Belarrak eta Diazek Sumarren aldeko botoa eskatu dute elkarrekin Iruñean

Podemoseko idazkari nagusiak «Europako alderdirik ustelena» izatea leporatu dio PPri. Giro onean aritu dira biak, Irene Montero Espainiako Berdintasun ministro Sumarren zerrendatik kanpo geratu ondoren elkarrekin egin duten lehen ekitaldian.

Yoanda Diaz eta Ione Belarra, gaur, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
xabier martin
2023ko uztailaren 17a
13:12
Entzun

Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroa Sumarren Kongresurako zerrendatik kanpo utzi ondoren, estreinakoz elkartu dira kanpainako ekitaldi batean Ione Belarra Sumarreko diputatugai eta Podemoseko idazkari nagusia eta Yolanda Diaz Sumar koalizioaren bultzatzaile eta Espainiako presidentegaia. Eta Iruñean izan da, giro ona islatzeko borondate argiarekin. Hitzaldia hasi aurretik, ez da irribarrerik falta izan Belarraren eta Diazen artean. Gaur bertan, EITB Focusen inkestak islatu du Sumarrek ez lukeela aterako diputaturik Nafarroan, nahiz eta eserleku bat ateratzeko PPrekin lukeen lehia boto kopuru apal baten kontua litzatekeen.

Belarra hasi da, PPren aurkako hitz gogorrekin: «PP da Europako alderdirik ustelena; ez ditu errespetatzen joko arauak, eta haren hauteskunde programa bakarra gezur esatea da». Podemoseko idazkari nagusiak irmotasuna erakutsi du eskuin muturraren aurrean, eta ohartarazi du hura geldiarazteko «boto seguru bakarra» Sumarrena dela. «Sumarren eta indar nazionalisten artean noren alde bozkatu zalantzan daudenei esaten diet uztailaren 23an Sumar indartsu ez badago ez dutela izango koalizio gobernu bat babesteko».

Diazek, berriz, datuetara jo du PPren aurka egiteko, ziurtatuz PPko Espainiako presidentegai Alberto Nuñez Feijook «gezurra esan esan digula berriro», pentsioak ez dituelako igo «sekula ere» KPIaren gainetik: «Pentsio publikoak defendatuko ditu Sumarrek; ez dugu nahi 65 urtetik gorako langilerik». Horrez gain, kanpainan zabaltzen ari den mezuak errepikatu ditu Diazek. Esaterako, gutxieneko soldata igotzen jarraituko dutela: «Lanaldia murrizteko garaia heldu da, eta soldatak apaldu gabe. Lanetik ordubete lehenago ateratzeko unea iritsi da, duin bizi ahal izateko».

Sumarren Nafarroako Kongresurako zerrendaburu eta europarlamentari Idoia Villanuevak, berriz, Nafarroara bideratu du bere hitzaldia, eta lurralde horretako lehia zehatz bat nabarmendu du: «Nafarroan Sergi Sayas ordezkari gisa izango dugun ala Sumarren ordezkari bat, hori ere jokatzen ari gara uztailaren 23an. Hautatu behar dugu PPren ahal duena salba dadila ereduaren eta Sumarren zerbitzu sozialen eta eskubide feministen ereduaren artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.