Bengoa: «Neutral izaten saiatzen gara gu; poloetan daude besteak»

Osakidetzaren LEPeko euskararen «neurriz kanpoko» balorazioaz galdetu dio Maneirok osasun sailburuari

2009ko apirilean Osakidetzaren lan eskaintza publikoa salatu zuen EHEk. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Ez gaude ados euskararen balorazio egokia zer den zehaztean». Blanca Roncal PSE-EEko legebiltzarkideak argi erakutsi zuen atzo Eusko Legebiltzarrean egin zen osasunari buruzko kontseiluak islatu zuena. Osakidetzaren LEP Lan Eskaintza Publikoan euskarari eman beharko litzaiokeen pisuaren gaineko eztabaidak ez zuen adostasunik ekarri maiatzean, Rafael Bengoa Osasun sailburuak eskaintza berria aurkeztu zuenean. Eta atzo legebiltzar taldeek egin zuten kontseiluan ere, ez ziren politikarien iritziak elkarrengana gerturatu.

UPD alderdiko legebiltzarkide Gorka Maneirok eraman zuen gaia kontseilura, Osakidetzaren LEPean hizkuntza irizpideak «ez aldatu izanaz» eta euskararen «neurriz kanpoko» balorazioaz galdegin baitzion hark Rafael Bengoari. Haren hitzetan, erdaldun elebakarren aurkako «diskriminazio linguistikoa» sustatzen segitu du Eusko Jaurlaritzak azken lan eskaintza publikoaren bidez. «Euskaraz jakitea beharrezkoa ez den lanpostu batean» aritzeko hizkuntza hori «erabakigarria» izatea ere salatu zuen UPDko kideak. PSE-EEren «konplexuei» egotzi zien hark Jaurlaritzak «aldaketa esanguratsurik» ez egin izana, eta beste alderdien presioei men egitea leporatu zion Bengoari. Eta hari berari eutsi zion PPko legebiltzarkide Laura Garridok ere, eta euskarari eman zaion garrantziak «disfuntzioak» eragin dituela erantsi zuen.

Aralarreko kide Dani Maeztuk, berriz, adierazi zuen UPDk eta PPk «errepikatzearen errepikatzeaz» beren «gezurra» sinetsi egin dutela. Haren aburuz, gaztelania da neurriz gaindiko pisua duena, legez elebiduna den gizartean, euskara hizkuntza koofizial duen gizartean. Administrazioarekin harremanean euskaldunen hizkuntz eskubideak urratu egiten direla gogorarazi zuen. Bidenabar, Osasun sailburu izanik, elebakar izateak bere jarduna oztopatzen ez ote duen galdetu zion Bengoari. Eta hark baietz, etorkizunean aldatu egin beharko dela: «Kontseilariak elebidunak izango dira aurrerantzean. Ez dakit euskaraz, eta konplexurik gabe bizi dut hori, baina jakin badakit onuragarria litzatekeela etorkizunean datozenek euskaraz jakitea».

«Rol bihurrituak»

EAJko kide Josune Gorospek ere salatu zuen UPD, PP eta PSE-EEren «gezur» hori: «Hizkuntza minorizatua izanik, pribilegiatua balitz bezala erakutsi dute euskara, hizkuntzaren rola erabat bihurrituz». Horrez gain, ezagutza eta euskara kontrajarri izana leporatu zion Gorospek Bengoari. Jaurlaritzak euskararen eskakizuna murrizteko argudiotzat du atzerritik datozen medikuei lanerako aukera ematea, osasun sistema aberaste aldera, betiere. Eta horri ere heldu zion Maeztuk: «Hendaiako [Lapurdi] mediku batek zein aukera izango luke Osakidetzan lan egiteko gaztelaniaz hitz egingo ez balu?».

Kontuak kontu, euskarak osasun sistema publikoan jarduteko beharko lukeen garrantziari buruzko eztabaida «irtenbiderik ez duen arazo bat» dela ondorioztatu zuen Bengoak. «Gai gehiegitxo polarizatzen dira Euskadin», adierazi zuen osasun sailburuak. «Nabarmena da honek soluziorik ez duela». Jaurlaritza «oreka» bilatzeko ahaleginetan dela berretsi zuen, eta legebiltzar taldeen posizioari kritika egin zion: «Neutral izaten saiatzen gara gu; besteak, ordea, poloetan daude». Haren iritziz, osasun sistemari dagokionez, ez litzateke euskara izan beharko beti kezka eta eztabaidaren ardatz, lanpostu publikoak desegiten diren garaiotan 2.600 sortu izana baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.