Nafarroako Gobernuak argitaratutako azken mapa soziolinguistikoak zurian beltz jarri zuen: euskararen aldeko jarrera orokortzen ari da Nafarroa osoan. Gutxika bada ere —eta UPNren gobernuak aplikatutako politika linguistiko baztertzaileak gorabehera—, prestigioa irabazi du hizkuntzak 1991tik 2011ra bitartean. Azken hilabeteotako polemika sortak, ordea, oso bestelako irudia marraztu du: euskarazko hezkuntzaren kontrako adierazpenak, profesional eleaniztunen eskubideen ukatzea, euskararen aldeko edozein ekintzaren estigmatizazioa... Aurreko erregimenaren beso politikoak zein mediatikoak eginahalak eta bi egin dituzte azkenaldian, euskararen kontrako beldur zaharrak berriz azaleratzeko eta xenofobia linguistikoaren mamua astintzeko.
Polemika horiek benetako errealitatea ezkutatzen dutela uste du Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik. «Euskaldunak gara lokatzetan ibili garenak, baztertuak izan garenak eta geure eskubideak berma zitezen borroka egin behar izan dugunak. Oraindik ere hala da. Eta injustizia hori konpontzeko ahaleginak inposizio gisa aurkezteak ez du zentzurik. Euskararen aldeko neurriengatik asaldatzea bidegabea da, azken urteotako injustiziak ahaztea dakarrelako».
Haren irudiko, «orain arteko egoera bere hartan mantentzea» da hautsak harrotzen dituztenen asmo bakarra: «Argi dago batzuek errentagarritasun politikoa atera nahi izan diotela auziari, gaiak berezkoa duen giza dimentsioari bizkarra emanda».
UPN, PP eta PSNren erreakzio bortitzak, baina, inor gutxi harrapatu du ezustean. Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko instituzionaleko arduradunaren ustez, erregimenak 30 urtez izan du euskararekiko jarrera bertsua. «Orain berritasun bakarra dago: lehen agintean zirenak oposizioan daudela, eta estrategia politiko gisa hartu dutela hizkuntzaren kontrako xenofobia, gobernu berria higatzeko».
Iritzi berekoa da Aingeru Epaltza idazle eta itzultzaile iruindarra ere: «Euskararen kontrako jarrera ez da berria, inondik inora. UPNren aurretik, frankismoak egin zuen lan hori, eta lehenago ere, mendetako bazterkeria pairatu izan du euskarak. Horrek guztiak uzten duen arrasto sozial eta psikologikoa itzela da». Haren aburuz, «bazterketa antolatua» diseinatu du UPNk, eta horrek eragin handia izan du: «Erdaldunak bainoago, erdaltzale bihurtu dira asko. Euskararik gabe bizitzera ohitu dira. Asko jota, elementu folkloriko baten gisara ikusten dute euskara».
Ondorioz, sistema hori desegiteko ahalegin bakoitza mehatxu gisa identifikatu du eskuinak, idazlearen esanetan: «Oso eroso bizi izan da jende asko, eta bat-batean, eremuak partekatzera behartuta ikusi dute euren burua. Eta horren gainean, indar politiko batzuek edozein txikikeria casus belli bihurtzeko jarrera daukate: izan haur eskolak, izan hezkuntzako lan eskaintza edo beste edozein erabaki, euskararen aldekoa den heinean».
Euskararen kontrako jarrera, baina, «erregimenaren hedabideek puztuta» dagoela uste dute euskalgintzako kideek. «Ez da jarrera orokortua, euskararen prestigio mailak gora egin duelako herritarren artean. Baina hedabideek errealitate hori nola islatzen duten, hori da gakoa. Gaur egun, Diario de Navarra-k azalera eramaten du 100 pertsonako elkarretaratze bat, euskararen kontrakoa bada; baina euskalgintzako eragileok 22.000 laguneko manifestazioak egin izan ditugunean, seigarren orrialdeko koadro txiki batean zokoratu gaituzte», azaldu du Lasak.
Epaltzarentzat, berriz, lehendik zeuden jarrerak anplifikatu besterik ez du egin prentsaren bozgorailuak: «Euskararen kontrako gorroto hori puztua dago, baina aldi berean, badu errealitatetik zerbait. Erdaldunen beldur eta ezinegon horiek bazeuden lehendik ere, baina ederki haizatu dituzte. Kezka piztu diete lehen oso lasai bizi zirenei. Euskararekiko mesfidantza eta beldur hori aktibatzea lortu dute, eta gobernuak seriotasun handiz aztertzeko moduko fenomenoa da». Horiek guztiak diskurtso «xenofobo eta arrazistak» direla gaineratu du Lasak, eta horiek erauzteko beharraz ohartarazi.
Oposizioaren estrategia euskarafobikoa desegiteko tenorean, baina, administrazioaren jokaera «epela eta inozoa» izan dela uste dute euskaltzaleek. Petriatiren irudiko, adibidez, begi bistakoa da auziari «irtenbide politikoa» eman behar zaiola: «Baina gauza bat da auzi politikoa dela esatea, eta oso bestelako bat, euskara etengabeko eztabaida politikoaren lokatzera eramatea».
Komunikazioaren beharraz
«Pedagogia eta komunikazioa» falta izan dira, Kontseiluko kidearen aburuz: «Ideiak gizarteratu egin behar dira, komunikazio estrategia sendo eta bateratuen bidez. Nik ezinbestekotzat jotzen dut gobernuaren eta herri mugimenduaren arteko zubigintza. Harreman horiek indartu behar dira, diskurtso berriak egituratzeko».
Ildo beretik, komunikazio bideak landu behar direla uste du Epaltzak ere: «Badakigu euskara dela oposizioak hartu duen tresna Nafarroako Gobernua higatzeko, eta hurrengoan ere antzeko zerbait gertatuko dela. Bada, saia daitezela higadura murrizten. Azkarrago eta maltzurrago ibili behar dute, oposizioak esanen eta eginen duenari aurrea hartzeko. Neurri bat aplikatu eta gero argudioak ematen badituzu, jendeak ez ditu arrazoi gisa ulertuko, aitzakia gisa baizik. Iritzi publikoa prestatu beharra dago, jendeak argi izan dezan hartutako erabakiak zuzenak eta arrazoizkoak direla. Harreman publikoetako ikastaro bat beharko lukete agintari politiko askok».
Eta agintariek bakarrik ez, euskalgintzako eragileek ere «hausnarketa» egin beharko lukeela gaineratu du idazleak: «Erdaldunek zer dakite euskarari buruz? Zer sinetsarazi diete? Hori guztia kontuan izan behar dugu, hemen ezin baita hizkuntz politikarik planteatu erdaldunen gainetik pasatuz. Nafarroan, pentsamolde hori suizidio hutsa da, euskaldunak ez baikara %15era iristen, eta argi eduki behar dugu hori, erabakiak hartzeko eta komunikatzeko tenorean».
Euskararen auzia Nafarroan. Hizkuntzarekiko jarrerak
Beldur atabikoak haizatzen
Euskararen onespen mailak gora egin arren, elebitasunaren aurkako jarrera xenofoboak bortizki azaleratu dira Nafarroan. Egoera iraultzeko, pedagogia eta estrategia komunak ezinbestekotzat jo dituzte adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu