Soslaia

Bel Pozueta: bidegabekeria sufritu dutenen ahotsa

Pozueta, ezkerrean, Altsasuko gazteen aldeko mobilizazio batean, 2016an. JESUS DIGES, EFE
Ion Orzaiz.
2019ko azaroaren 11
10:19
Entzun

"Ama, aurrera". Bel Pozuetak (Iruñea, 1965) BERRIAri kontatu zion "bertigoa" sentitu zuela EH Bilduko zerrendaburu izateko aukera eskaini ziotenean, baina, egun hartan espetxean Adur Ramirez de Alda semearekin elkartu zenean, hark zailtasun guztien gainetik aurrera egiteko animoa eta indarra eman zion. Lehen aldian ezinezkoa izan zen: 400 botorengatik gelditu zen Espainiako Kongresutik kanpo. Orain, ezinezkoa zirudiena egin du: iazko marka ona hobetu, eta 56.000 boto lortu ditu Nafarroan. Orain bai, "aurrera" egin du, semeak esan bezala.

Hain zuzen, Adur Ramirez de Alda Espainiako Auzitegi Nagusiak zigortutako gaztearen ama eta Altsasuko Gurasoak taldeko bozeramaile gisa egin zen ezagun Pozueta. "Injustiziaren aurka borrokatzen ikasi dut. Sufrimenduak borrokarako grina piztu dit", esan zuen bere hautagaitzaren aurkezpenean. Duintasunaren eta bidegabekerien kontrako erresistentziaren aurpegi bihurtu da urte hauetan.

Hala ere, Pozueta ez da politikan hasi berria. 1999ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartu zuen, Euskal Herritarrok koalizioaren zerrendako 31. postuan. 2003ko udal hauteskundeetan, berriz, Altsasuko Indarra plataformarekin egin zuen bat, eta 11. postuan aurkeztu zen. Altsasuko Gure Esku Dago egitasmoan era aktiboan parte hartu izan du, hango herri galdeketa antolatuz.

Soziologiako lizentziaduna da, eta masterra egin zuen Alcalako Unibertsitatean (Espainia). 1994 eta 2006 bitartean, Etxarri Aranazko Emakumeentzako Arreta Zentroko sexu hezitzaile lanetan aritu zen. Hezkidetzan eta sexologia klinikoan aditua da, gainera: Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat ikastetxetan sexu heziketaz arduratu da, eta aholkulari eta aditu lanetan aritu da Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren hezkidetza programak ontzeko prozesuetan. Besteak beste, Skolae programaren diseinatzaileetako bat izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.