Juan Alberto Belloch Espainiako Justizia ministro izandakoak oihartzun mediatikoa eragin du berriro ere, estatu indarkeriaz eta GALez hitz eginda. «GALen kostua minimoa izan zen; boluntario saldoa zegoen hura finantzatzeko». Liburu bat argitaratu berri du Bellochek, eta haren inguruan elkarrizketatu dute El Periódico de Aragón-en. Ahobizarrik gabe mintzo da; adibidez, GALi buruz: «Orokorrean, eta hau oso ondo genekien inkestak Barne Ministeriotik irteten zirelako, jendea ez zegoen GALen kontra, baizik eta jardun zuten baldartasunaren kontra (…). Hasiera-hasieran ez zen kritika handirik egon GALengatik, ondorengo fase batean baizik, alderdikeriaz erabili denean».
1994tik 1996ra Barne eta Justizia ministro izandakoa da Belloch, eta, elkarrizketan, hizpide izan du Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jenerala, Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hiltzeagatik zigortutakoa; ez da damu jeneral izendatu izanaz: «bai, zalantzarik gabe», erantzun du, galdetuta berriro ere jeneral kargura igoko ote lukeen: «Nire posizioa zen bereizi behar zela Galindo ikertua (…). Agerikoa da Galindok merituak sobera eduki zituela igoerarako».
Edonola ere, Bellochen hitzak ez dira berriak; badu esperientzia Galindori gorazarre egiten. «Borrokalari antiterrorista moduan, onena zen», esan zuen elkarrizketa batean iazko abenduan. Eta erabiltzen zituen «metodoak» —hau da, torturak— gaizki egiten zuen «gauza bakarra» zirela. Hau da, Belloch Galindok egindako torturen jakitun zen —berak esan omen zion «tratu txarrak» emateari uzteko—, baina hura saritzea erabaki zuen. Are gehiago, elkarrizketa hartan, arazorik ez zuen izan adierazteko Espainiako Barne Ministerioak hilean 500.000 pezeta ematen zizkiela Espainiako Poliziaren Bilboko komisariorde Jose Amedoren eta Bilboko Informazio Brigadako polizia Michel Dominguezen emazteei, haien isiltasuna erosteko. Baina, berriz ere, bere burua aurkeztu zuen diru sari hori eten zuen buruzagitzat. Orain, igandeko elkarrizketan, bere burua du tortura etenarazi zuen ministrotzat.
Belloch ere ez da salbuespena; azken urteetan, maiztu egin dira estatu indarkeria justifikatu edo defendatu duten ordezkari politiko eta polizialak. Iazko urrikoa zen azken adibidea; «agindua eman nuen Alberto Martin Barriosen bahiketaren arduradun nagusia atxilotu eta Espainiara ekartzeko», esan zuen Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak. Edo, 2015ean, Rafael Vera Segurtasuneko Estatu idazkari ohia: «Legeari dagokionez, gerra zikina hutsegitea izan zitekeen, baina, praktikoki begiratuz gero, bere betekizuna izan zuen... Baliagarria izan zen [ETAren] ekintzak geldiarazteko eta Frantziaren elkarlana bultzatzeko». Jardunean zegoenean, Foro Sozial Iraunkorrak behin baino gehiagotan salatu zuen gisa horretako adierazpenek estatuaren biktimak «birbiktimizatu» egiten dituztela.
PSE-EEren haserrea
Bellochen adierazpenak zabaldu eta gero, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak nabarmendu du «inoiz» ez dela «justifikaziorik» egon «ezein indarkeria mota» erabiltzeko, eta «erabateko arbuioa» eta biktimekiko elkartasuna azaldu du «nazka izugarria» eragiten dioten adierazpen horiek direla eta. Antzera hitz egin du Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan daukan ordezkariak: «Indarkeriaren ezein adierazpide ezin da banalizatu edo gutxietsi, baina are gutxiago zuzenbide estatua irauli zuten aparatuek erabilitakoa. GALen biktimek errespetu osoa merezi dute, eta bihoakie guztiei gure oroimena».
EAJren «nazka»
U-23ko bozetarako EAJren Gipuzkoako zerrendaburu Maribel Vaquerok «oso larritzat» jo ditu Bellochen adierazpenak, GALen jarduera «justifikatu» egiten dituelako, haren arabera: «Nazka ematen du horrelako zerbait entzuteak». Vaquerok gogoratu du GAL «talde terrorista bat» izan zela, «Estatuaren babesa» izan zuena. Horregatik, Baquerori «nazka» ematen dio Bellochen hitzak entzuteak, «biktimak eta haien sentimenduak iraintzen dituztelako». EAJko hautagaiak erantsi du «jarrera horiek» ezin direla onartu «inolaz ere».