Denetariko arrazoiek bultzatu dezakete pertsona bat zerbait ikertzera. Esaterako, bihotzean betidanik izandako arantzatxo batek: «Donostiakoa naiz, eta betidanik ikusi izan dut hirietako euskarek desprestigioa jasaten dutela, gaizki ikusiak direla hiritar euskaldunak. Gaizki ikusia dela euskara urbanoa, finean. Ikusi nuen Baionan gauza bera gertatzen zela». Beste arrazoi bat zera izan daiteke, inguruan gertatzen denari jakin-minez heltzea: «Nire lagun gehienak Baionako gazteak dira, eta etxean bezala sentitzen naiz hemen. Ikusi nuen barnealdeko jendeak aurreiritzi ugari zituela Baionako edo kostaldeko jendearekiko». Beste arrazoi bat aitortza da: «Nire ingurukoen euskara aitortu nahi nuen, nire belaunaldiaren euskara, eta erakutsi nolakoa den euskaldun urbanoen euskara».
Hiru arrazoi horien eta beste batzuen ondorioz heldu dio Maddi Kintanak (Zurich, Suitza, 1999) Baionak, Angeluk eta Miarritzek (Lapurdi) osatzen duten konurbazioko —BAM eremuko— gazte euskaldunen hizkerak aztertzeari. «Hiriguneetako gazteen euskara nolakoa den aztertzeak emango dizkigu geroaldirako lehen zantzuak».
Kintana itzultzailea da ikasketaz, eta Euskal Ikasketen masterra egin du Baionako Bordele-Montaigne Unibertsitatean. Master amaierako lanerako ikertu du BAMeko gazteen hizkera. «Abiapuntu bat da. Saiatuko naiz tesi baterako bidea hartzen, eta Lapurdiko kostalde osoa landu nahi nuke», adierazi du. Lagin esanguratsu baten bidez, BAMeko gazteek lagunartean egiten duten euskara aztertu du.
Diglosia ez da desagertu gazte horien hizkeretan ere; BAMen hegemonia duen hizkuntza frantsesa da. «Ez da simetrikoa, eta horrek eragina du hango gazteen euskaran», nabarmendu du Kintanak. Komunitate elebidunak edo eleaniztunak dauden leku gehienetan gertatzen den moduan, kode aldaketa —«A hizkuntzan B hizkuntzako elementuak sartzen dituzunean»— nabaritu du nabarmen BAMeko gazteen lagunarteko euskaran. «Helduek ere erabiltzen dute kode aldaketa, baina ikusi dugu gazteen artean orokortua dela, eta lotuta dagoela sare sozialen erabilerarekin. Ingelesarekin asko egiten dute», azaldu du.
Dena dela, haien euskaran frantsesak du eraginik handiena. «Transkripzioak egiten ari ginenean, konturatzen ginen gauza asko ulertzen genituela bagenekielako zein zen frantsesezko itzulpena. Hortik atera dugu, adibidez, kalko semantikoen atala. Frantsesetik zetozen itzulpen mailegatu pila bat zegoen».
Adibide argi bat da bero-ren erabilera. «Hegoaldean ‘Ni bero naiz’ esaten baduzu, konnotazio sexual bat du, baina Ipar Euskal Herrian, frantsesaren eraginez, zera esan nahi du: ‘Gogotsu nago zerbait egiteko’».
«Euskaldun gazte denak dira elebidunak, eta denek bi hizkuntza dituzte buruan gutxienez. Hutsune lexiko bat dagoenean, beste hizkuntzatik hartuko dute, edo haien diskurtsoan txandakatu egingo dituzte hizkuntza horiek. Kasu honetan, euskararekin eta frantsesarekin gertatzen da», nabarmendu du Kintanak.
Muga linguistikoa
Kode aldaketak baditu bere ondorioak, Kintanak zehaztu duenez: «Alex Artzelusek mugaldeko hizkerei buruz egindako lanek erakusten dute helduenen euskaren artean ez zegoela alderik, eta euskalki bera partekatzen zutela, adibidez, Luzaiden, Arnegin eta Garazin. Gaur egun, alde nabaria dago: muga politiko hori muga linguistiko bihurtzen ari da. Nire lanak horri baiezkoa ematen dio».
Frantsesaren eraginarekin lotutako beste fenomeno bat afrikazioa da. Soinu afrikatu bat afrikatu bihurtzean datza; adibidez, s soinua ts-ren tankerako batek ordezkatzen du gazte horien ahoskeran. «Euskaraz baditugu berezko afrikatuak, baina, frantsesaren eraginez, zenbait hitz afrikatzen dituzte. Adibidez, titulua-ren ordez, tsitulua. Hori harrigarria egin zaigu», zehaztu du.
«Hiriguneetako gazteen euskara nolakoa den aztertzeak emango dizkigu geroaldirako lehen zantzuak»
MADDI KINTANAIkertzailea eta itzultzailea
Musikan ez ezik, hizkuntzetan ere gertatzen da sinkopa, eta BAMeko gazteen ahoan ere bai. «Iparraldean nahiko ohikoa da zeren eta esateko zen’ta esatea; nonahi entzuten da. Gazteek beste aldaera hau erabiltzen dute: zta».
Badaude adibide gehiago. Adibidez, helduek baino askoz gehiago erabiltzen dutela frantsesezko mais hitza baina esateko. Finean esan ordez ere fin —frantsesezko enfin hitzaren laburdura— erabiltzen dute.
Hotsei dagokienez, sudurkariak ere topatu dituzte euskarazko hitzetan. Sudurkariak frantsesezko bokal batzuk dira, eta haizea sudurretik kanporatuz ahoskatzen dira. «Maileguetatik etorritako hitzek badituzte sudurkariak hemengo gazteen ahoskeran; kontzientzia hitzaren o soinua sudurkari bihurtuta, esaterako. Hori entzun daiteke. Gainera, badira gazte batzuk euskarazko hitz batzuk ere sudurkaritzen dituztenak. Adibidez, handia hitzean, a soinua sudurkaritu dute behin baino gehiagotan».
Hirietako euskararen desprestigioa gaitzetsita, Kintanak nabarmendu du baduela bere mamia: «Ez du esan nahi euskara txarra denik. Berrikuntza asko hirietatik datoz: aldaketa batzuk gertatzen dira, eta aztertu behar dugu zerk eragiten dituen, eta zer esan nahi duten».