Bengoetxeak berretsi du Ferreirak uko egin diola EHUko hauteskunde eztabaidetan parte hartzeari

Joxerramon Bengoetxearen esanetan, EITBn eztabaida bakarra egin nahi du Ferreirak, Radio Euskadin, gaztelera hutsean.

Joxerramon Bengoetxea prentsaurrekoa ematen, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Joxerramon Bengoetxea prentsaurrekoa ematen, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko azaroaren 8a
10:38
Entzun

Bi aste pasatxo barru, azaroaren 26an izango dira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarako hauteskundeak. Bi hautagai egongo dira aukeran: Eva Ferreira —gaur egungo errektorea— eta Joxerramon Bengoetxea. Gaur hasi da kanpaina, eta Bengoetxeak prentsaurreko bat eman du, «atsekabetuta»; atzo aurreratu zuen albistea, eta gaur berretsi du: salatu duenez, Ferreirak uko egin dio hauteskunde eztabaidetan parte hartzeari. «Eva Ferreira errektoregaiak uko egin dio EITB euskal komunikazio erakunde publikoak proposatutako telebista eztabaidetan parte hartzeari, eta zailtasunak jarri dizkio Ikasle Kontseiluari ikasleen aurrean eztabaida bat antolatzeko, azkenik eztabaida hori egitea onartu duen arren».

Hasteko, EITBrekin gertatutakoa azaldu du. Bengoetxeak adierazi duenez, EITB irailetik ari da lanean eztabaidak antolatzeko, eta Ferreirak ez die erantzun aste honetara arte: «Telebistako eztabaidetan parte hartzea ukatu du». Bengoetxearen irudiko, hori «ulergaitza» da, «euskal telebista publikoa bitarteko ezin hobea baita inpartzialtasun osoz eztabaida antolatzeko, unibertsitate komunitateari proposamenak helarazteko eta EHU euskal jendartera hurbiltzeko». Azkenean, Bengoetxearen esanetan, Ferreiraren hautagaitzak jakinarazi du eztabaida bakarra egingo duela, Radio Euskadin, gaztelera hutsean; Bengoetxea, ordea, ez dago ados: «Euskal Herriko Unibertsitatean, bi hizkuntza ofizial ditugu, eta euskarazko eztabaida ere merezi dute gure kideek».

Ikasle Kontseiluak antolatu asmo duen eztabaida ere izan du mintzagai Bengoetxeak. Haren arabera, ikasleen ordezkariek ekainaren amaieran proposatu zieten bi hautagaiei ikasleentzako eztabaida bat egiteko, baina Ferreiraren hautagaitzak «zailtasunak» jarri ditu: «Guk hasieratik prestasuna adierazi genuen; Ferreiraren taldea, ordea, urriaren bukaerara arte erantzun gabe egon da, eta lehenengo erantzunetan agenda betea zutela adierazi zioten Ikasle Kontseiluari, eztabaida saihestu nahian. Ondoren, publikorik gabe egiteko eskatu zuten, streaming bidez emitituta».

Bengoetxearen esanetan, gainera, elkarrizketa hobetsi eta Ikasle Kontseiluaren autonomia errespetatu beharrean, ikasleen ordezkariei «presio» egin die. Azkenean jarrera aldatu dutela ziurtatu du: «Ikasle Kontseiluaren irmotasunari esker, eta hasierako proposamenari eusten ziola esan eta gero, Ferreiraren hautagaitzak eztabaida hori egitea onartu du». Hautagaiaren irudiko, «ulergaitza» da ikasleen parte hartzeari «horrelako oztopoak» jartzea.

Ikasleen eztabaidan, beraz, publikoa izango da azkenean. Baina Bengoetxeak nabarmendu du ikasleei zuzendutako eztabaida «guztiz beharrezkoa eta aberasgarria» bada ere unibertsitateko beste kideek ere merezi dituztela eztabaidak, beraiei lotutako gaiez aritzeko.

Botoa presentzialki bakarrik

Beste kezka baten berri ere eman du Bengoetxeak: «Ez da boto sistemarik ezarriko presentzialki joan ezin diren  kideentzat, dela ezinduta dagoelako, dela atzerrian dagoelako». EHUko kide asko daude atzerrian mugikortasun programetan eta egonaldi akademikoetan, eta Bengoetxearen taldeak sistemaren bat jartzeko eskatua zuen.

Hori guztia aintzat hartuta, Bengoetxeak eskea egin dio Ferreirari: «Hasierako jarrera aldatu eta telebistako eztabaidetan parte hartzea onar dezala, ona izango baita bi hautagaientzat, unibertsitatearentzat, hedabide publikoarentzat eta euskal jendartearentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.