Joan den urtearen amaieran, doktoretza prestatzen ari zen ikerlari talde batek jakin zuen Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari eragiten dien 33/2013 foru arauaren arabera ez zutela pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) ordaindu beharrik. Ikerlariek horren berri izan zutenean, erreklamazioak jarri zituzten hiru lurraldeetako ogasunetan, bederatzi urtez PFEZa ordaindu zutelako. Erreklamazio horiek «lau urteko epean eta pertsonalki egin behar dira», azaldu du Arabako doktoretza aurreko ikertzaileen kolektiboak, eta nabarmendu horrek prozesua moteltzen duela.
Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek arrazoia eman diete ikerlariei, eta ordaindutako dirua itzuli diete, baina Arabakoak ez. Arabako doktoretza aurreko ikertzaileen kolektiboak ohar batean erran duenez, Arabako foru ogasuna «ahal duen guztia» egiten ari da legea «ez betetzeko». Kolektiboaren erranetan, erakundea «blokeatuta» dago: «Ez dute argi araua horrela ote den». Foru ogasunak atzera bota ditu ikerlariek aurkeztutako errekurtsoak, eta, beraz, ikertzaileek ez dute dirurik jaso. Ikerlariei «1.000 eta 5.000 euro bitarte» zor zaizkiela gehitu du kolektiboak.
«Etsita gaude; ehun kaltetu baino gehiago gara. Ez dugu erantzunik jasotzen, eta babesik gabe gaude guk gizartearendako egiten ditugun aurrerapenez gozatzen duten pertsona eta erakundeen aurrean», azaldu dute oharrean. Ikertzaileen kolektiboak nabarmendu du egoera hori bi faktoreren ondorioa dela: «Euskal Herriko Unibertsitatearen praktika txarra eta erakundeen kolaboraziorik eza».
Soldata
PFEZa ordaindu behar izateak ikerlariek beren soldataren zati bat galtzea dakar. Izan ere, doktoretza bat prestatzen ari direnek urteak daramatzate soldata prekarioan truke lanean. Oharrean azaltzen denez, lehenbiziko urtean soldata ez da 900 eurora iristen, bigarrenean 1.000 eurora hurbiltzen da, eta hirugarrenean, berriz, 1.100 eurora. LAB sindikatuaren arabera, ikerlariek ez balute ordainduko zerga hori, 97, 117 eta 200 euro igoko litzaieke soldata, urtearen arabera.
Ikerlariek astean 50 orduz egiten dute lan diru hori eskuratu ahal izateko. Oharrean azaldu dute, baldintza horietan lan eginda ere, ikertzaile taldeek, bertzeak bertze, osasun arloan aurrerapen andana eta argitalpen dibulgatzaile anitz egin dituztela.