Hiru aste pasatxo falta dira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzako hauteskundeetarako; azaroaren 26an aukeratuko dute nor izango den unibertsitate publikoko errektorea datozen sei urteetan. EHUko kideek bi hautagaitza izango dituzte aukeran: Eva Ferreira —egungo errektorea— eta Joxerramon Bengoetxea. Bengoetxeak gaur aurkeztu ditu bere hautagaitza eta programa, Bilbon, taldekideak ondoan zituela.
Ikusi gehiago
Unibertsitate publikoaren egoeraren diagnostiko bat eginez hasi da Bengoetxea. «Kezkatuta» dago: «EHU maite dugunez, horren baitan bizi dugun egoerak kezkatzen gaitu. Gure unibertsitateak harrotasuna eta ilusioa piztu beharko luke kide guztiengan: ikasleengan, irakasleengan, ikertzaileengan, teknikariengan, administrariengan eta zerbitzariengan». Ordea, iruditzen zaio kontrakoa gertatzen dela: «Desatxikimendua, itxaropen falta eta urruntzea nabari dira».
Uste du horretara ez direla ausaz iritsi, hainbat arrazoi daudela atzean: egoitza eta eraikin askoren «egoera kaskarra»; lan baldintza eta soldata «prekarioak»; burokraziaren «zama astuna»; akademian karrera egiteko gainditu behar diren «oztopoak»; irakaskuntzaren «aintzatespen eskasa»; eginkizun asko kanpoko enpresekin azpikontratatzea; euskara gutxi entzutea geletan, eta, batzuetan, baita ikasgela euskaldunen barruan ere; langileak ez direla kontuan hartzen; komunikazio «eskasa» edo komunikaziorik eza... Ziurtatu du horri guztiari konponbidea jarri asmo diotela: «Horregatik aurkezten gara hauteskunde hauetara: gure unibertsitatea eraldatu, haren noraeza zuzendu eta denon artean adostutako norabidean kokatu nahi dugu hurrengo sei urteetarako, handik aurrera bikaintasunean lora dadin, eman eta zabal dezan».
«Talde plurala da zentzu guztietan, hamar emakumez eta bost gizonez osatua»
JOXERRAMON BENGOETXEAEHUko errektore izateko hautagaia
Bengoetxeak uste du badutela horretarako taldea eta programa; «harro» dago horietaz. Bata zein bestea aurkeztu ditu. Lehenengo, taldea. «Talde plurala da zentzu guztietan, hamar emakumez eta bost gizonez osatua». Jakintza arloari dagokionez, honela osatu dute taldea: Zuzenbideko bi pertsona daude, Ingeniaritzako bat, Kimikako bi, Medikuntzako bat, Filosofiako bat, Biologiako eta Filologiako bat, Soziologiako bat, Komunikazioko bat, Ekonomiako bat, Antropologiako bat, Hezkuntzako bat eta Zientzia Politikoetako bat. Kudeaketa esperientzia «handia» dutela ziurtatu du: hiru dekano, dekanorde bat, doktorego eskolako zuzendaria, saileko lau zuzendari eta idazkari, eta gobernu kontseiluko kideak daude. Gainera, adierazi du Arabako campuseko bi pertsona, Bizkaiko campuseko bederatzi eta Gipuzkoako campuseko lau daudela.
Taldeaz ez ezik, programaz ere «oso harro» agertu da, batez ere hura ontzeko erabili duten metodologiaz. Hala azaldu du: «Ugo Mayorrek koordinatuta, aurrediagnostiko bat egin zen 30 pertsonako talde bat bilduta. Oinarri horrekin, 36 zentrotan eta ikastegitan ibili gara, entzuteko erronda batean». Atera dituzte emaitzak: mila pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, eta 576 ekarpen jaso dituzte aktetan. «Hau programa kolaboratibo bat da, denon artean egin duguna eta denona dena». Halaber, Bengoetxearen esanetan, gobernantza modu berri bat dute ardatz programan bertan ere, horizontalagoa, «unibertsitateko partaidetza sentimendua areagotzeko eta komunitatearen zaintza erdigunean jartzeko».
Azaldu du ekintza eta proposamen zehatzak zeintzuk izango diren ere. Esaterako, digitalizazio plan integral bat ondu nahi dute, zenbait helbururekin: unibertsitatearen irudia modernizatzea, plataformak bateratzea eta burokratizazioa murriztea. Gainera, hitzeman dute lan baldintzak hobetuko dituztela, «kolektibo guztiak zainduta sentitu daitezen». Horretarako, administrazioko eta zerbitzuetako langileen egitura eta funtzioak aztertu, berregituratu eta lanpostu gehiago sortu nahi dituzte, baita ikerketa talde kontsolidatuetan administrazioko pertsona bat sartu ere. Eta beste «ardatz garrantzitsu bat» euskararen eta kulturaren sustapena izango da. Kultura batzorde bat sortu asmo dute, eta arreta jarri nahi diote hizkuntzaren praktikari eta unibertsitateko benetako erabilerari.
Finantzaketa handiagoa
Hori guztia egin ahal izateko, sosak ezinbestekoak izango dira. Bengoetxeak uste du unibertsitate publikoak «behar bezala» finantzatuta egon behar duela, eta iruditzen zaio Eusko Jaurlaritzak baduela aurrekontua handitzeko borondatea. «Errektoretza talde berriaren negoziazio ahalmenaren garrantzia nabarmentzen da, Eusko Jaurlaritzarekin batera aurrekontuak igotzeko seiurteko plan bat diseinatu beharko baitu».
bengoetxearen taldea
- Joxerramon Bengoetxea. Errektorea.
- Leire Garmendia. Idazkari nagusia.
- Javier Varona. Gerentea.
- Ixone Fernandez de Labastida. Arabako campuseko errektoreordea.
- Estitxu Garai. Bizkaiko campuseko errektoreordea.
- Juana Goizueta. Gipuzkoako campuseko errektoreordea.
- Igone Zabala. Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordea.
- Asier Blas. Ikasle eta Partaidetza errektoreordea.
- Gotzone Barandika. Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordea.
- Urtza Garai. Gradu eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordea.
- Efren Areskurrinaga. Irakasle eta Ikertzaileen errektoreordea.
- Ainhoa Berasaluze. Graduondo eta Etengabeko Ikaskuntzako errektoreordea.
- Aitziber Mendiguren. Koordinazio eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea.
- Jon Umerez. Ikerketa errektoreordea.
- Marian Iriarte. Harreman Instituzionaletarako eta Komunikaziorako errektoreordea.