Ehunka lagun bildu ziren atzo Irungo (Gipuzkoa) udaletxearen aurrean, «dolu eta salaketa» protesta egiteko. Migrazio bidean aurten Euskal Herrian hil den zazpigarren pertsona da herenegun Bidasoan aurkitu zutena: ibai horretan edo haren inguruan lau hil dira —gutxienez bi itota, eta bat bere buruaz beste eginda—, eta beste hiru trenak harrapatuta hil ziren urrian, Ziburun (Lapurdi).
Irungo Harrera Sareak herenegun oroitu zuen azaroaren 8an iragarri zutela «baldintzak betetzen» ari zirela «migratzaileak Europako iparralderako migrazio bidaian beharrezkoak ez ziren arriskuak hartzera bultzatzeko». Harrera Sarearen esanetan, alde batetik, «gero eta modu zorrotzagoan itxi» dituzte Irun eta Hendaia arteko mugako pasabideak, eta, bestetik, Irunera «pasaeran iristen den pertsona talde bati eskaintzen zaion harrera eskasa» da: «Egun, Irungo zerbitzurako sarrera baimentzen eta kudeatzen dutenek bakarrik ezagutzen dituzten irizpideak ez dituzte betetzen». Gaitzetsi dutenez, asteon «gutxienez» hamar pertsonari ukatu diote Gurutze Gorrirako sarbidea, eta etxeetan hartu dituzte, «diru publikoz Gurutze Gorriak kudeatzen duen [Espainiako] Barne Ministerioaren zentroan tokia egonik».
Deitoratu dute erakundeak migranteen bizitzekin «jolasten» ari direla, «Frantziara iristeko eta haren ertza 100 metrora ikusia duten etsipenaren baitan»: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udala aipatu dituzte espresuki. «Kalean lo egin behar izatearen perspektibaren aurrean igerian pasatzeko arriskua hartzera laguntzen ari dira; izan ere, behin eta berriz esaten dugu pertsonekin jolasten dutela elkarlanerako zantzurik gabe erakunde bakoitzaren irizpide eta eskumenetan babestuz». Eskatu diete «gehiago» egiteko.
Gaurko ere giza katea antolatu dute Ipar Euskal Herriko harrera taldeekin elkarlanean: 19:00etan egingo dute, Santiago zubian.
Migrantea
Endarlatsa inguruan atzeman zuten larunbatean gazte migrantearen gorpua, Irunen, Nafarroarekiko mugan. Padel surfa egiten ari zen kirolari batek aurkitu zuen, 11:00ak aldera, eta, abisua eman ondotik, suhiltzaileak eta Ertzaintza bertaratu ziren, baita helikoptero bat ere. 12:00ak aldera atera zuten gorpua uretatik, eta Donostiako Auzitegi Patologiako Zerbitzura eraman zuten, han autopsia egiteko. Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, hildakoaren identitatea bilatzea «erraztu» dezaketen hainbat dokumentu atzeman dizkiote.
Atzo arratsaldean jakin zenez, Boli Kostatik zetorren gizona (ez dute baieztatu hangoa denik), eta 38 urte zituen. El Ejidoko (Espainia) anbulatorioan COVID-19aren aurkako txertoa hartu zuela zioen dokumentu bat zeraman gainean, eta Jaurlaritzak baieztatu du bere zerbitzuek ez zutela sekula artatu. Sasoikako langilea zela uste dute ikertzaileek.
Europari eskea
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak Europari egin diote soluziorako galdea. Legarreta: «Zoritxarrez, halako gertakariak pasatu egingo dira Europak pasaeran dauden pertsonentzat bide seguruak sortzen ez dituen bitartean». Olanok «borondate politiko irmoa» eskatu dio Europari, eta adierazi du «migratzaileen errealitateari ahalik eta erantzun egokiena» emateko «lankidetza estuan» jarraituko dutela gainontzeko erakundeekin. Santanok eskatu du «birplanteatu» daitezela «mugako kontrolak», migranteak «bizitza arriskuan» jartzera bultzatzen baitituzte. Frantziako Gobernuari ere egin dio eskaera.