Belaunaldi arteko ituna berritzeko deia

Zaintzari buruz hausnartzeko, dokumentu bat aurkeztu du Aubixa fundazioak. Eusko Legebiltzarrean lantalde bat eratu nahi du

Emakume bat, Bilbon, ariketak egiten. LUIS TEJIDO / EFE.
Maite Asensio Lozano.
Donostia
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
«Inoiz baino belaunaldi gehiago bizi dira elkarrekin, baina inoiz baino distantzia handiagoa dago haien artean, interes eta premia desberdinak uztartu ezinda». Kezka horretatik abiatuta, hausnarketa bat eskatu du Aubixa fundazioak. 2016an sortu zen erakundea Gipuzkoan, zahartzearen eta zaintzaren inguruan gogoetatzeko; bederatzi adituk bi urtez landutako dokumentua aurkeztu zuten atzo Donostian: Euskadi jasangarria: zaintza herrialde baterako belaunaldien arteko itun berri bat. Proposamenen artean, berehala martxan jartzeko moduko bat aipatu zuten: lantalde bat eratu nahi dute Eusko Legebiltzarrean, «belaunaldien arteko itun eraberritua» aztertzeko.

Belaunaldien arteko itun batean oinarritzen da egun zaintza sistema, Javier Yanguas psikologoak azaldu duenez: «Helduok seme-alabak zaintzen ditugu, pentsatuz etorkizunean haiek gu zainduko gaituztela». Hitzarmen hori, ordea, «zilegitasuna galtzen» ari da, eta belaunaldi arteko «arrakala», handitzen: «Zahartzen ari direnek barneratu dute bizitzaz gozatzeko abagunea dutela, hamarkadetan lan egin eta gero, gurasoek eta aitona-amonek baino baldintza hobeak izan dituztelako. Gazteek, ordea, badakite zaintzea ona dela, baina ez dakite nola egin: sumatzen dute euren gurasoak baino okerrago biziko direla eta ezin dutela ezer egin beren egoera hobetzeko».

Gizartean bestelako aldaketa batzuk ere izan direla erantsi du Aubixako lehendakari Jose Felix Marti Massok: «Pertsonen arteko harremanen eta bizitzaren kontzepzio indibidualista eta elkartasunik gabeko bat gailentzen ari da». Bizikidetza eta kohesio soziala arriskuan ikusten ditu: «Zerbitzu soziosanitarioen lubakitik egin diogu aurre zahartzearen hazkunde geldiezinari, baina gaur ezin dugu bermatutzat jo gure ongizate estatuaren eta zaintza ereduaren iraunkortasuna. Horregatik, premiazkoa da belaunaldien arteko ituna eguneratzea».

«Armada ikusezina»

Marti Massok nabarmendu du «gizarte babeserako armada ikusezin batek» sostengatzen duela sistema: «Haren balioa BPGaren %3 eta 5 artean dago; Euskadin, 2.200 eta 3.600 milioi euro artean». Hartara, zaintzari aukeren ikuspegitik begiratzera deitu du: «Geure burua I+G+b-ren abangoardian kokatzeko, enpatia, bizikidetza eta konpromiso komunitarioaren oinarritzat hartuz, ikuspegi etiko batetik».

Ildo horretan erdietsi nahi du Aubixak «herrialde itun» bat. «Zaintzaren kultura» birdefinitu nahi dute, «aberastasuna sor dezan, prestigioa izan dezan, gure inguruko esperientziarik onenekin lot gaitzan, komunitate sentipena hauspotu dezan, eta hurbiltasunaren, konpromisoaren eta erantzukizun sozialaren balio partekatuak berma ditzan». Hitzarmen berritu hori «blindatzeko», «adostasun politikoa» galdegin du fundazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.