Beltran de Heredia, Bideguren eta Gil proposatu dituzte senatari izateko

Eusko Legebiltzarraren eginbeharretako bat da EAEri dagozkion hiru senatari autonomikoak aukeratzea; azken legealdietan, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk bana izan dute.

Beltran de Heredia, Senatuan, artxiboko irudi batean. KIKO HUESCA / EFE
Beltran de Heredia, Senatuan, artxiboko irudi batean. KIKO HUESCA / EFE
2024ko ekainaren 10a
13:50
Entzun

Eusko Legebiltzarraren zeregin nagusia Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzea izango da datozen egunetan, baina afera parlamentarioek ez dute etenik, eta bestelako urratsak ere egiten ari dira alderdiak. Horietako bat da Espainiako Senatuan EAEri dagozkion senatari autonomikoak hautatzeko prozesua. Ezusterik ezean, ez da aldaketarik izango, eta EAJko Estefania Beltran de Herediak, EH Bilduko Idurre Bidegurenek eta PSE-EEko Alfonso Gilek jarraituko dute ganbera hartan. Hain zuzen, horiek dira hiru alderdiek proposatutako hautagaiak.

Eusko Legebiltzarra eratu berritan egin beharreko lanetako bat da senatariak hautatzea, eta kargu horietarako hautagaiak aurkezteko epea bihar amaitzen da. Hala, alderdiek jada aurkeztu dituzte eurenak, eta ez da aldaketarik izango. Lehendakariaren izendapenaren osteko bilkuran egingo da horiek hautatzeko bozketa; baliteke ekainaren 27an izatea.

Lau urte atzera eginda, Eusko Legebiltzarreko kideek Beltran de Heredia, Bideguren eta Tontxu Rodriguez (PSE-EE) aukeratu zituzten senatari karguak hartzeko. Azken horrek, baina, Senatua utzi zuen 2021ean, Justiziako estatu idazkari izateko. Haren lekua, hain zuzen, Gilek hartu zuen.

Gaur egun, Beltran de Heredia jeltzaleen eleduna da Senatuan. Aurrez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu izan zen, baita legebiltzarkide eta Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza diputatu ere, besteak beste. Bideguren, berriz, 2019tik ari da Senatuan lanean; aurrez, Bermeoko (Bizkaia) alkate izan zen. Azkenik, Gil Bilboko Udaleko zinegotzi izan zen, baita alkateorde ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.