Hafsa Fenehara. Ikaslea

«Beloa eramanda, sumatzen dituzu irakasleen aurreiritziak»

GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hafsa Fenehara (Ujda, Maroko, 1999) 6 urte zituela iritsi zen Azkoitira (Gipuzkoa). Egun, Zuzenbidea ikasten ari da. Unibertsitatera iristeko bidean, hainbat komentario eta begirada jasan behar izan ditu, batez ere erlijioari lotuta.

Gogoan al duzu Euskal Herriko eskola batera joan zinen lehen eguna?

Eskolara ez, baina AEKra bai. Gogoratzen naiz eskolara joan baino lehenago hara joan nintzela, eta ni bezalako jendea zegoen.

Hezkuntza sisteman arrazakeriarik sumatu izan al duzu?

Bai, noski. Saihetsezina iruditzen zait. Hasieran, ez zara jabetzen, oso emozionatuta etortzen zarelako, ilusioz... Joaten zara eskolara, eta ikusten duzu bakarra zarela eta jendeak ez dizula normal begiratzen: begiratu arraroak; hasieran ez dira atrebitzen, baina pare bat hilabete pasatu eta gero komentario ez oso erosoak...

Irakasleek aurreiritziak izan dituztela ikusi izan duzu?

Normalean ez dira izaten irakasleak, ikasleak baizik. Helduago izan ahala, nire kasuan behintzat, irakasleei ere sumatu diet.Belo bat eramaten duzunean ikasgelara, edo zure iritzia ahots gora esaten duzunean, aurreiritziak sumatzen dizkiezu irakasleei ere.

Adibidez?

Batxilergoan, komentarioak. Irakasgai batean islamaz hitz egiten ari bagara, bakoitzak bere ideologia dauka; zuk defenditzen duzuna esaten duzu, eta ez zaizu ematen aukerarik: irakasleak pentsatzen duena dago ondo, eta listo. Irakasleak daukan aurreiritzia ikasleei pasatzen die. Unibertsitatean ere, beloagatik eduki izan ditut pare bat komentario: «Nire ikasgelara ez sartu beloa jantzita», eta horrelakoak.

Euskara integraziorako tresna izan alda?

Bai, bai. Hona etorri, gaztea izan eta aukerak eta baliabideak edukiz gero, euskara ikastea oso garrantzitsua da integrazioaren parte gisa. Zure aldetik ere egin behar duzu integraziorako.

Jatorri atzerritarrekoek zailtasunak edukitzen dituzue unibertsitatera iristeko. Zergatik?

Ikasketetan aurrera egiteko zailtasuna egoten da, baina ez gaitasunengatik. Kontuan hartu behar da gaitasun ekonomikoa; normalean immigranteak seme-alaba asko izaten direla; eta, neskei dagokienez, espektatiba falta. «Zergatik pasatu behar ditut nire bizitzako lau urte unibertsitate batean, ez badit ezertarako balioko? Ez didate inon lan egiten utziko, beloa ibiltzen dudalako eta nire erlijioa praktikatzen dudalako». Neska askok horrela pentsatzen dute, zoritxarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.