Tortura

Belloch: beterano bat estatu indarkeriaren gorazarrean

Egiari Zor-ek eta zenbait alderdik Espainiako ministro ohia kritikatu dute, GAL zuritzeagatik. Bellochek esan du «minimoa» izan zela GALen kostua: «Boluntario saldoa zegoen hura finantzatzeko»

Juan Alberto Belloch, 2008ko irudi batean. GUSTAVO CUEVAS / EFE.
jon olano
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Juan Alberto Belloch Espainiako Justizia eta Barne ministro izandakoak oihartzun mediatikoa izan du berriro ere, estatu indarkeriaz eta GALez hitz eginda. «GALen kostua minimoa izan zen; boluntario saldoa zegoen hura finantzatzeko». El Periódico de Aragón-en mintzatu da, ahobizarrik gabe; adibidez, GALi buruz: «Oro har, eta hau oso ondo genekien inkestak Barne Ministeriotik irteten zirelako, jendea ez zegoen GALen kontra, baizik eta izan zuten baldartasunaren kontra […]. Hasiera-hasieran ez zen kritika handirik egon GALengatik, ondorengo fase batean baizik, alderdikeriaz erabili denean».

1994tik 1996ra Barne eta Justizia ministro izandakoa da Belloch, eta, elkarrizketan, hizpide izan du Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jenerala, Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hiltzeagatik zigortutakoa; ez da damu jeneral izendatu izanaz: «bai, zalantzarik gabe», erantzun du, galdetuta berriro ere jeneral kargura igoko ote lukeen: «Nire posizioa zen bereizi behar zela Galindo ikertua [...]. Agerikoa da Galindok merituak sobera eduki zituela igoerarako».

Edonola ere, Bellochen hitzak ez dira berriak; badu esperientzia Galindori gorazarre egiten. «Borrokalari antiterrorista moduan, onena zen», esan zuen elkarrizketa batean, iazko abenduan. Eta erantsi zuen hark erabiltzen zituen «metodoak» zirela —hau da, torturak— gaizki egiten zuen «gauza bakarra». Alegia, Galindok egindako torturen jakitun zegoen Belloch —berak esan omen zion «tratu txarrak» emateari uzteko—, baina hura saritzea erabaki zuen. Baina, berriz ere, bere burua aurkeztu zuen diru sari hori eten zuen buruzagitzat. Orain, igandeko elkarrizketan, bere burua dauka tortura etenarazi zuen ministrotzat.

«Moraltasun gailurra»

Bellochen adierazpenen biharamunean, Egiari Zor-eko bozeramaile Pilar Garaialdek azaldu zuen Bellochen hitzak «oso larriak» direla: «Agerian uzten dute beste batzuei lezioak eman nahian moraltasun gailur batean kokatzen diren horiek beren ibilbide etikoari ekin behar diotela ezinbestez».

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak nabarmendu du «inoiz» ez dela «justifikaziorik» egon «ezein indarkeria mota» erabiltzeko, eta «erabateko arbuioa» eta biktimekiko elkartasuna azaldu du «nazka izugarria» eragiten dioten adierazpen horiek direla eta. Antzera hitz egin du Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan daukan ordezkariak: «Indarkeriaren ezein adierazpide ezin da hutsaldu edo gutxietsi, baina are gutxiago zuzenbide estatua irauli zuten aparatuek erabilitakoa. GALen biktimek errespetu osoa merezi dute».

Uztailaren 23ko bozetarako EAJren Gipuzkoako zerrendaburu Maribel Vaquerok, berriz, «oso larritzat» jo ditu Bellochen adierazpenak, GALen jarduera «justifikatzen» dutelako, haren arabera: «Nazka ematen du horrelako zerbait entzuteak». Vaquerok gogoratu du GAL «talde terrorista bat» izan zela, «estatuaren babesa» izan zuena. Horregatik, Baquerori «nazka» ematen dio Bellochen hitzak entzuteak, «biktimak eta haien sentimenduak iraintzen dituztelako». EAJko hautagaiak erantsi du «jarrera horiek» ezin direla onartu «inolaz ere».

Elkarrekin Podemos-IUk ere kritikatu ditu Bellochen hitzak: Miren Gorrotxategi koalizioaren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak gogorarazi du torturen biktimak omentzeko ekitaldia atzeratu zutela, «alderdikeriak» saihesteko: «Gaur [atzo], albistea da ministro ohi batek GALekin fribolizatzen duela eta torturaz hitz egiten duela erabilgarritasun politikoaren arabera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.