Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Belodromoaren «taupada» lagun izango du Amaiurrek

Anoetako belodromoa txiki geratu da, koalizioak Espainiako Gorteetarako bozen kanpainan egindako ekitaldi nagusianAretoa «klima politikoaren aldaketaren termometro» izan da, Antiguedaden ustez

Amaiurreko kideak, ekitaldiaren amaieran Eusko gudariak abesten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Belodromoaren «taupada» lagun izango dute koalizioko hautetsiek Madrilen, Maite Aristegi Amaiurreko Gipuzkoako zerrendaburuak atzo esan zuenez. Izan ere, 15.000 pertsona elkartu ziren atzo belodromoan, koalizioaren hauteskunde kanpainaren ekitaldi nagusian. Bertaratutakoek txiki utzi zuten Anoeta, eta belodromoa «klima politikoaren aldaketaren termometro» izan zela esan zuen Iñaki Antiguedad Amaiurreko Bizkaiko hautagai nagusiak.

Ekitaldia, 17:00etan zen hastekoa, baina 17:30ak pasatxo zirela eman zioten hasiera. Ordurako, independentziaren aldeko deiadarrak entzuten ziren belodromoan. Ezker abertzaleak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak osatzen dute koalizioa, eta alderdi horietako ordezkaritza zabala zegoen belodromoan; besteak beste, Aralarreko Rebeka Ubera, ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Rufi Etxeberria eta Joseba Permach, EAko Rafa Larreina eta Alternatibako Ander Rodriguez. Gainera, bertan izan ziren Joxean Agirre Eleak-eko bozeramailea eta Josep Lluis Carod Rovira Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohia.

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea izan zen lehena hizketan, eta txistu gutxi batzuk entzun zituen oholtzara igo zenean. Mariano Raxoi Espainiako Gobernurako PPko zerrendaburua eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea kritikatu zituen, aldaketaren isla gisa azaltzeagatik: «Nafarroan horiek aldaketa eskatzea burla bat da, 80 urte daramatzatelako nafarron hitza ukatzen». Hitzaldia txalo artean amaitu zuen Zabaletak.

Zabaletak Nafarroaz jardun zuen; Oskar Matute Alternatibako koordinatzaileak, langileriaz; eta EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek, indar abertzale eta subiranisten metaketaz. Matutek gizartearen haserrea izan zuen ahotan, eta haserre horrek Amaiur duela izena erantsi zuen. Ernesto Guevara Che ekarri zuen gogora, eta hark egin zuen antzera, Euskal Herriak Nazio Batuen Erakundeetako Asanblada Orokorrean hitz egiteko aukera izango duela ziurtatu zuen.

Anje Duhaldek kantuan jarri zituen entzuleak, eta aho batez abestu zuten Amnistiaren dema. Horrekin batera entzun ziren presoak kalera amnistiaosoa eta euskal presoak etxera leloak. Duhalderekin batera, sei dantzarik diskurtso politikoei etena egin eta belodromoa girotu zuten.

Gazteen momentua iritsi zen ondoren. 200 bat gaztek Amaiurreko banderak aireratu zituzten,oholtza gainera igo arretik. Andoni Rojo eta Maider Karrerek hartu zuten hitza haien izenean. Gazteak kikiltzeko saioak salatu zituzten, eta independentzia eta etorkizuna gazteek eraikiko dutela adierazi zuten. Haiek izan ziren oholtzara igotzen lehenak, baina ez bakarrak; bide bera hartu zuten ondoren Bilduko eta Aralarreko hautetsiek, eta ekitaldiaren amaieran, Amaiur osatzen duten alderdietako kideek.

Atzera eta aurrera begira

Etorkizunera begirako erreferentziak izan ziren nagusi hizlarien adierazpenetan, baina izan zen iragana oroitu zuenik ere. Aristegik Telesforo Monzon ekarri zuen gogora: «Batera goaz, ez guztiak, baina batera goaz. Maltzagatik harago, Madrileraino». Aitzitik, Antiguedaden atzera begiradek eragin zituzten bertaratutakoen txalo ozenenak. Lehenik, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak 2004ko azaroaren 14an —bihar zazpi urte— Anoetako belodromoan eginiko bake proposamena ekarri zuen gogora. Ondoren, ezker abertzaleko buruzagi Jon Idigoras zena goratu zuen. Otegi eta Idigoras Anoetako belodromoan hizlari izanak direla oroitarazi zuen, eta «musulmanak Mekara bizitzan behin joaten diren bezala», Amaiurrek hauteskunde kanpainetan Anoetan ekitaldia egingo duela agindu zuen. Eusko gudariak abestuz amaitu zuten ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.