Are, euskaraz ikasteko eskubidea bermatu nahi diete hautu hori egiten duten ikasle guztiei.

«Lan jarraitua eta inkonformismoa»

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere parte hartu du gaurko ekitaldian, eta EHUren «lan jarraitua, inkonformismoa eta emaitza hoberenak lortzeko grina» goraipatu ditu. Unibertsitatea «ezagutza sortzen, ematen eta lau haizeetara zabaltzen» duen erakundea izan arren, adierazi du egungo «aldaketa bortitzek» aurrera jarraitzeko beharra eskatzen dutela. Horretarako, «ahalik eta aukera gehien eta hoberenak» sortu behar dira, irakasle, ikertzaile eta ikasleentzat.

Bestalde, Pradalesek adierazi du Jaurlaritzaren betebeharra dela baldintzak erraztea eta baliabiderik onenak unibertsitatearen esku jartzea. Esan du diruaz gain «arrakastarako osagaiak autoexijentzia eta anbizioa» direla. Unibertsitatearen helburua «ezagutza aurreratua» sortzea da, eta ezagutza hori ikasleei eta «sare sozioekonomiko eta instituzionalari» helaraztea. «Elkarlana, anbizioa, baliabideak eta ondo lan egitearen kultura beharrezkoak dira hori guztia lortzeko», gehitu du.

Ferreirak joan den astean egin zuen azken lau urteotan egindako lanaren balantzea, eta adierazi zuen EHUren aurrekontua %22 handitzea lortu dutela. Langileen finkatzean, lankidetzan oinarritutako prestakuntzan eta ikerketa sustatzen emandako pausoak ere nabarmendu zituen. «Asko dago egiteko, jakina, baina egindako bideak aukera ematen digu etapa hau harrotasunez bukatzeko», azaldu zuen. Bengoetxeari eta haren taldeari «onena» opatu zien hemendik aurrerako bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.