Beltran de Herediak gobernua utziko du

Aurreko bi agintaldietan Segurtasun sailburu izandakoa Espainiako Senaturako proposatuko du EAJk. PSE-EEk Tontxu Rodriguez aukeratu du.

Estefania Beltran de Heredia. LUIS TEJIDO, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko irailaren 3a
11:58
Entzun

Inbestidura saioan Iñigo Urkulluk bere hitzaldia amaitu eta berehala, EAJk ohar bat bidali du adieraziz Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburu izandakoa proposatuko duela Eusko Legebiltzarrean Espainiako senatari izateko. Gaur bertan erregistratu du bere proposamena parlamentuan. Ia aldi berean, PSE-EEk jakinarazi du Tontxu Rodriguez proposatuko duela. Okerrik ezean, bi horiek Idurre Bideguren EH Bilduko kideari gehituko zaizkie Eusko Legebiltzarrak aukeratu behar duen senatari hirukotean. Irailaren 24ean egingo da bozketa Legebiltzarrean.

Beltran de Herediak, beraz, ez du jarraituko Eusko Jaurlaritzan. Segurtasun Sailaren ardura izan du azken bi legegintzalditan, 2012tik. 1995etik 2007ra ere izan zen parlamentaria Eusko Legebiltzarrean. Orain, Madrilen Jokin Bildarratzek zuen tokia hartuko du. EAJk azaldu du EBBk hartutako erabakia izan dela, eta, halaber, eskerrak eman dizkio Bildarratzi azken zortzi urteetan Madrilen egindako lanagatik.

Eusko Legebiltzarrak hiru senatari izendatu behar baditu ere, atzo EH Bilduk egin bezala, bakarra proposatu du EAJk ere. «Goi Ganberan dauden beste bi euskal ordezkariak Gasteizko Ganberan ordezkaritza handiena duten hurrengo bi alderdietakoak izatea erraztu du» horrek, jeltzaleek ohar batean adierazi dutenez. Gainera, gobernu akordioan jaso duten bezala, sozialistei euren hautagaia lehen bozketan onartu dadin, behar dituzten botoak utziko dizkiete jeltzaleek.

«2012an eta 2016an gertatu zen bezala, beste bi senatarien izendapena Alderdi Sozialistaren eta EH Bilduren erabakia izango da, uztailaren 12ko hauteskundeetan EAJ-PNVren atzetik boto gehien jaso zuten bi alderdiena, eta horrek bermatzen du euskal gizarteak ordezkaritza zabala izango duela Senatuan», gaineratu du EAJk oharrean.

PSEk Tontxu Rodriguezen proposamena ezagutarazteko zabaldu duen oharrean esan duenez, haren esperientzia eta konpromisoa berme bat dira alderdiarentzat. 2013tik da senatari Eusko Legebiltzarrak izendatuta.

Gobernu berria, larunbatean

Urkulluk lehendakari kargua hartu eta gero jakinaraziko du Jaurlaritzaren osaera. Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, 11 sailez osatuta egongo da Jaurlaritza, eta ziurtzat jotzen dute bi lehendakariorde egongo direla, alderdi bakoitzeko bat. Larunbatean egingo du karguaren zina, Gernikako juntetxean. Murgak azaldu du Urkulluri esan diola «bere esanetara» dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.