Bihar hasiko da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarako hauteskundeetarako kanpaina, eta giroa berotzen ari da. Bi hautagai egongo dira, azken deialdietan ez bezala: Eva Ferreira —egungo errektorea— eta Joxerramon Bengoetxea. Gaur, Bengoetxeak esan du «harrituta eta atsekabetuta» dagoela, Ferreiraren jarrera dela eta; Bengoetxearen esanetan, Ferreirak uko egin dio hauteskunde eztabaida irekietan parte hartzeari.
Bi kasu azaldu ditu Bengoetxeak. Ziurtatu duenez, Ferreirak uko egin dio EITBk proposatutako telebista eztabaidetan parte hartzeari, eta, gainera, Ikasle Kontseiluari «zailtasunak» ipintzen ari da ikasleen aurrean eztabaida bat antolatzeko: «Ateak itxita eta jenderik gabe izatea eskatu du. Unibertsitateak izan beharko lukeenaren antitesia da: eztabaidarako eta ideiak trukatzeko gune irekia izan beharko luke». Horregatik, Ferreirari galdegin dio bere jarreraz berriro hausnartzea.
Ferreirak mezu bat zabaldu du sare sozialetan. Bertan jarri duenez, «oso pozik» dago Ikasle Kontseiluak kanpainaren «telebista eztabaida» antolatu duelako, Iñigo Ugedo Ikasle Kontseiluko lehendakariak gidatuta, «unibertsitatetik eta unibertsitatearentzat». Erantsi du gogo handia duela «ideiak eta programak kontrastatzeko».
Ugedok azaldu du gertatutakoa. Haren esanetan, Ikasle Kontseiluak aurreko ikasturtearen amaiera aldera jarri zuen mahai gainean eztabaida publikoa egiteko nahia, «ikasleen galderei edo zalantzei buruz eztabaidatzeko». Aurrez aurreko ikusleekin egin nahi zuten, ez streaming bidez: «Bengoetxearen taldeak ondo ikusten zuela esan zuen, eta hiru campusetan egiteko aukera ere planteatu zuten. Baina Evaren taldeak esan zigun streaming bidez egin nahi zuela. Eta streaming bidez egitea ez zitzaigun egokia iruditzen, ez delako era berean helduko».
Azkenean, aste honetan ikasleek esan zieten errektoregaiei aurrez aurre egingo zutela eztabaida, ikasleak bertan zirela, Leioako campuseko areto nagusian: «Atzo Bengoetxeak esan zigun etorriko zela, eta gaur Ferreirak». Zehaztapena ere egin du Ugedok: «Ikasle Kontseiluaren asmoa neutralak izatea da, ikasleek hauteskundeak daudela jakitea eta botoa ematera joatea».
Botoa eman ezinda
Beste salaketa bat ere egin du Bengoetxeak. Hauteskunde Batzordeari galdegina zion bermatzeko kanpoan dauden EHUko kideen boto eskubidea, baina, gaur jakinarazi duenez, Hauteskunde Batzorde Nagusiak ukatu egin du eskaera hori. Errektoregai horren arabera, kide asko dira mugikortasun programetan parte hartzen ari direlako-eta atzerrian daudenak, eta horregatik du garrantzia eskabideak.
Bihar agerraldia egingo du Bengoetxeak, salaketa horien inguruko xehetasunak emateko.