Pello Urizar. EAko idazkarigai nagusia

«Beldurrez jokatuz gero, ez dago bidea egiterik»

Igandean EAko idazkari nagusi aukeratzen badute, karguan hamabi urte egingo ditu Urizarrek, 2009tik baitago. Uste du EH Bildu zabaldu egin behar dela EA indartuz. Ildo kritiko bat du oraingo biltzarrean.

enekoitz esnaola
Donostia
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun

EH Bilduren Mahai Politikoaren bileratik heldu da Pello Urizar (Arrasate, Gipuzkoa, 1968) BERRIAren elkarrizketara. EAko kongresua du orain buruan, EH Bilduren funtzionamenduari buruzko buruhausteekin. Urizar bera ez dabil kritikoekin zuzenketak negoziatzeko bilkuretan.

[Youtube]https://youtu.be/S2MEIL6ImGI[/Youtube]

Zergatik erabaki duzu berriro aurkeztea, hirugarrenez?

Erabaki pertsonal bat da, baina babes bat badudalako ere aurkeztu naiz. Eta saiatu gara gure taldean gazteak sartzen, belaunaldi horrek emateko segida. 2009an hautatu ninduten lehen aldiz EAko idazkari nagusi, eta orduan ireki genuen aro berri bat, espazio subiranista sortu eta finkatzeko. Uste dut hori behin betiko finkatzeko lan bat egin behar dela.

Urte hauetan zein da izan da EAren ekarpena?

EAren balio bat da lankidetzan aritzen dela. Formula desberdinak izan ditugu sorreratik; nagusiki, EAJrekin, eta Nafarroa Bai, EH Bildu eta EH Bai koalizioetan aritu gara. Koalizioan egoteak sortzen ditu zailtasunak, baina, apustua egokia bada, merezi du. Euskal Herriko erabaki nagusi batzuetan EA hor egon da, eta argi geratu da jokatu duen rola.

Nola hartu zenuen zuk alderdia?

Egoera ez zen ona, urte hartako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 38.000 boto eta aulki bakarra lortu genituelako. Bestalde, ni idazkari nagusi postura iritsi baino pixka bat lehentxeago EAko sektore batek Hamaikabat eratu zuen, eta EAJrekin berriro lankidetza proposatzen zuen. Baina garai hura zaila zen arren, jakin genuen aurrera egiten, polo subiranista sortuta. Orain, espazio hori gehiago zabaldu nahi dugu, EH Bilduren egituretan alderdietan ez dauden herritarrak ere sartuta. Egia da gauzak zaildu egin zaizkigula EA barruan, pentsamolde desberdinak daudelako koalizioaren funtzionamenduari buruz, baina, beldurrez jokatuz gero, ez dago bidea egiterik. 2009 hartan, adibidez, ilusioz jokatu genuen, ez beldurrez. Egoera ez da bera, orduan bake agertoki bat zabaldu nahi zelako, baina orain badugu beste egiteko handi bat: ezker subiranismoa hegemoniko bihurtzea.

Ezkerrekoa al da EA?

EA zentro-ezkerrekoa da, sozialdemokraziarekin identifikatua. Euskal gizartearen gehiengoa hor kokatzen da, inkestek diotenez. EH Bilduk ezkerreko politikak egiten ditu, politika aurrerakoiak. Sozialdemokraziaren barruan daude politikok, eta EA naturaltasun osoz ikusten dut koalizioan.

«Gehiengoa zentro-ezkerrekoa», baina EAJk irabazten ditu beti EAEko hauteskundeak...

EAJk badu abilezia batetik eta bestetik botoak biltzeko. Gure esparruan ere lortzen du sartzea. Agian, ez dugu behar bezala asmatu. Adibidez, 2011-2015ean dialektika nagusia hondakinekin egiteak ez zuen zentzu handirik. Orain arte ez dugu gaitasunik izan EAJren alternatiba bat osatzeko, baina EH Bildun gauzak ondo ari gara egiten, eta 2019ko udal eta foru hauteskundeetan beste pauso bat emango dugu. Gainera, EAJk ere egiten ditu gauzak gaizki. Hor da PPrekin egin duen akordioa: aukera eman dio gobernuan jarraitzeko, aurpegia garbitu dio alderdi ustel bati eta argudio bat eman dio Kataluniako prozesuaren aurrean.

EH Bilduren kuotek diotenez, EAk %20koa dauka EAEn eta %30ekoa Nafarroan. Betetzen al dira zerrendetan, baliabide ekonomikoetan...? EAko ildo kritikoak dio koalizioan alderdiaren pisua murrizten doala.

EA kuota horren gainetik egon da batzuetan, azpitik besteetan; udaletako egoerak desberdinak dira... Malgutasuna behar da, baina EAk dagokion pisua du. Alderaketa sinple bat egin nahi bada, ikus dezakegu zer ordezkaritza zeukan EAk 2009an Gasteizko legebiltzarrean, udaletan... Gure egoera askoz hobea da orain.

EH Bildun independenteak sartuta, alderdiek pisu txikiagoa izango al dute?

Ez dute pisurik galduko. Esparru bat utziko diete alderdietan ez dauden herritarrei. Gainera, bilkideen artean alderdietako afiliatuak ere egon daitezke. Orain bi urte arte alderdiok koordinazio gune bat genuen EH Bildun, baina ez zen egiturarik egokiena. Izan ere, alderdion baliabiderik gehienak koaliziora begira zeuden, eta, gainera, funtzionamendua motela zen. Hori gainditu behar dugula uste genuen, EH Bilduk bere egiturak izanik eta koalizioa irekiz.

Alderdien Mahaia nahi duzue.

Alderdiek ez dutelako borondaterik desagertzeko. Ezinbesteko tresna dira EH Bildun. Alderdien Mahaitik pasatuko dira gai nagusiak: oinarrizko akordioen berrikuspenak, estatutu aldaketa, alderdi baten sarrera onarpena...

EA indartu nahi duzue. Nola?

EH Bildun lan egiten jarraitzeaz gain, geure posizio eta hausnarketa politikoa sakontzea dagokigu, orain arte baino baliabide propio gehiago izanda. 2011tik ia erabat koaliziora begira jardun dugu.

EAren kongresutik EH Bildurenera bi aste baino ez daude.

EH Bildurena atzeratuz joan da. Iazko udan egin nahi genuen, eta Espainiako bi hauteskundeengatik atzeratu da. Aurtengo udazkenean koalizioaren konferentzia egin nahi dugu, 2019ko hauteskundeak prestatzen hasteko, eta, hala, ekain honen 17rako jarri genuen kongresuaren data. Ez da erabaki itsu bat hartuko. Alderdien egoerak eta eskaerak kontuan hartzen dira, eta erabakitakoa egokituz joango gara.

Nola hartu duzu EAn zuekiko ildo kritikoa sortu izana?

Zilegitasun osoa dute horretarako. 2015etik dator barne eztabaida, eta iazko ekaineko ezohiko kongresuaren gai nagusia hauxe izan zen. Eztabaida etxe barruan egiteko jarrera izan dut nik, baina besteek ezagutarazi egin dute.

EAren Iruñeko batzarraren zuzenketa batek dio kuoten baldintzak ez baldin badira betetzen aukera bat dela EAk «EH Bildu erakundearekin hauteskunde koalizioak» egitea.

BERRIAk atera zuen informazio hori orain hamar bat egun, eta, bai, zuzenketa hori hor dago. Guk guztiz baztertzen dugu EA EH Bildutik irteteko aukera. Propioa den gauza bati uko egitea litzateke ateratzea. Sorreratik gaude, eta ibilbide guztian parte garrantzitsu bat izan gara. Inbertsio politiko handia egin dugu, eta eskuzabaltasunez jokatzen ere jakin behar da. Hau ez da bakar batzuen klub bat. Hanka sartze handia litzateke EH Bildutik irten —beste batzuena izango balitz bezala...—, eta gero harremana hauteskunde koalizioetara mugatzea.

Carlos Garaikoetxea baino ofizialagorik EAn, nekez. Eta ildo kritikoa babestu du.

Oso modu esplizituan esan du EH Bilduri buruz: koalizioa bai, alderdi bakarra ez. Errezeloak izan ditzake Garaikoetxeak, baina EH Bilduk berak barne txostenetan argi eta garbi dio ez dagoela alderdi bakarra sortzeko asmorik. Bestela, nolatan alderdi batean Alderdien Mahai bat?... Koalizio ireki bat eraiki nahi dugu, herri honek behar duen ezkerreko esparru subiranista indartzeko.

EH Bildurekin bilera bat egitera gonbidatu zenuen aurreko igandean Garaikoetxea. Erantzunik?

Bai, eta ezezkoa izan da. Baina Garaikoetxeak idatzi dit baduela EH Bilduko informazio guztia. Beraz, kritikoen salaketa hori, informazio faltarena-eta, egia ez dela frogatu da horrela ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.