Beltran de Heredia: «Tentsioa sortu nahi duzue»

Erredakzioa
Gasteiz
2014ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
«Zuek, beste behin, tentsioa sortu nahi duzue herritarren segurtasunean». Hala erantzun dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak EH Bilduri, Jone Amezagaren kasuan Ertzaintzak izandako jokabideaz galdetuta. Koalizio subiranistako legebiltzarkide Julen Arzuagak kontuak eskatu zizkion atzo sailburuari, Ertzaintzak Espainiako Auzitegi Nazionalera igorritako txostenagatik—Amezagari espetxean aurkezteko hamar eguneko epea kentzeko eta berehala bilatu eta atxilotzeko agindua jartzeko eskatu zuen idatzian—, eta Beltran de Herediak argi azaldu zuen horren arrazoia: ez dute nahi beste herri harresirik, irailean Loiolan edo iazko maiatzean Ondarroan egin bezalakorik. «Ertzaintzak profesionaltasunez eta sen onez jokatu du, dagokion bezala, [Espainiako] Auzitegi Nazionalak zigortutako euskal herritar bat atxilotzen saiatzeko».

Arzuagaren iritziz, «ulertezina» da jokaera hori, «ulertezina» eta «bidegabea» delako Auzitegi Nazionalaren atxilotze agindua. Ertzaintzaren txostena «lotsagarria eta nazkagarria» da legebiltzarkidearentzat, «esku hartze arbitrarioa». Beltran de Herediaren erantzuna entzunda, gogor salatu zuen Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere, Aske Guneekin eta herri harresiekin «obsesionatuta» dagoela esanez. «Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek salbuespen neurriak ezartzea salatu eta horrelakoak indargabetzeko eskatzen du, baina Segurtasun Sailak agindu bidegabe horiek hitzez hitz betetzen ditu».

Gaur «herri librea» Gernikan

Urte eta erdira zigortu zuten Amezaga «terrorismoa goratzea» egotzita, eta Auzitegi Gorenak epaia berretsi ondoren, hamar eguneko epea eman zioten espetxean aurkezteko. Ertzaintzak eskatuta kendu zioten epe hori, eta Jone Goirizelaia abokatuek salatu zuenez, Amezagaren «ibilbide politikoa» erabili zuten horretarako argudio gisa. Defentsako abokatuaren arabera, dagokion egitekotik harago jo zuen horrela Ertzaintzak.

Aginduaren berri izan ondoren, bere burua gordetzea erabaki zuen Amezagak. Ia hiru asteko elkartasun dinamikaren ondoren, Herri Librea antolatu dute Gernikan (Bizkaia), astebururako. Hala iragarri zuen Amezagak, herenegun: «Ni ere herri libre horretan bizitzen saiatuko naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.