Azkenengo bost urteetan torturaren erabilera saihesteko zein neurri hartu dituen, hartu baditu, azaldu beharko dio Espainiako Estatuak Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Kontrako Komiteari. Gaur eta bihar izango da hori, Genevako Wilson jauregian (Suitza). Aurten egin behar dituen bi azterketetan aurrenekoa izango du Espainiak. Ekainean izango du bestea, NBEren Giza Eskubidearen Batzordearen aurrean. Orduan, torturari buruz ez ezik, giza eskubideekin loturiko beste hainbat gairi buruz galdetuko diote: besteak beste, 1977ko Amnistia Legeaz, eta baita berriki Espainiako Gorteek onartu dituzten Zigor Kodearen erreformari buruz eta Herritarren Segurtasunerako Legeaz (Isilarazteko legeaz).
Iazko urriaren 17an, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeko kide gisa hartu zuten Espainia. Batzordean sartzeko eginiko proban, Espainiako estatuburuak — orduan izendatu berri zen Felipe VI.a Borboikoak— erakundeko kide diren estatuen aurrean azaldu zuen Espainiak giza eskubideen defentsan azken 40 urteetan eginiko lana. Aintzat hartu zituzten haren azalpenak, baina aurtengo bi azterketetan neurtuko ahal izango dute horien sinesgarritasuna.
Gaur hasiko den azterketa torturari lotua izango da erabat; horri aurre egiteko neurriak izango dituzte hizpide Espainiako Estatuko enbaxadako ordezkariek, Torturaren Kontrako Komitearen beraren eta giza eskubideen defentsaren alorrean ari diren hainbat talderen galderei erantzunez. Funtsean, oinarri gisa izango dituzte Espainiak 1985ean sinatutako Torturaren Aurkako Nazioarteko Hitzarmena eta 2000. urtean izenpetutako Istanbulgo Protokolo Fakultatiboa—zeinak, besteak beste, tortura kasuen dokumentaziorako eta analisirako eta salaketen egiazkotasuna frogatzeko balio duen—. Maiatzaren 15ean kaleratu du ondorioen txostena Komiteak.
30 urtean seigarren azterketa izango du Espainiako Estatuak Torturaren Aurkako Komitearen aurrean. 2009ean egin zuen azkena. Orduan, batzordea kezkatuta azaldu zen inkomunikazio aldian ez zirelako atxilotuen eskubideak bermatzen, eta neurri hori amaitzea galdegin zion. Halaber, tortura salaketen jarraipen judiziala egiteko eta ikerketak bururaino eramateko eskatu zion. Gomendio horiek bete beharrekoak dira, Espainiak sinatutako nazioarteko hitzarmenei jarraikiz, baina aurretik egindako hainbat ez dituela bete ohartarazi zuen orduan ere Komiteak. «Egia da txosten horietako hainbat gomendio ez dituela betetzen Espainiak, eta frustragarria izan daitekeela; baina dokumentazio gisa gelditzen dira txosten horiek, eta oso erabilgarriak izaten dira salaketak jartzerakoan, adibidez», azaldu dio BERRIAri Iratxe Urizarrek, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko kideak.
Komiteko estatu kideez gain, azterketan parte hatuko dute Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia eta Argituz elkarteek, Espainiako beste erakunde batzuekin batera. Atzo bildu ziren taldeotako kideak Komiteko ordezkariekin. «Gaur [atzo] eginiko saioan Euskal Herriko ordezkariek egin genituen hitzartze luzeenak», azaldu du Urizarrek.
Behatokiak 2009tik 2015era arte jaso dituen tortura salaketak dokumentatu egin ditu eta horiek adibide gisa erabili ditu Torturaren Aurkako Nazioarteko Hitzarmeneko zein artikulu urratu diren azaltzeko. Argituz-ek, berriz, iaz plazaratutako Inkomunikazioa eta tortura, Istanbulgo Protokoloan oinarritutako analisi egituratua izeneko txosten zientifikoa aurkeztu du Komitearen aurrean. Txosten horren bitartez Argituz-ek egiazkotzat eman zituen 45 tortura salaketa.
«Ez da ezer aldatu»
Behatokiak batzordearen esku utzi duen txostenaren arabera,«ezer ez» da aldatu 2009ko azterketatik. Orduan eginiko kritika eta salaketa «guztiak» oraindik ere indarrean daudela ohartarazi du Urizarrek. Batzordearen aurrean azpimarratu du azkenengo bost urteetan tortura salaketa gutxiago jaso dituela Behatokiak, baina zehaztu du hala izan dela atxiloketa «gutxiago» izan direlako, ez atxilotuen inkomunikazioa gutxiago erabili delako. «Inkomunikazioak indarrean jarraitzen du, horrek dakarren ondorio guztiekin, luzez komite honek eta nazioarteko beste erakunde batzuek kritikatu dituztenak».
Bere hitzartzean Behatokiko kideak gogor kritikatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile instruktoreen jarrera, inkomunikatuta dauden atxilotuen egoerari buruz interesik ageri ez dutelako, eta haiek eta auzitegiek oro har ikerketen ez dituztelako tortura salaketak. Ezbaian jarri du, halaber, Auzitegi Nazionaleko medikuen txostenen kalitatea. Atxiloaldiaz gain, espetxeetako egoera ere azpimarratu du, terrorismoaz akusatuta edo zigortuta dauden presoei ematen zaien salbuespeneko tratuak tortura zuria deiturikoa ahalbidetu dezakeelakoan. Azkenik, euskal gatazkarekin loturiko auzietan —eta baita tortura salaketekin ere— lan egiten duten abokatuen aurkako polizia operazioak gogoratu ditu.
Kasu «esanguratsuak»
Horiek guztiak kontuan hartuta, Behatokiak salatu du Espainiak, 2009-2015 epean, Torturaren Aurkako Nazioarteko Hitzarmeneko bost artikulu urratu dituela, eta horiek azaldu ditu urtez urteko gertakari «esanguratsuen» bidez; besteak beste, gogora ekarri ditu gazte independentisten aurka eginiko hainbat polizia operazioetan gertatutakoak, Ekin erakundearen aurkakoan, edota abokatuen kontrakoetan. «Zifra eta datu hotzetatik haratago, zer gertatzen den ulertzeko oso baliagarriak dira adibide zehatz hauek: atxiloketa unean zer gertatzen den ulertzeko balio dute, zergatik ez diren salaketak ikertzen, zergatik dagoen inpunitatea».
Atxiloketei buruz, Behatokiko kideak gogoratu du, atxilotuak inkomunikatu zein ez, habeas corpus eskaera guztiak —epailearen aurretik berehala pasatzeko eskubidea— atzera bota dituztela Auzitegi Nazionaleko epaileek, nahiz eta auzi medikuen txostenek atxiloaldian izaten ari ziren zenbait irregulartasunen berri eman: izan, ospitaleratzeak, izan atxilotuen tortura salaketak... Txostenean, esaterako, 2011ko urtarrilean atxilotutako Jon Patxi Arratibelen kasua azpimarratzen da; Aztunugal sinadura erabili zuen Arratibelek (laguntza, alderantziz), ustez euskara ulertzeko gai den Fernando Grande-Marlaska epailearentzako auzi medikuaren txosten batean.
Horrekin lotuta, Behatokiaren txostenean beste bi kasu aipatzen dira: 2012an atxilotutako Iñaki Igerategi eta Inaxio Otanorenak eta 2014n atxilotutako Tomas Madinarenak. Hirurak salatu zituzten torturak, baina epaileek oraindik ez dute neurri bakar bat ere hartu: ez dituzte auzi medikuen txostenak eskatu, adibidez. Hori, baina, ohikoa dela salatu du Urizarrek. «Tortura salaketa bakarra egonik ere, epaileen eta auzitegien obligazioa litzateke, eta da, ikerketa abiatzea». Aztertutako denbora epean eta Auzitegi Nazionalarekin loturiko kasuetan, dena den, salaketa bakar bat ere ez da ikerketa bidean jarri. «Epailearen jarrera ez ezik, auzi medikuen txostenak oso eskasak dira, eta ezin dira froga moduan erabili. Hori ere bada elementu bat salaketek aurrera ez egiteko»
Atxiloaldia bideokameraz une oro grabatzeko obligazioari buruz ere, hori betetzen ez dela frogatzen duten adibideak jarri ditu Behatokiak bere txostenean. Urizarrek salatu du betebehar hori ez dela inoiz bete aztertutako epean. Besteak beste, Ertzaintzak 2009an atxilotutako Manex Castro gaztearen kasua gogoratu du, eta azaldu nola Eloy Velasco epaileak ez zuen aintzat hartu abokatuak grabazioak eskura zitzan eginiko eskaera.
Denera, hamabost gertakari jasotzen ditu Behatokiaren txostenak. Eta ondorioak «ugari» izan arren, Urizarrek bi nabarmendu ditu. «Espainiako Auzitegi Nazionalean joera aldaketa bat nabari dugu; besteak beste, komisaldegietan eginiko deklarazioak froga moduan ez erabiltzeko. Baina Komitearen aurrean ohartarazi dugu orain arte ez dela horrela izan, eta pertsona asko daudela espetxe zigorrak betetzen legez kanpoko deklarazioetan oinarrituta». Gauza bera egin du beste datu batekin. «Egia da jaitsi egi direla tortura salaketak, baina orain arte egindako tortura salaketak ez dira ikertu, eta itxi egin dira inolako pausorik eman gabe», azpimarratu du Urizarrek.
Bendek ezkutatzen dutena
Nazio Batuen Torturaren Aurkako Komiteak azterketa egingo dio Espainiako Estatuari, gaur eta bihar.Duela bost urte jasotako gomendioetatik bakar bat ere ez duela bete salatu du Behatokiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu