Beñat Zaldua 'Gara'-ko kazetariak jaso du Rikardo Arregi Kazetaritza saria

Pandemia ardatz duen 'Nola iritsi gara honaino?' serieagatik jaso du aitortza Zalduak. 'Basilika' kultur podcastak irabazi du komunikazio saria

Kazetaritza sariko finalistak, atzo, Andoaingo Basteron. JON URBE / FOKU.
Julen Aperribai.
Andoain
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Koronabirusari ertz askotatik heltzen dion erreportaje sorta bat saritu du epaimahaiak aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarietan: urte hasieran Beñat Zaldua Gara-ko kazetariak argitaratutako Nola iritsi gara honaino? seriea. Atzo egin zuten sariak emateko ekitaldia, Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean. Martin Ugalde idazle, kazetari eta euskaltzalea oroitzeko ere baliatu zuten, haren jaiotzaren mendeurrena igaro berritan.

Zortzi artikuluko lana plazaratu zuen Zalduak, Iker Morenoren ilustrazioez jantzirik. Epaimahaiaren esanetan, «historia humano baten dibulgazio saio indartsua, aberatsa, zorrotza eta erakargarria» ondu zuen kazetariak.

Harriturik jaso zuen saria Zalduak. «Eguneroko gurpiletik atera» ahal izateak baimendu zion halako lan bat osatzea, aitortu zuenez. Eskerrak eman zizkien senideei, hurbilekoei, eta, batik bat, Gara egunkariaren inguruko komunitateari. «Haiek gabe, ez litzateke posible».

Gara-ko kazetariarekin batera, finalisten artean zeuden BERRIAren bi lan: udan argitaratu ohi den Ahomentan elkarrizketa seriea eta Urtzi Urrutikoetxea kazetariak Mundua saileko Leku-lekutan atalean publikatzen dituen artikuluak. Baita, bestalde, Euskadi Irratiko Faktoria saioa ere, irailean Zaballako espetxean (Araba) egindako saio bereziagatik.

Jokoan zen beste saria, komunikazioarena, Basilika podcastari eman zion epaimahaiak. Podcastak duela urtebete ikusi zuen argia, eta hilean lauzpabost saio sareratzen dituzte. «Proiektu koral» gisa aurkeztu zuten egileek, eta atzean zortzi pertsonako lantaldea dagoela zehaztu zuten.«Eduki kulturalak modu kritiko batean lantzen» ahalegintzen direla azaldu zuten. Oier Aranzabalen Barruan gaude podcasta, sarean euskara ikusarazteko #3000Twitz kanpaina eta euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko Pantailak Euskaraz egitasmoa ziren Basilika ez beste hautagaiak komunikazio saria jasotzeko.

Bederatzina mila euro jasoko dituzte kazetaritza eta komunikazio sarietan gailendutakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.