«Uste dugu Euskal Herrian posible dela bakea lortzea». Halaxe adierazi du Jexux Mari Mujikak, Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko bozeramaileak, duela hamabi urte ETAk hildako enpresaburuari eginiko omenaldian. Horretarako, politikariei «zintzo eta azkar» aritzeko deia egin die, nahiz eta gaineratu duen oraindik jende asko dagoela «bakearen bidea ireki ez baizik itxi» egin nahi duena. Bestalde, «injustiziagatik» sufritu duten guztiekiko «begirunea eta errespetua» erakutsi du. Mujikak esan du Joxe Mari Korta asko poztuko litzatekeela ETAren jarduera armatua behin betiko uzteko erabakia ezagutu izan balu: «Urte luzetan espero izan zuen horrelako berri bat, baina erail egin zuten». Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko presidentea zen Korta garai hartan, eta bere enpresa aurrean hil zuen ETAk, bonba auto batekin.
Hamabost minutuko isilunearekin hasi da Bidetik fundazioak antolatutako bilkura, eta bertan izan dira, senide eta lagunez gain, alderdi eta erakundeetako ordezkariak; besteak beste, Joseba Egibar eta Markel Olano (EAJ), Pello Urizar (EA), Carlos Urkijo (PP) eta Maite Sarasua (Aralar). Iñaki Agirrezabala Zumaiako alkatea eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere (Bildu) bertan izan dira, baita Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria ere. Amaieran, Kortaren seme batek eskua luzatu die.
Garitanok sortu «ikusmina»
Ikusmina eta eztabaida piztu du Garitano joan izanak. Egibarrekadierazi du kontua ez dela «egotea edo ez egotea», herriaren aurreko «sinesgarritasuna» baizik: «Badakigu nola pentsatzen zuen eta nola pentsatzen duen». Ezker abertzaleari ere mintzatu zaio Euskadi Irratian egindako elkarrizketan; herri honi azalpen bat zor diola ohartarazi dio: «Nork hartuko du azken hiru hamarkadetako estrategia politiko militarraren ardura?», galdetu du. Urkijo, berriz, gainontzeko ordezkari politikoengandik bereizita egon da bilkuran; haren ustez, Garitano Kortaren hilketaren «arduradun politikoetako bat» da. Garitanok ez du adierazpenik egin, Korta sendiarekiko «errespetuz».
Bilkuraren amaieran, Mujika Bidetik fundazioko bozeramaileak gogorarazi du ekitaldiko protagonistak Korta eta haren familia direla. Esan du halakoak ez direla erabili behar alderdien arteko lehiarako eta komunikabideek ere horretan lagundu beharko luketela.
«Bakegintzarako» deia
ETAk jarduera armatua behin betiko uzteko erabakia jakinarazi zuenetik, aurtengoa izan da Korta hil zuteneko lehen urtemuga. Indarkeriari uko egiteaz gain, ETAk «benetako autokritika» egin beharra dauka, Mujikaren ustez. Politikariei dagokienez,esan du gizarte zibilak gero eta gehiago exijitzen diela bakearen bidean «zintzo» saiatzeko.
Hala ere, oraindik «eragozpen asko» dagoela aitortu du, oraindik jende asko baitago bide hori ireki nahi ez duena, Kortaren Bidetik fundazioko bozeramailearen arabera. «Injustiziagatik» sufritu duten guztiekiko «begirunea» agertu ondoren, esan du etorkizunari esperantzaz begiratzeko «gorrotoa eta mendekua gainditzeko jokabideak» beharko direla: «Badakigu zaila dela, baina beharrezkoa da, oinarrizkoa».
«Benetako autokritika» eskatu diote ETAri Kortaren Bidetik fundazioko kideek
Bilkura isila egin dute, duela hamabi urte ETAk hil zuen lekuan; bertan izan da Garitano ahaldun nagusia ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu