Beitialarrangoitia: «Ez dute lortuko Madrilen gure ahotsa isilaraztea»

EH Bildukoak salatu du «erabaki politikoa» izan dela taldea eratzen ez uztea. Gaur amaituko du Felipe VI.ak inbestidurari begirako erronda

Enbeita eta Beitialarrangoitia, Madrilen, diputatu kargua hartzen. ANGEL DIAZ / EFE.
Hodei Iruretagoiena
2016ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak salatu du EH Bilduri, ERCri eta IU-UPri taldea eratzea eragotzi izana «erabaki erabat politikoa» izan dela, Espainiako Kongresuan koalizioak «ahots gutxiago» izan dezan. Helegitea jartzea aztertzen ari direla azaldu du EH Bilduko diputatuak, baina ERCk iragarri du dagoeneko talde propioa sortuko duela. Talde mistora pasatu beharko dute, beraz, bi diputatu subiranistek. Irmo hitz egin du, hala ere, Beitialarrangoitiak: «Ez dute lortuko Madrilen gure ahotsa isilaraztea».

Kongresuko mahaiak erabakitakoaren aurka hitz egin du EAJko diputatu Joseba Agirretxeak ere: «Ciudadanosi galdetuko nioke berdin egingo lukeen taldea osatu nahi zutenak beste batzuk izan balira. Ziurrenik ez. Mendeku politiko txiki bat dago hor».

Mahaiaren beraren osaeraz ere aritu dira Beitialarrangoitia eta Agirretxea. PPk eta Ciudadanosek gehiengoa dute bertan —presidentea PSOEko Patxi Lopez izan arren—, eta EH Bildukoak salatu du botoek ez zietela gehiengo hori eman. Jeltzalearen esanetan, «gozoki pozoitua» eman diete sozialistei. Izan ere, PPren eta Ciudadanosen gehiengo hori garrantzitsua izan daiteke gobernua osatu artean. Asteartean erabakiko dute Kongresua zein neurritan jarriko den martxan gobernua osatu aurretik, eta, esaterako, legeak tramitatzeko aukera irekiko balute, egoera bitxia sor liteke:PSOEk eta Podemosek neurriren bat aurrera atera dezakete Kongresuan,talde txikiagoekin batera, baina mahaiak izango luke horiek onartzeko azken hitza. PPk eta Ciudadanosek, alegia.

Inbestidurari begira

Bitartean, gobernua osatzeko mugimenduetan ari dira alderdiak. Espainiako errege Felipe VI.a bilera erronda egiten ari da, eta gaur hartuko du PPko Mariano Rajoy. Atzo, besteak beste, Conpromiseko Joan Baldovi egon zen Zarzuela jauregian, eta azaldu zuen Felipe VI.aren asmoa dela Rajoy proposatzea hautagai. Hala ere, Baldoviren esanetan, Espainiako erregeak ez du baztertzen PPko buruak atzeraegitea.

Kataluniako umorezko irratsaio batean aitortu duenez, «oso libre» dauka agenda Espainiako behin-behineko presidenteak. Libreegi, agian, gobernua osatu nahian ibiltzeko. Txantxa bat egin zioten Radio Flaixback irratikoek: haietako bat Kataluniako presidente Carles Puigdemont bailitzan deitu zioten, eta zuzenean aritu ziren Rajoyrekin.

PSOEk nabarmendu du Rajoyk aurkeztu behar duela aurrena, eta presidente izatea lortzen ez badu, orduan hasiko dela Pedro Sanchez babes bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.