Belateko tunelak itxiko dituzte abuztuaren 19tik urriaren 31ra

Belateko eta Almandozko tunelak itxita dauden bitartean trafikoa NA-1210 errepidetik desbideratuko dute, eta kamioilariei A-15a eta AP-15a erabiltzeko gomendatu diete.

Belateko tuneleko lanak. NAFARROAKO GOBERNUA
Belateko tuneleko lanak. NAFARROAKO GOBERNUA
2024ko abuztuaren 13a
15:00
Entzun

Nafarroako Gobernuak Belateko eta Almandozko tunelak itxiko ditu abuztuaren 19tik urriaren 31ra, N-121-A errepidean tunela bikoizteko lanak direla eta. Bi hilabete eta erdi horietan, trafikoa NA-1210 errepidetik desbideratuko dute. Alternatiba gisa, ibilgailu astunei gomendatu diete A-15 eta AP-15 errepideetatik joateko. Mozketak Baztango eta Ultzamaldeko bizilagunei eraginen die, batik bat.

Belateko tunela bikoizten ari dira, Europako araudiak eskatzen duen moduan. Aditzera eman dutenez, tunelaren hegoaldeko ahoan lanak aitzin doazelako itxiko dituzte bi igarobideak. Zehazki, hegoaldeko isurialdean eta ahoan egin beharreko lur erauzketen harira hartu dute erabakia. Lanek 45 hilabete iraunen dutela aurreikusten da; hau da, 2028ko amaierara arte iraungo dute.

Errepidea moztuta, Belateko portua igo beharko dute ibilgailuek. Horrek erran nahi du bidaia hamar minutu luzatzea eta lau bat kilometro gehiago egitea. Hemeretzi kilometro ditu mendateak, eta arras aldapatsua da. Gainera, errepidea estuagoa da, eta bihurgune itxiak ditu.

Ezpondaren indusketa egin aitzineko bibrazioen azterketen emaitzak ezagutu eta aztertu ondoren hartu dute zirkulazioa eteteko neurria. Lurra oso zatituta dagoela ondorioztatu dute, lanen zuzendaritzak eta lanean ari diren enpresek idatzitako txosten tekniko batean; beraz, lur erauzketa lanek iraun bitartean errepideko zirkulazioa eten behar dela adierazi dute, gidarien eta langileen segurtasuna bermatzeko. Izan ere, indusketak N-121-A errepidearen ondoko mendi hegalean egiten ari dira.

Oscar Txibite Lurralde Kohesiorako kontseilariak gaur goizean jakinarazi dizkie itxieraren behin betiko datak eta lanaren xehetasunak Baztan-Bidasoa eskualdeko alkateei, Baztango Udalean egindako bileran: «Helburua segurtasuna zaintzea, lanak arintzea eta Belateko tunela bikoizteko obrek eragindako eragozpenak gutxitzea da, hogei urteko aldarrikapenen ondoren, martxan baitaude».

Tunela aldi baterako itxita, luiziak gertatzeko arriskua txikitu nahi dute, gobernuaren esanetan; gainera, «garraioaren plangintza» hobetuko dela eta lanen denbora murriztuko dela esan dute. Oscar Txibitek zehaztu du lanak egiteko epea «hiruzpalau hilabete inguru» laburtuko dela, itxierarekin.

Belateko tunelak bikoizteak azken urteotako Nafarroako lan publikoen proiektu «garrantzitsu eta handizaleenetako» bat martxan paratzea dakarrela adierazi du Txibitek. «Eskaera historiko bati erantzuten dio, eta agerian uzten du Nafarroako Gobernuak bide segurtasunarekin duen konpromisoa, foru erkidegoa Europarekin lotzen duen errepideetako batean».

Nafarroako Gobernuak tunela bikoizteko lanak adjudikatu zizkien Acciona Construccion SA, Excavaciones Fermin Oses SM eta Servinabar 2000 SM enpresei, 62,9 milioi eurotan, BEZ balio erantsiaren zerga aparte.

Tunel berriaren neurriak

Belateko tunel berria hegoalderako noranzkoan —Iruñerakoan— erabiliko da. Noranzko bakarreko bidea bihurtuta, tunel bakoitzetik igaroko den ibilgailu kopurua murriztu egingo dela azaldu du kontseilariak.

2,9 kilometro luze izanen da, egungo galeriak duenaren antzekoa. Horrez gain, larrialdietarako bortz galeria eraikiko dituzte, 500 metrotik behin egungo tunelarekin lotzeko. Horrela, «erantzuteko gaitasun handiagoa eta esku hartze arinagoa» bermatuko dela erran du Txibitek.  

Bertzalde, tunel berriko bi erreietako bakoitza 3,5 metro zabal izanen da. Bazterbidea hiru metrokoa izanen da eskuineko aldean, eta metro batekoa ezkerreko aldean. Galtzadaren alde bietan 0,75 metroko bi espaloi eginen dituzte. Gainera, hamazazpi haizagailuko aireztapen sistema bat edukiko du, 30 megawatt-etik gorako sute posibleei aurre egiteko asmoz ingurumen mailari eutsi eta kea ateratzeko. 

Tunelaren kanpoaldeari dagokionez, lau semaforo, ixteko bi hesi eta mezularitza panel bat paratuko dituzte. Barrualdea, berriz, erreiari kalte egiteko hamasei panelekin, abiadura mugatzeko bertze hamaseirekin, hamasei semafororekin, bi mezularitza panelekin eta seinaleztapen fotoluminiszente batekin hornituko du

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.