Osasuna. Murrizketak

Bengoak arreta ziurtzat jo arren, hiru etorkini dirua eskatu diete erietxean

Txagorritxun hiru atzerritarri kobratu egin nahi izan dietela adierazi dute sindikatuek; tartean dago haurdun zegoen emakume batJaurlaritzak auzitara joko du osasun arretari eusteko, eskumena EAEk duela argudiatuta

Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak antolatuta, etorkinak artatzen ari diren itxura eginez egin zuten protesta abuztuan Iruñean. LANDER F. ARROIABE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Osasun agintariak gauza bat esaten eta erietxeak beste bat egiten ari direla salatu dute sindikatuek: Txagorritxuko ospitalean hiru etorkini behintzat dirua eskatu diete kasu egiteko, osasun txartelik ez baitute. ELAk, LABek eta ESK-k egin dute salaketa. Noiz eta Eusko Jaurlaritzak iragarri duenean auzitara joko duela etorkinei osasun arreta ematen jarraitzeko.

Abuztukoak dira Txagorritxun atzo salatutako kasuak. Sindikatuen arabera, agindu bat bidali zuten erietxeko larrialdi zerbitzura: «Medikuei jakinarazi zieten txartelik gabe etortzen direnei agiri bat sinarazi behar dietela, esanez gastuak beren gain hartuko dituztela». Arantza Armentia ESK-ko ordezkariak azaldu du hiru kasu egiaztatu ahal izan dituztela. «Badakigu, ordea, kasu gehiago egon direla, baina ezin ditugu frogatu».

Hiru horietatik bi «kasu arinak» ziren ustez. «Hala uste dugu. Uste, ezin baitzitzaien azterketarik egin». Bi etorkinek uko egin zioten gastuak beren gain hartuko zituztela sinatzeari, eta bota egin zituzten erietxetik, sindikatuen esanetan. Hirugarren kasua larriagoa zen: «Nigeriako andre bat zen. Haurdun zegoen, eta erditzera iritsi zen ospitalera. Zenbat kostatuko zitzaion kalkulatu eta guzti egin zioten». Ez zuen sinatu hark ere, baina artatu egin zuten.

Abuztuan gertatu zen hori, Espainiako Gobernuaren neurriak indarrean jarri aurretik. «Garai hartan Rafael Bengoa sailburua esaten ari zen Euskadin ez zietela arreta kenduko etorkinei». Armentiak argitu du agindua erietxeak eman zuela; arduradunari inork ez dio kontu hartu, hala ere.

Bengoak ez du gezurtatu salaketa. Ospitaleak hori egitea bidezkoa izan daiteke, haren esanetan: «Litekeena da etorkin horiek ez betetzea osasun arreta jasotzeko baldintzak». Sindikatuek berri eman dute salaketa egin eta gero atzera egin duela erietxeak, paperik ez sinarazteko agindu duela. Berandu izango da batzuentzat. «Kasuren batean agiria sinatu dute. Ez dakigu zer gertatu den haiekin», adierazi du Armentiak.

Iragarritako helegitea, asteon

Sindikatuek ohartarazi dute erditzera joandako andreari dirua eskatzea legez kanpokoa ere badela; Madrilgo gobernuak berak ere esana du haurdun dauden guztiei osasun arreta bermatu behar zaiela. Bengoaren erantzuna: «Sindikatuek kanpainari ekin diote».

Sindikatuen salaketak bat egin zuen atzo Bengoak auzi horri buruz egin zuen agerraldiarekin. Hilabeteetan esan eta esan aritu eta gero, aste honetan joko du auzitara Jaurlaritzak berrordainketa saihesteko eta etorkinei kasu egiten segitzeko dekretuaren alde. Madrilek helegitea jarrita, bertan behera dago dekretua. Helegitea Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarri beharra dauka Jaurlaritzak, hilaren 28a baino lehen.

Hiru argudio nagusi izango ditu helegiteak. Bat: eskumena du Jaurlaritzak. «Legea egiteko ahalmena badugu, oinarrizko legea garatzeko. Azken batean, dekretu horrekin Jaurlaritzak doako osasun zerbitzua zabaldu egin du, erkidegoko bertako baliabideekin». Bi: hori egiteak ez du urratzen legerik. «Ezerk ez digu eragozten [Espainiako] sistema nazionala hobetzea erkidegoan. Are gehiago: ohikoa izan da hori egitea, ez soilik erkidego honetan». Eta hiru: dekretuak ez du ekarriko defizit muga ez betetzea. «Ekonomikoki jasateko modukoa da dekretua. Bertakoen aldean, etorkinek gutxi erabiltzen dituzte osasun zerbitzuak, eta kanpoan utzita, larrialdietan bukatuko lukete, gastu handiagoa sortuta. Botiken gastua egonkortuta dago ordainketa partekatua ezarri gabe ere».

Bengoak nabarmendu du auzitan dauden bi neurriek —paperik ez duten etorkinei osasun arretarik ez ematea eta botikak berrordaintzea— aurrerabiderik ez dutela ekarriko. «Eztabaida faltsua sortzen ari da: bi neurri horiekin ez da jasangarri egingo osasun sistema». Datuak jarri ditu: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, osasunean gastatzen diren sei eurotik bat eskas erabiltzen dute etorkinek. «Horiei kasu ez eginda ez da aurreztuko; gehiago gastatu bai gero, larrialdietara joatean». Berdin botiketan ere. «Azkenean, neurri horiekin arriskua dago gaixoak kontrolatuta ez izateko. Larrialdietan amaituko dute».

Epaia, urtarrila baino lehen

Jaurlaritzaren argudioak aztertzeko eta epaia emateko epea badauka Konstituzionalak: urtarrilaren 20a. Eta zer gertatuko da bitartean, Jaurlaritzaren dekretua bertan behera egonda? Bengoa: «Orain arte bezala jarraituko dugu, Konstituzionalak ezer esan arte behintzat». Horrenbestez, erretiratuek ez dute botikarik berrordainduko, eta langileek, %40, orain arte bezala. Nafarroan edo Espainian sendagaiak berrordaintzeko agintzen dieten arabarrei, bizkaitarrei eta gipuzkoarrei dagokien zatia bueltatzen hasia dela jakinarazi du Osasun Sailak.

Paperik ez daukaten etorkinek arreta aurrerantzean ere izango dutela berretsi du Bengoak. Hori bai, baldintzak izango dituzte; besteak beste, erroldan urtebetez gutxienez egon beharko dute, eta medikua pagatzeko bitartekorik ez daukatela frogatu. Bertan behera utzitako dekretuak hori dio. Eta auzitegiak erabaki arte? «Hor ere orain arte bezala jarraituko dugu: erroldan egotea eskatuko diegu immigranteei, eta agiri bat emango zaie behin-behinean». Baldintza horiek jartzeak izan dezakeen kezka agertu dute Txagorritxuko sindikatuek, abuztuan zer gertatu zen ikusita: «Herritarrak ezberdin tratatu behar ditugula, mezu hori hedatzen ari da».

Galdera gehiago Bengoari: ikusita inguruko herrialdeetan trabak daudela, gerta daiteke paperik ez daukaten atzerritarrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetara jotzea? «Ez. Nola edo hala, erkidego guztietan segituko dute zerbitzu ematen». Nafarroan, adibidez, guztiei kasu egiten ari direla esan zuen atzo bertan Marta Vera Osasun kontseilariak, izandako salaketak gezurtatuz: «Agindu hori eman dugu, eta ez dut inolako arazoren berririk izan». Bengoa lasaiago dago hori jakinda: «Ez dut uste ministerioa gure kontra hasiko denik, besteen aurka ere ekin beharko bailuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.