Zaldibarko hondamendia

Beltran bilatzeari utzita, ardurak argitzeko eskaera gailendu da orain

Jaurlaritzak jakinarazi du eten egin dutela beharginaren bilaketa. Oposizioak, gehiengo sindikalak eta Zaldibar Argituk Jaurlaritzari eskatu diote bere ardura hartzeko

Zalla.  Gertatutakoa salatzeko elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo Beltranen jaioterrian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Goizean goiz eman zuten berria Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburu Josu Erkorekak eta Ekonomia Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak: 461 egunez lanean ibili ondotik, eten egin dute Joaquin Beltranen bilaketa. Guztiak etorri dira bat: argitu egin behar da Zaldibarko zabortegiko luizian zer gertatu zen, eta ardurak eskatu behar dira. Ardurak nori eskatu da gakoa orain, ordea. Eusko Jaurlaritzak auzitegien esku utzi nahi du gertatutakoa argitzeko ardura osoa; gainerako alderdi eta eragileek uste dute erantzukizunaren zati bat Jaurlaritzaren esku ere badagoela.

Albistea jakin orduko zabaldu ziren justizia eskatzeko eta familiarekiko dolumin mezuak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak atsekabea agertu zuen: «Gaurkoa egun tristea da. Bi familiek merezitako guztia egiten saiatu gara gorpuzkiak bilatzeko». Itxaso Atutxa EAJren Euskadi Buru Batzarreko lehendakariak «gertutasun» eta «maitasun» mezua helarazi zien Beltranen senitartekoei: «Benetako konfiantza daukat epaitegiek justizia egingo dutela eta erantzukizunak argituko direla».

Gainontzeko alderdi, sindikatu eta eragileek, ordea, bat egin zuten erratean auzitegiaz gain ardura Jaurlaritzaren teilatuan ere badagoela. «Gorpuak aurkitu arte ez geratzeko konpromisoa iragarri zuten aurreko eta oraingo gobernuek, eta ez da helburua bete», nabarmendu zuen Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak. Gainera, Jaurlaritzak egindako gestioa gaitzetsi zuen Oterok: «Gaur ez dago duela hamabost hilabete baino berme gehiagorik horrelako zerbait berriz ez gertatzeko». Erantzukizunak argitu eta garbitzeko eskatu zion Jaurlaritzari, eta «bermeak» paratzeko berriro gertatu ez dadin.

Gestioari kritikak

Bide beretik jo zuen Elkarrekin-Podemosek ere: «Luiziak erakusten du gobernu honen gestio ona mito bat dela», esan zuen Miren Gorrotxategik. «Hasieratik gardentasun falta egon da auzi honekin. Inork ez du ardura bere gain hartzen», salatu zuen: «Ez dago bermerik horrelako istripuak berriro gerta ez daitezen». Ildo beretik hitz egin zuen PPko Carlos Iturgaizek ere: «EAJren kudeaketa onaren mitoa Zaldibarko zabortegian lurperatuta dago».

Aldarri bera egin zuen gehiengo sindikalak ere: «Ezinbertzekoa da auziaren bukaeraraino iritsi eta behar diren ardurak argitzea». Sindikatuek Jaurlaritzari leporatu zioten ardura enpresaren gain uztea: «Non dago Urkullu?», galdetu zuten.

Zalla eta Zaldibarko udalek ere atsekabea agertu dute. Zaldibarko Udalak Jaurlaritzari eskatu dio erabakia berriz pentsatzeko.

Zaldibar Argitu plataformak ere ardurak argitzeko eskatu zuen: «Une egokia da Jaurlaritzak gertatutakoaren ondorioak bere gain hartzeko eta erantzukizunak argitzeko». Aldarri hori beren eginda, ehunka herritar atera ziren karrikara; bertzeak bertze, Zallan (Bizkaia), Beltranen herrian. Komunikatu bat irakurri zuten, eta kritikatu «erabateko porrota» izan dela hura ez aurkitzea. Ostegunean egingo dute haren omenezko hileta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.