Bengoetxea eta Unzueta Bizkaiko Aldunditik at utzi ditu Rementeriak

Elixabete Etxanobek eta Amaia Antxustegik ordezkatuko dituzte. Ahaldun nagusiak argudiatu du aldaketak egin dituela, izurriaren ostean diputazio «freskoagoa eta indartsuagoa» edukitzeko

Unai Rementeria eta Ibone Bengoetxea, 2017ko urtarrilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon olano
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aldaketa esanguratsuak egin ditu gobernuan; jakinarazi duenez, Ibone Bengoetxea Administrazio Publikoko eta Harreman Instituzionaletarako diputatuak eta Elena Unzueta bozeramaile eta Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak ez dute aldundian jarraituko. Biak 2015etik zeuden diputazioan, eta, beraz, pisu politiko nabarmeneko bi kargudun kendu ditu Rementeriak.

Bengoetxearen lekua Elixabete Etxanobek beteko du. 2019ko abendutik 2020ko urrira bitartean, Eusko Jaurlaritzako Harreman Instituzionaletarako sailburuordea izan zen. Unzuetaren ordez, berriz, Amaia Antxustegi ariko da, Lekeitioko Udaleko alkateordea. Haatik, Antxustegik ez du bozeramailetzaren ardura hartuko; Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatua ariko da zeregin horretan. Rementeriak argudiatu du diputazio «freskoagoa eta indartsuagoa» edukitzeko eta «erronka eta proiektu berriak» aurrera ateratzeko egin dituela aldaketak.

Aldaketek harridura eragin dute, eta zurrumurruak uxatu nahi izan ditu Rementeriak. Bengoetxeari eta Unzuetari eskerrak eman dizkie eginiko lanagatik, eta azaldu du aldaketak «erabat normaltzat» hartzen direla: «Laster, Bizkaiak bultzada bat beharko du. Pandemia gainditzean, lurraldea suspertu beharko da, Bizkaia suspertu, eta horrek diputazio sendo bat, proiektu eta erronka gehiago eskatzen ditu. Eta erronka horiek gobernu fresko bat behar dute». Erantsi du gobernua «ongi» ari dela orain arte, «indarrez, ilusioz eta proiektuekin», baina «indar betean» egon nahi du «bultzada hori heltzean». Horretarako, «ideia eta soslai berriak» sartu ditu gobernuan. Bi sail «giltzarri» dira aldatuko direnak, Rementeriaren hitzetan, udalerriekiko harremana sendotzea eta «beharrezkoa den lurralde berdintasuna» indartzea helburu.

«Politiken aldaketa»

Moldaketak ikusita, EH Bilduk esan du, diputazioaren «karguak ordezkatzea bainoago», haren politikek «aldaketa sakon bat»behar dutela. Ohar batean, Bea Ilardia bozeramaileak nabarmendu du aldundiak egin beharreko aldaketak ezin direla «kargu batera edo bira mugatu», «sakonagoak» izan behar dutela herrialdeak dauzkan «erronkak» kontuan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.