Behingoagatik, berri on bat

Ohi baino jende eta mugimendu gehiago dela ailegatu da absoluzioaren albistea BERRIAren Andoaingo erredakziora. Txaloak eta besarkadak. Zazpi urteko ezinegona eta tentsioa, poz bihurtu dira, azkenean. Gertatua ahaztu gabe.

Andoain / Oihana Elduaien
2010eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Azkenean iritsi da, hainbeste urtez itxaron eta amestutako absoluzioa. Letra larriz, absoluzioa. Bost auzipetuentzat, guztientzat. Eguerdirako espero da epaiaren berri izatea, eta ordurako ohi baino mugimendu eta jende gehiago dabil, hara eta hona, BERRIAren Andoaingo erredakzioan. Urduritasuna, tentsioa... Guztiak izan daitekeen berririk onenaren zain.

El Mundo egunkariaren edizio digitala izan da absoluzioaren berri ematen lehenetarikoa. Orduantxe hasi da erredakzioan zurrumurrua ugaritzen: «El Mundok dio absolbitu egin dituztela!». Jendea, apurka, Martxelo Otamendiren bulegora hurbiltzen ari da. Hark baieztatu du berria. Absolbitu egin dituzte. «Bai, bai, absolbitu egin dituzte!».

Besarkadak, zoriontzeak, malkoak, telefono deiak eta mezuak. Egiteko guztiak utzi, eta Otamendiren bulegoko atearen inguruan bildu da jendea. Ia ordubete luzez solas eta barre hotsa izan da nagusi erredakzioan. Apurka bazkaltzera doa jendea, albiste onak albiste, astelehena baita: lan eguna.

Bigarren ospakizuna

Arratsaldean izan dute jarraipena ospakizunek, besarkadek eta zorion agurrek. Hala, ezohiko argazkia sortu da, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Egunkaria-ko langile ohiak, auzipetuen senideak, BERRIAko langileak... Guztiak batu dira bost auzipetuei lehen harrera egin eta albistea ospatzeko.Hedabide ugaritako kamera, mikrofono eta grabagailuak ere etorri dira harrerara. Handia da ikusmina.

Argazkiak badu 2003ko otsailean, Egunkaria itxi orduko egindako argazkiekin ezberdintasunik. Aurpegi serioak ez, baina, irribarrea eta poza guztien begietan.Orduko injustizia eta amorrua-oraindik erabat amaitu ez dena- presente dira, ordea.Berriro, besarkadak eta txaloak.

Aspaldi elkar ikusi gabekoen elkargune ere bihurtu da arratsaldeko ospakizun txikia. Eta argazki horrek ere badu duela zazpi urtekoarekin alderik. Orduan langile zirenek bisitarako ere baliatu dute eguna. Zazpi urte gazteago ziren, eta Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuenean jaio ere egin gabe zeuden seme-alabak hartuta etorri dira hainbat Andoainera. Zazpi urte, zazpi baitira. Zazpi urte joan baitira auzipetuentzat ere.

Ordukoezinegon eta amorruari, beste sentipen batzuk garaitu zaizkio oraingoan. Zazpi urte luzez, esna nahiz lotan itxaron, desio eta amestutako sentipenak.



Auzi ekonomikoan gertatuko denari so

O. Elduaien.

Egunkaria-ko sumario nagusiko epaiketa egin den arren, auziarekin lotutako beste epaiketa bat egiteko dago oraindik: auzi ekonomikoa. Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu, Fernando Furundarena eta Ainhoa Albisu daude auzipetuta. Irregulartasun ekonomikoak egitea egozten die haiei Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Zehazki, diru kontuak faltsutzea, zerga iruzurra egitea eta diru laguntzen iruzurra egitea leporatzen die. Guztira, 184 urteko espetxe zigorra eta 235 milioi euroko isuna eskatzen dute akusazioek zortzi auzipetuentzat.

Guztiak delitu ekonomikoak diren arren, epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean egitea erabaki zuten, eta hasiera data jartzea besterik ez da falta hura hasteko. Nolanahi ere, epaiketa hori Tolosako Auzitegian egitearen alde lanean aritu da defentsa, «terrorismo delituekin» zerikusirik ez duenez, Auzitegi Nazionalak epaiketa egiteko eskuduntzarik ez duela argudiatuta. Fiskaltzak ere bat egiten du defentsaren eskaerarekin, eta halaxe agertu zuen akusazio idatzia aurkeztu zuenean ere. Aurretiazko gai gisa, epaiketa Tolosan egitearen gaia jarri zuen Fiskaltzak, eta defentsak ere gauza bera egin zuenez, epaiketako aurreneko egunean horri buruzko erabakia hartu beharko du epaimahaiak beste ezeren aurretik.

Auzi honetan ere bada herri akusaziorik. Sumario Nagusian Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek osatzen zuten akusazio hori, eta auzi ekonomikoan, Dignidad y Justicia elkarteak.

Guardia Zibilak Martin Ugalde Kultur Parkearen kontra 2003ko urriaren 16an egindako polizia operaziotik dator Egunkariako auzi ekonomikoa deiturikoa. Bederatzi lagun atxilotu zituzten operazio hartan, eta Egunkaria-rekin zerikusia zuten hainbat enpresa miatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.