Bengoa: «Norberak eritasun kronikoa kontrolatzen badu, bizitza duina izan dezake»

Osakidetzaren erronkek osasunaren autogestioa dute xede, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren arabera

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
«Euskadik duen erronkarik handiena» da osasun sistema gaixo kronikoen beharrei egokitzea, Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzetan. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 90.000 eri kroniko gehiago daude urtero. Adin tarte guztietan gertatu da gorakada, baina biztanleria zahartzen ari den neurrian, hazkundea nabarmenagoa da 65 urtetik gorakoen artean. Hala ere, baikor agertu da Bengoa: «Norberak dauzkan gaixotasun kronikoak kontrolatzen baditu, bizitza duina eta eramangarria izan dezake».

Sailburuak gogora ekarri du, baina, orain arte patologia akutuei erantzuteko egon dela antolatuta osasun sistema, hau da, epe jakin batean amaitzen ziren eritasunak artatzeko. Abagune berriak beste antolakuntza bat eskatzen duela esan izan du behin baino gehiagotan, eta, horren harira, EAEn kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategia landu du Jaurlaritzak. Horren barruan hamalau proiektu abiatu zituela iragarri zuen Bengoak ekainean, eta atzo horien berri eman zuen, Bilbon eginiko agerraldi batean. Hona hemen datozen urteotan garatuko diren ildo nagusiak:

1. Gaixo «aktiboak»

Kronikotasuna «modu integralean» jorratu nahi du Osasun Sailak, unean uneko arazoekin lotutako arretatik zaintza globalera igarotzeko. Planteamendu horren barruan erantzukizuna banatuta dago, osasun sistemaren eta eriaren artean. Hala, osasunaren autogestioa bultzatu nahi du Bengoak, hezkuntzaren bidez «gaixo aktiboak» sortuz: «Hamar eritasun dituen batekin zailagoa izango da, baina diabetesa duen bati bere osasuna kudeatzen irakats dakioke». Bestalde, prebentzioaren bidez eritasun kronikoak agertzea saihestu nahi du, eta era berean, osasun orokorra hobetu.

2. Antolakuntza

Gaixo kronikoak osasun sistemaren «radarrean» jarri nahi ditu Jaurlaritzak. Alde batetik, eriei buruzko informazioa antolatzeko beharra nabarmendu du Bengoak, baita arrisku mailaren arabera sailkatzekoa ere; tratamenduen eraginkortasuna hobetzeko, lehen harrerako zentroek eta ospitaleek informazio hori partekatuko dute.

Halaber, gaixoekiko harremana estutu nahi du Osasun Sailak; adibidez, koordinazioko erizainen eginkizuna sustatuko du, gaixoari lagun diezaioten osasun sisteman egin beharreko ibilbidean.

3. Azpiegiturak

«Komunitatearen barruko eta etxeko zaintzak» sustatzeko asmoa du Osakidetzak, gaixo kronikoek ospitalean ematen duten denbora murrizte aldera. Edonola ere, ospitaleratuta egon behar dutenentzat eri konikoentzako zentro bereziak eraikiko direla uste du Bengoak; Gasteizen halako bat dago aurreikusita, baina Gipuzkoan eta Bizkaian beste bana behar izango direla erantsi du sailburuak. Ikerketa zentro bat ere jarriko da martxan.

4. Teknologien erabilera

Arreta pertsonala teknologia berriekin partekatu behar dela uste du Bengoak. Etxean dauden gaixoen jarraipena egin ahal izateko, Osarean eta telemedikuntzarekin lotutako beste egitasmo batzuk jarri dituzte martxan. Eriari buruzko informazio mediko guztia bilduko duen errezeta elektronikoa abiatuko dela ere esan du.

@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.cronicidad.euskadi.net
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.