'Cabacas auzia'. Epaiaren ondorena

Beltran de Heredia sailburuak dio jada «autokritika» egin duela Ertzaintzak

Segurtasun arduradunak esan du Cabacasen heriotza «mugarria» izan zela eta «protokoloak» aldatu dituztela:«Akats konponezina izan zen»

edurne begiristain
Gasteiz
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak urgentziaz deitu zituen atzo komunikabideak, Iñigo Cabacasen auzian emandako epaiari buruz aritzeko. Ez zen agerraldi bat ere izan. Zutik jarrita, inguratutako medio guztiei egin zizkien adierazpenak. Onartu zuen, bere garaian Cabacasen heriotza «mugarri bat» izan zela, eta «autokritika» eginarazi ziola Ertzaintzari. «Protokoloak, materialak eta jarduteko moduak aldatu dituzte ordutik». Hala ere, aurreratu zuen gerora ere «hobekuntzak» egiten jarraituko dutela. Orduan esandakoa, eta ordutik hona behin baino gehiagotan esandakoa errepikatu zuen berriro: «Akats konponezina izan zen gau hartan gertatutakoa».

Erantzukizunak zuritu ote dituzten galdetuta, berriz, gogoeta egin dutela erantzun zuen Beltran de Herediak eta une oro «justiziarekin elkarlanean» aritu direla. «Erantzukizunak, zein eratakoak? Epai bat dago. Heriotzaren ondorioz, gogoeta eta autokritika egin zuen Ertzaintzak. Sailburu naizenetik jarduteko moduak, ikertzeko moduak eta materialak aldatu ditugu Ertzaintzan».

Epaiari buruz, berriz, hura «adi irakurtzeko tartea» behar dutela adierazi zuen sailburuak, eta aurreratu zuen aztertuko dutela familiak auzitegietan jarritako kalte ordain salaketa ere. «Itxaron behar dugu. Ertzaintzak eta Segurtasun sailak justiziarekin kolaboratzen jarraituko dute».

Beltran de Herediak Eusko Jaurlaritzaren «dolumina» agertu zion Iñigo Cabacasen familiari, bai haren «heriotzagatik» eta baita heriotza hori gertatu zen «moduarengatik».

Aro baten «amaiera latza»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.