Beltzunea betikotu ez dadin

Osakidetzako lan eskaintza publikoetan euskara aintzat hartzeko eskatu du Behatokiak. Hala egin ezean, hizkuntza eskubideak urratuko direla ohartarazi dute.

Hizkuntza eskubideak ez dira beti bermatzen Osakidetzan. Irudian, euskaraz egiteko eskatzen duen txartel bat, Zumarragako Ospitalean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
maddi ane txoperena iribarren
2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Medikuarengana joan, eta ezin oinazea norbere hizkuntzan adierazi. Sendagilearekin gertuko harremana izatea ezinbertzekoa dela jakina da. Osakidetzan, sarritan gertatzen dira halakoak; herritarren kexak jasotzen ditu Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, eta maiz salatu du eskubideok urratu egiten direla erietxeetako osasun zerbitzuetan. «Urterik urte, Osakidetza izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan herritarrek gehien salatu duten eremua», azaldu du Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak. Aldaketa batzuk izaten dira, tarteka; herritarren borrokari esker lortutakoak, gehienetan; baina, oro har, arazoak berdin jarraitzen duela gaitzetsi du. «Urtero hala izan da: beltzune bezala azaldu da».

Osakidetzak badu euskara plan bat egoera aldatzeko asmoz bultzatua, baina, Petriatiren ustez, ez da errotik iraultzeko aski. Zauria zinez sendatzeko, lan eskaintza publikoak egiteko orduan euskararen irizpidea txertatu beharko litzateke, haren aburuz, eta hori bera oroitarazteko beharra nabarmendu du orain. Izan ere, Osakidetzak abendu hasieran onartu zuen 2014rako lan eskaintza publikoa, eta heldu den bi urteetan ere halako bana egitea du helburu. Horietan euskara aintzat har dadila eskatu du Behatokiak, erietxeetako hizkuntza paisaiak jasaten duen beltzunea betikotu ez dadin.

Pixkanaka, baina mantso

Osakidetzak badaki euskararekin baduela arazoa, eta erantzun egiten die urtero Behatokiak bidalitako salaketei: «Beste administrazio batzuek ez, baina Osakidetzak nahiko sistematikoki erantzuten die herritarren kexei». Erantzuna ez da, ordea, espero bezain egokia izaten, normalean. Urraketak badirela onartu ohi dute, baina langileek euskaraz ez dakitela izaten da gehienetan erantzuna. «Behin eta berriro errepikatzen da lelo bat: pixkanaka eta progresiboki egiten ari direla ahalegina hizkuntza eskubideak bermatzeko,eta, askotan, profesional euskaldunen gabezian jartzen dute gabezien arrazoia». Ez dagoela pediatra euskaldunik, ez dagoela familia mediku euskaldunik, ez dagoela espezialista euskaldunik...

Hori aldatzeko bidea zein den argi du Petriatik: «Zein da gabeziak konpontzeko modua? Zalantzarik gabe, profesional euskaldunak kontratatzea. Bestela, urteak daramatzagu biribilgune berean bueltaka, eta ez da irtenbiderik aurkitzen». Horretarako, hizkuntza eskakizunak modu «mailakatuan» sar daitezela proposatu du, elebitasun osoa lortzea izanik azken helburua.

Kontratazioetan eskakizunik jarri ezean, ondotik lan bikoitza egin behar dela ohartarazi du, gainera. Izan ere, eskubideak bermatu nahi izanez gero, langileek euskaraz ikasi behar dute: «Profesional ez-euskaldunak kontratatzen baldin badira, horiek euskalduntzeko plangintzak egin behar dira, eta horretarako inbertsioak egin, eta dirua gastatu». Baina ez hori bakarrik: langile horiek euskaraz ikasten duten bitartean arazoak segitzen du, eta herritarrei ez zaie euskarazko zerbitzurik ematen. Petriatirentzat garrantzitsua da hori nabarmentzea: «Pertsonez hitz egiten ari gara». Eta adibideak hamaika ditu gogoan: haurra pediatrarengana eraman eta itzulpena egiten ibili behar duen gurasoarena, balorazio psikologiko bat gazteleraz soilik dagoelako galderak ongi erantzun ezin dituenarena...

Hainbat herritan, gainera, urrats bat gibelera egin dutela oroitarazi du. Hain zuzen, herriko medikua euskalduna duten leku batzuetan, ordezkapenak egitera euskaraz ez dakien sendagilea joan izan zaie. Hor ere euskara eskatu beharko litzatekeela erran du Petriatik, adibidez, ordezkapenetarako bi zerrenda osatuz: euskaldunena, eta euskaraz ez dakitenena. Baina gibelerago joanda ere, unibertsitatean egoera errepikatu egiten dela gogoratu du: «Berriki, mobilizazioetan ibili dira Medikuntza Fakultatean, ez dutelako aukerarik, lehen eta bigarren urteak kenduta, ikasketa osoak euskaraz egiteko. Horrek esan nahi du ez dela profesional euskaldunik ateratzen unibertsitatetik». Eta, beraz, euskarazko kalitatezko zerbitzurik ere ez.

Herritarren ahalegina

Guzia ez da, dena den, urraketa eta eskubide gabezia; beltzuneak baditu zenbait argi printza, kexatzearen kexatzeaz lortuak. Zumaian (Gipuzkoa), mobilizazioei esker lortu zuten ordezko mediku erdaldunari uko egitea eta haren partez euskalduna ezartzea. Bertze zenbait arlotan ere egin dira aitzinamenduak: senda-agiriak eta ekografiak euskaraz egin dituzte, adibidez, lehenbiziko aldiz. Guzia, nolanahi ere, herritarren eta osasun arloko langile euskaldunen ekinez. «Argazki argi bat uzten du 2014ak osasun zerbitzuei begira: herritarrak bere eskubideari tinko eusten dionean, lortzen duela eragitea, eta erabaki okerrak atzera botatzea». Hori dela eta, herritarren ahalegina txalotu du, baina lorpenen pisua herritarrengan bakarrik ezin dela utzi argi adieraziz: «Ez da erraza kexaka bizitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.