Elkarrizketa (2010ean): «Nobela artefaktu bikaina da oraindik»

'Por cuenta propioa' argitaratu berri du Rafael Chirbesek, literaturaren inguruko artikulu bilduma. «Literatura eguneroko zerbait da, hitza ere egunerokoa den heinean», dio idazleak.

Jon Benito.
2010eko maiatzaren 2a
19:58
Entzun

Donostian ostiral gauez Javier Ortiz kazetariaren omenezko mahai-inguruan parte hartzetik dator. Taberna baten aterpera bilduta, jendea asteburu egarri da. Rafael Chirbesek (Tabernes de Valldigna, Valentzia, Herrialde Katalanak, 1949) beltza erretzen du. Dioena barru-barrutik gora etortzen zaio. Eta ez da kea.

«Hala gertatzen zait niri behintzat. Beste batzuek nobelak idazteko nik baino erraztasun handiagoa izango dute... baina nik nobela bat idazteko ikuspegiz aldatu behar dut. Jokaldia errepikatzen ari naizen irudipena izaten dut bestela. Crematorio-k nobela totalaren antza zuenez, oso zaila zait beste nobela bat idazteko beste ikuspegi bat hartzea».

BERE KABUZ

Por cuenta propia (Anagrama, 2010) artikulu bilduma atera du orain dela gutxi. Literaturaren azpiei buruz ari da bertan: idaztea, irakurtzea, gustuko liburuak, editorearekin eta memoriarekin duen harremana. Atal batean, nobelak XX. mendearen amaieran bezala XXI. mendearen hasieran duen funtzioa aztertzen du.

«Hizkuntza asko daude, eta irakurtzea ariketa mantsoa eta trinkoa denez, generoarekiko ditugun zalantzak handiagoak dira orain. Baina azken denboraldi honetan, Miklos Banffyren Transilvaniako trilogia deitu izan dena eta Joseph Rothen Radetzkymarsch irakurtzen aritu naiz, eta XX. mendearen lehen hamarkadetako nobela horiek irakurrita, hainbeste gauza esaten dizkizute gaur egun gertatzen denari buruz! Nola izango da bada ezinezkoa egungo gaiei buruzko nobela bat idaztea? Nik baietz uste dut, nobela artefaktu bikaina dela oraindik».

Liburuko pasarte batean, horren adibide gisa, Upton Sinclair-en Oil liburua aipatzen duzu.

Literaturak beti erakutsi du berpizteko ahalmena. Sinclairren liburu hori There Will Be Blood gisa moldatu zuten zinemara, eta, niri batere gustatu ez zitzaidan arren, berriz zirkulazioan jarri zuen nobela hori. Nobela horretan hemen eta orain gertatzen diren gauza asko salatzen dira: espekulazioa, petrolioa erauzteko nekazariak lurretatik kanporatzea, ustelkeria, informazioa eta zinema manipulazio gisa...

IDAZLEAZ ETA LIBURUAZ

Nobelaz hitz egiten duzu, haien edukiaz. Artikulu horietan, ordea, liburu bat idaztea egilearen inguruan zirku mediatikoa pizteko aitzakia besterik ez dela diozu. Garrantzitsuagoa dela bere irudia idatzi duena baino.

Bai, eta egia esan, elkarrizketa bat egiten ari gara, eta ez genuke egin behar.

Baina ez al gara liburuaz hitz egiten ari?

Liburuez asko hitz egiten den bitartean, gutxi irakurtzen den irudipena dut. Liburuetan dago idazle batek pentsatzen eta sentitzen duena. Zuk nire iritzia eskatzen didazu, eta nire usteetatik hurbilen dagoena idatzita utzi dudana da. Hemen egingo dugun gauza bakarra liburuan esandakoa laburtzea eta eskematizatzea da, banalizatzea... Zergatik? Idazleak esan beharrekoa liburuan zehar esaten duelako. Sarritan 200, 300 edo 400 orriko azterketa bat egiten du, eta hori ezin da laburtu. Literatura gustatzen bazaigu horregatik baita, zinemak ere bere gaitasun guztiekin ere ez duen sakontzeko eta aztertzeko ahalmen horregatik.

Egilea bere obraren gainetik jartzea komunikabide eta merkatarien kontua da. Horiek rock eta photoshop izarrak behar dituzten modu berean behar dituzte literaturarenak. Baina idazleak esan beharrekoa, adierazi nahi duena, azken finean dena, bere liburuetan dago.

BALIOAZ ETA MORALAZ

Garaiko dilema moraletan hatza sartzeko ardura ikusten dio nobelari Rafael Chirbesek.

«Narrazio guztietan aupatzen dira balio batzuk. Kontua ez da egileak zer esan nahi duen, batzuetan egileak esan nahi ez duena, bere subkontzientean dagoena esaten baitute bere liburuek. Liburuek egileaz asko esaten dute, liburuek egileak bere buruaz baino gehiago baitakite, psikoanalistak analizatuak bere buruaz baino gehiago dakien bezala.

Westernetan, 60ko hamarkadara arte, cowboy-a heldu eta indioak ihesean ikusten zituztenean haurrek txalo egiten zuten. Gaur egun nola kontatuko zuketen historia hori? Gaur egun indioak ekologistak izango lirateke, eta bisonteak onak... Balioak aldatzen ari dira».

Eta zure liburuek zer dilema moral zedarritzen dituzte?

Ez dakit. Ikusi eta bizi izan dudana kontatzen saiatu naiz. Egunkarietan irakurtzen nuena ikusten nuenarekin bat ez zetorrelako idatzi izan dut. Gustatzen ez zitzaizkidan gauzak zeudelako.

Jendeak frankismoaz zergatik idatzi dudan galdetzen dit. Nire belaunaldiak hori bizi izan duelako egin dut.

ERREALISMOAZ

Bere nobelak Espainiaren historia hurbilean kokatu izan ditu. Bere garaikideen historia istorio egin du frankismotik hasi eta trantsizio haste eta ostekoak kontatzeraino. Haren dezepzioa, ondorengo diru erraz eta ustelkeriak... Historia ofizialaren intrahistoria bezala, zorrotz deskribatu ditu Espainia berriaren jende eta porrotak.

«Idazle errealista bat naiz. Niri gustatzen zaidan nobela errealista da, Benito Perez Galdosena-eta. Niri ez zaizkit gustatzen arimaren labirintoak deskribatzen dituzten nobelak: nik ezin dut arima ikusi. Pertsona animaliatxoa da. Bere arima bere irritazioa da, bere bulkadak eta erantzunak. Nire nobeletan historia ezinbestekoa da. Ez dut historiatik kanpora ezer dagoenik uste. Nobela bat historiatik eraikitzen da beti».

Eta liburuetan beste errealitate bat eraikitzen ari zaren sentipena duzu?

Cesare Pavesek zioen literaturak, norberaren baitakoetan arakatuz, ikusi ez dituenak ikusteko ahalmena duela. Liburuko artikuluetako bat Stefan Zweigen zita batekin amaitzen da, eta hala dio: 'eskerrik asko Freud jauna, gutaz ikusi ezin ditugun gauzak ikusarazteagatik'. Nobelak ere antzeko zerbait egiten duela uste dut: historian norberak duen lekua erakusten du.

NOBELA ETA IKUS-ENTZUNEZKOAK

XIX. mendearen boza literatura izan zela eta XX.arena ikus-entzunezkoak direla esaten du liburuan. Kennedy, Beatles eta Marilyn Monroeren irudiak ikusi ditugu, eta haien musika eta ahotsak entzun. Literatura, egoera horretan, argazkiarekin pintura zegoen ataka berean dago.

«Literatura bere garaira moldatzen da. XIX. mendean nobela guztientzat idazten zenez, eta hauetariko askok ez zutenez trenik ikusi, Zolak trena nolakoa zen esan behar zuen: geltokia deskribatu, kearen ñabardurak aipatu, eguna nolakoa zen kontatu. Zinemaz geroztik, ordea, tren geltokian gaudela jartzen dugu liburuan, eta badakigu tren geltoki bat nolakoa den. Horrek nobelari zentzua kendu beharrean askatasuna eman dio. Orain nobela batean ez da azaldu behar autoak gasolina behar duen motorra dutelako ibiltzen direla. Orain harira joan zaitezke: gaur egun jendeak badaki zer den art deco etxe bat».

Eta horrek ez al du nobelaren funtzioa aldatu?

Gaur egun subjektu sozial kolektibo argi bat ez dugunez, eta garai indibidualetan bizi garenez... nobelak subjektu kolektibo bat behar du: zerbait nahi duen, zerbaiten asmoa duen norbait, jendarte bat. Eta nobelistak antzinako Greziako antzerki idazleak bezala jokatu behar luke. Haiek gatazka bat eszenaratzen zuten, eta jendea hau ikusitakoan kritikatua sentitzen zenez, katarsi bat gertatzen zen. Jokatu beharko genukeen katarsi funtzio horretan, ez dakigunez noren ordezkari garen, ez nor garen ez non gauden, aurrera eta atzera ibiltzen gara, eta irrist egiten dugu, eta zaputzak hartzen ditugu...

Baina idaztearen ekintza indibiduala da, eta irakurtzea ere bai...

Baina idazlea bere garaiko tentsioen gurutzaketa bat ere bada. Idaztea bakarkako lana da, baina lan horrek oihartzun soziala du. Indibiduoa bakarturik ez dagoenez, ez dago bakartutako literaturarik.

IDAZTEAREN LANAZ

Liburuaren azalean arotzak ikusten dira lurreko zorua leuntzen. Artisau ofiziotzat azaltzen du idazlearena Chirbesek. Egunero apur bat, bere esku eta bere mimo. Idazlearen lanari gorazarre eginez amaitzen du liburua.

«Literatura zintzilik ez eta lurra ukitzen dagoen zerbait dela pentsatu nahi dut. Literatura eguneroko zerbait da, hitza ere egunerokoa den heinean. Hitzarekin lan egitea, beste edozein materialekin lan egitea bezala da, gutxiago izerditu arren. Literatura bizitzaz atseden hartzen dugunean geratzen dela dioen esaera gezurra da. Hitza da bizitza mugitzen duena, zentzua ematen diona».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.