Tortura. Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia. Oscar Sanchez. Igor Portu eta Mattin Sarasolaren abokatua

«Beldur nintzen Estrasburgok funtsean sartu nahiko ote zuen»

Abokatuak dio Porturen eta Sarasolaren kasuan ezin izan dela tortura ezkutatu. «Sorpresa» hartu du, hala ere, Giza Eskubideen Auzitegiak ez duelako auzia forma aldetik bakarrik aztertu.

jon olano
2018ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Atzo galtzak bete lan izanagatik, ebazpenaren gakoak azaldu zizkion Sanchezek BERRIAri.

Lehen aldia da edukiagatik zigortzen dutela Espainia.

Beatriz Etxebarriaren auzian, saiatu ginen alor materialean ere zigortzen, baina Estrasburgok esaten zuen ez zegoela elementurik. Nolabait, errieta egiten zion estatuari, ez zegoelako ikerketarik. Kasu honetan, ezin izan da ezkutatu, lesioen larritasunagatik. Hori horrela, Auzitegi Gorena saiatu zen analisi guztiz arbitrarioa egiten. Azkenean, Estrasburgok izan du aukera ekintza zehatzak aztertzeko, eta ez du zalantzarik egin horiek epaitzerakoan.

Gertatutakoa tratu txartzat dute zazpi epaileetatik lauk, baina torturatzat hiruk. Zer iruditzen zaizu?

Tratu ankerraren eta torturaren arteko ezberdintasunei buruzko eztabaida oso teorikoa da. Egia da egin ohi dela hausnarketa bat tratu horren kalteak norberaren bizitzan duen iraupenaren inguruan. Torturan, eskatzen da gehiago frogatzea zer eragin izan duen bizitzan zehar. Hala ere, uste dut terminologia kontu bat dela, ez hain garrantzitsua. Bai auzitegiarentzat, baina herritarrentzat, inportanteena da aitortzea tratu anker hori egon dela.

Ikerketarik eza salatu ohi du Estrasburgok, baina, oraingoan, Auzitegi Gorenaren analisia jarri du zalantzan. Adierazgarria al da?

Ez dizut ukatuko sorpresa izan dela. Beldur nintzen, Estrasburgok gaiaren funtsean sartu nahiko ote zuen. Beldur nintzen bi sententzia bazeudelako jada, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegia, nazioarteko epaitegien antzera, minimoetako epaitegi bat da; ohartarazten du egin behar denaren inguruan, baina normalean ez du egindako lana epaitzen. Gure lanaren parte garrantzitsuena izan da logika hori desegitea; hemen, ez gara ari Gorenak ebatzitakoa berriro aztertzeaz, baizik eta Gorenak esandakoak ez duela heldulekurik; ez du elementurik balekoa izateko; absoluzioa emateko asmoz egindako sententzia izan zen. Hori argi dago, eta Estrasburgori eskatu genion logika horretatik aztertzeko.

Zer bide egin dezake ebazpenak aurrerantzean?

Nik ez daramatzat Igor eta Mattinen barne prozedurak, baina ikusi beharko da zenbateraino erabili diren haiek torturapean egindako deklarazioak epaiketetan. Zenbateraino jo diren ontzat deklarazio horiek, horietatik abiatuta kondenarik egon den... hori guztia argitu beharra dago. Bestalde, argitu behar da honek guztiak erantzule batzuk dituela eta erantzulehorien ekintzok ondorio batzuk izan beharko dituztela. Horretara jarriko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.