Udako seriea. Politika herrigintzatik (VI): Ipar Euskal Herria

Behin saldua, betiko galdua

Espekulazioari buru egin eta lurrak kolektiboki eskuratuz, laborantza lurrak atxikitzea da Lurzaindiaren helburua. Egitura publikoak gaindituak direnean, ekintza militanteen bidez egiten diote aurre lur harrapariari.

Lurzaindiko kideen agerraldia Arbonako Berroeta lur eremuan. GUILLAUME FAUVEAU
Lurzaindiko kideen agerraldia Arbonako Berroeta lur eremuan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko irailaren 8a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Traktore saldoa errepidean, etxe agentzia, promotoreen eta notarioen kontrako mobilizazioak, lur eremuen okupazioak... Laborantza lurrak babesteko ekintzak biderkatu egin dira azken urteetan Ipar Euskal Herrian. Arbonan, Ahetzen, Senperen, Kanbon (Lapurdi), Aiherran, Bidarrain eta Azkaraten (Nafarroa Beherea), arazo berari buru egiteko antolatu dira herritarrak eta eragileak. Safer laborantza lurren zaintzeko erakunde publikoaren datua da: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, laborantzarako seiehun lur hektarea galtzen dira urtero. Hirigintza arloko erabakien eta salmenta espekulatiboen ondorioa izaten da nagusiki. Kezka horrekin sortu zen 1979an GFAM Lurra, Laborari Lurretako Elkartasunezko Taldea. 2013an, Lurzaindia bilakatu zen. «Lur anitz galtzen da laborantzan legitimitaterik ez duen jendearen mesedetan, garesti; janari ekoizle ez diren aberatsen eskuetan dira», salatu du Dominique Ameztoi Lurzaindiko kideak. Lurraren defentsan ari direnen aspaldiko leloa da: Behin saldua, betikoa galdua.

Herri aurrezkian oinarriturik, Ipar Euskal Herriko laborantza lurrak kolektiboki erosi, eta bertan laborariak ezartzea da Lurzaindiaren helburua. Hiru egitura ditu horretarako: akziodun sozietatea, elkartea eta fundazioa, hirurak izen berekoak. 3767 elkartasunezko akziodun dituzte, eta herritarren eta instituzioen dohaintzak ere hartzen dituzte. GFAM sortu zenetik, 1,6 milioi euro inbertitu dituzte, eta 486 hektarea zaintzea lortu dute; gaur egun, 37 laborarik baliatzen dituzte. Kalitatezko herri laborantza iraunkorrean ari dira guziak. Lau egitura dira Lurzaindiaren berme: ELB sindikatua, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Arrapitz elkartea eta Inter AMAP kontsumo taldeen federazioa.

37

Instalatuak diren laborariak. Gaur arte, 1,6 milioi euro inbertitu dituzte laborantza lurrak atxikitzeko, eta 486 hektarea babestu dituzte. Kalitatezko herri laborantza iraunkorrean ari diren 37 laborarik erabiltzen dituzte lur horiek.

Gaur egun, batez bestean 4.230 euroan saltzen da laborantza lur baten hektarea mendi eremuan; Lapurdi kostaldean, 6.070 eurokoa da batez besteko prezioa. Salmenta prozedura bat abiatzean, notarioak jakinarazpena bidali behar dio Safer egiturari, eta horrek lehentasunez erosteko eskubidea baliatu dezake, erosketa prezio bat proposatuz. Orduan, bi aukera daude: saltzaileak Safer egiturak proposatutako prezioa onartzea eta salmenta gauzatzea, edo salmenta bertan behera gelditzea. Salmenta bakoitzarentzat Saferrak laborantza sindikatuei abisua bidaltzen die, lurrak eskuratu nahiko lituzketen laborariekin lotura egiteko; orduan sartzen da jokoan Lurzaindia, ELBren bidez. 

Lurzaindiak emandako datuen arabera, 2013tik prezio zuzena ez zuten 112 salmenta oztopatu dituzte Saferraren lehentasunez erosteko eskubidearen bidez, eta beste hamar salmentatan saltzaileak prezioa berrikustea onartu du. Orotara, laborantza lurrak prezio zuzenean atxiki dituzte 980 hektareatan, eta 21 salmenta gauzatu dituzte laborari baten onurarako. 

Baina jukutriak ere badira. «Frantzian lege bat egiten dutenean, saihetsean beste bat egiten dute, hura saihesteko», deitoratu du Ameztoik. Etxalde batean bost urtean laborantza jarduerarik ez bada, bizitegiak laborantza bokazioa galtzen du, eta, beraz, Safer egituraren eskumenetatik ateratzen da. Lurrekin batera, laborantzarako bokaziorik ez duen bizitegi bat salgai ezarria bada, laborantza lurren zaintzeko erakunde publikoak erosketa partziala egitea proposa diezaioke saltzaileari, baina hura ez da onartzera behartua. Hori izan zen Arbonako Berroeta edo Senpereko Olha lur eremuetako kasua, adibidez. «Dena erosiz, espekulazioaren jokoan sartzen gara», ohartarazi du Ameztoik. Orduan, ekintza militanteetara jotzen dute, saltzaileari presio egiteko. «Horrek gaitu atxikitzen».

«Lurra ez da berritzen den merkantzia bat. Behin betoiak gaina hartzen badu, han ez da gehiago artorik ez belarrik ikusiko»

DOMINIQUE AMEZTOILurzaindiko kidea

Beste jukutria bat ere antzeman dute azken urteetan: lurrak jabetza hutsean saltzea, gozamenik gabe. Safer egitura desbideratzeko manera da. Izan ere, urte batzuen buruan lurren gozamena saltzen bada, jabetza hutsaren menpe denak izanen du horiek erosteko lehentasuna. Hori egiten entseatu ziren Arbonan, eta Lurzaindiak eta Saferrek auzitara jo zuten. Orain dela gutxi, arrazoi eman die Frantziako Justiziak. 

Instituzioetan eragitea

Urteetako lerratzeen eta kontrako politiken ondotik, Ameztoik uste du gaur egun badirela laborantza lurren erronka kontuan hartzen duten auzapezak. Ontzat eman du zero artifizializazio arauak markatzen duen helburua ere. «Auzapez gehienek konprenitua dute ez dela orain arte bezala jostatu behar, beti gehiago, beti gehiago, beti gehiago... kasu egin behar diotela lurrari. Lurra ez da berritzen den merkantzia bat. Behin betoiak gaina hartzen badu, han ez da gehiago artorik ez belarrik ikusiko».

Instituzio batzuekin elkarlanean aritu izan dira afera batzuetan. Lurzaindia eta ELBren laguntzari esker, Azkarateko Herriko Etxeak bi etxebizitza eta laborantza lurrak bereganatu zituen. «Baziren espekulatzaileak auzitegian jo eta jo ari zirenak, eta herriko etxeak galdua zuen. Borroka sindikalari esker, momentu batean gauzak itzuli dira», oroitu du Ameztoik. «Ez gara eskolako haur batzuk: baditugu helburu batzuk, eta badakigu nola egin behar dugun helburu horietara heltzeko. Ez dugu zernahi egiten».

Kontrako adibideak ere eman ditu, hala nola Kanbo eta Arbonako herriko etxeak. Ezaguna da Marieneko proiektuaren kontrako mobilizazioa, gutxiago Arbonakoa: etxe multzo bat eraiki zuten laborantzako lurretan, baina auzitegiek eraikuntzako baimenak ezeztatu zituzten. «Baditugu hamabost auzi irabaziak», azpimarratu du Ameztoik. Euskal Hirigune Elkargoaren rola gaitzetsi du, hura ari baita lur horiek hirigintza planean eraikigarri deklaratu nahiez; Bordeleko auzitegiak erabakiaren kontra egin zuen. «Kasazio Auzitegira jo dute orain; segur naiz elkargoko 158 herrietarik gehienek ez dakitela horretan ari direla. Seguruenik ez dugu aski jakinarazi, baina grabe da».

Alta, elkargoa Lurzaindiari segika ari da maiz: iazko otsailean hitzarmena izenpetu zuten Safer egiturarekin, laborantza lurren salmenta gehiegizko prezioan egin nahi den aldi orotan Saferrek lehentasunezko erosketa proposatzeko automatikoki. «Badu hamar urte gu horretan ari garela».

Laborarien baldintzak

Eskuratzen dituen lurretan instalatu nahi dituen laborari gazteen proiektua zaintzeaz gain, esperientzia hartzeko parada ere ematen diete Ipar Euskal Herrian, Trebatu elkartearen bidez. Abiatu nahi luketen laborantza proiektua baldintza errealetan entseatzeko aukera da. Hautagai gehienak hortik pasarazten dituzte gaur egun. Beste erronka bat ere badutela erran du Ameztoik: laborarien bizitegiak. Lurrak eskuratzea ez baita aski. Tinny house gisako etxebizitza txiki batzuk eskuratzeko proiektua badute, instalatzen diren laborariei behin-behineko aterabide bat emateko.

Baina gizarteak lurrari buruz duen ideia aldatzea da erronka nagusienetako bat, Ameztoiren hitzetan. «Lurra laborariaren tresna da, ez da ondasun bat», azpimarratu du. «Laborariak ez du lurra bakarrik saltzen. Laborariak lurra saltzen du auzapez batek eraikigarri ezarri duelako, eta dirua behar baitzuen. Guretzat borroka handienetako bat da errespetua ekartzea jendeak lurrari, eta ohartzea bere janaria handik heldu dela, eta laneko tresna bat ere badela». 

Azken hamarkadetako bilakaeraren ondorioz, laborari anitzen baldintzak okertu direla erran du Ameztoik. «Lehen, Aldudeko, Ezterenzubiko edo Arnegiko artzainak bazkaz joaten ziren Arrangoitzeraino. Orain ez da lurrik gehiago». Lur maldatsuetan ibiltzen dira laborariak, eta zernahi istripu gertatzen da urtero. «Alde humanoa ere kontuan hartu behar da. Batzuentzat sosa, sosa eta sosa; ez da bertzerik. Nik nahi dut errespetatuak izan gaitezen».

 

Martin Lemaire, laboraria: «Lurzaindia gabe, ez nuen lurrik lortuko»

Hainbat etxaldetan lanean aritu ondotik, Lurzaindiari esker lortu zituen lurrak mahastiak landatzeko. Jasotakoa itzuli nahi du orain Lemairek.

Martin Lemaire, bere lurretan. GUILLAUME FAUVEAU
Martin Lemaire, bere lurretan. GUILLAUME FAUVEAU

Mahastizaina da Martin Lemaire. Donibane Lohizunen (Lapurdi) ditu lurrak, lau hektarea inguru. Orain dela lau urte eskuratu zituen, Lurzaindiaren laguntzarekin. Xopiteneako eremuan etxea, baserria eta sei hektarea lur zeuden; laborantzarako menturarik ez zuen jabe bati saltzeko proiektua zuen jabeak. Baina herritar batek abisatuta, Lurzaindiara iritsi zen informazioa, eta, bataila baten ondotik, lau hektarea lur salmentatik bereiztea lortu zuten. Safer egituraren bidez erosteko proposamena egin zuen Lurzaindiak: «Hiru hautagaitza izan zituzten, eta nirea hautatu zuten», kontatu du Lemairek. «Lurzaindiari esker, lurrak kolektiboki erosiak izan ziren, eta alokairu normala eskaini didate. Errazago da, baitakizu babesa izanen duzula eta ez zaituztela egunetik biharamunera botako. Lurzaindia gabe, ez nuen lortuko».

Ingeniari agronomoa da ikasketaz Lemaire. Transformazio gela batean hasi zen lanean, tokiko garagardoa ekoizteko xedearekin, eta hainbat etxaldetan ere aritu zen. Produktua hurbiletik ezagutzeak prozesu guzia hastetik buru eramateko gogoa piztu zion. Orduan hasi zen trabaz betetako bidea: «Familiako lurrik ez duzunean, biziki zaila da. Edo sosa baduzu lurrak erosteko, edo sare bat behar duzu: zeure burua aurkeztu behar duzu, ezagutarazi». EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberari eta Lurzaindiari aurkeztu zien bere proiektua, eta hainbat herriko etxetara ere gutunak bidali zituen: «Batzuek errezibitzen zaituzte, baina besteek hori ere ez».

Anartean, beste etxalde batzuetan hasi zen lanean, entseatzeko. «Laborantza ez da lanbide bat bakarrik, bizimodu bat da. Zaila da entzutea, onartzea, baina esperientzia hori ezinbestekoa da. Anitzetan gertatzen da esperientziarik gabeko gazte batzuk proiektua batean sartu eta porrot egitea». Lurrak salgai dituzten laborariek ere ez diete edonori saldu nahi izaten. «Lurra edo baserria saldu edo alokatu nahi dutenek, maiz, inkesta egiten dute hautagaiari buruz. Jakin nahi dute proiektuaren sendotasuna nolakoa den», esplikatu du. «Jende anitz bada lurrak xerkatzen dituena».

Esker onez mintzo da Lurzaindiak emandako aukerari buruz: «Ez zarelarik mundu horretakoa, ateak ixten dira berehala. Lurzaindikoak bakarrak dira nirea bezalako soslai bati xantza bat ematen diotenak».

Gaur egun ELBko kide da, eta Lurzaindiaren administrazio kontseiluan parte hartzen du sindikatuko ordezkari gisa. «Inportantea zait itzultzea ukan dudan guzia». Lemairek argi du: «Ipar Euskal Herrian, Lapurdi kostaldean ere, lur anitz bada; arazoa da ez direla laborantzarako». Behin salduak direnean galduak direla ohartarazi du. «Horregatik, inportantea da borroka horietan parte hartzea: lurra babesten badugu, besteak laguntzen ditugu instalatzen».

ARBONA

2021eko ekainean Arbonako Berroetako (Lapurdi) bideko lur eremu bat okupatu zuten ELBk eta Lurzaindiak, salmenta espekulatibo bat salatzeko. Bi etxebizitza —horietako bat zahartua— eta laborantzarako hamabi hektarea lur 3,2 milioi euroan saldu nahi zituen Yves Borotra Arbonako jabeak. Hilabeteetako mobilizazioaren ondotik, salmenta gelditzea lortu zuten. Gerora, presio militantearen eta auzitegietako helegiteen bidez, bi aldiz oztopatu dute salmenta eragileek.

SENPERE

Iazko udan, Senpereko Olha eremua (Lapurdi) okupatu zuten ELBk, Lurzaindiak, Senpertarren Kolektiboak eta Ostia sareak. Safer laborantza lurrak kudeatzeko egiturak 200.000 euroan estimatu bazuen ere, 1,3 milioi euroan saldu zituen jabeak 50 hektareako lur eremua eta hari atxikitako etxe txikia. Adam makarroi saltegien kontrako ekintzak ere egin zituzten eragileek, horiek baitziren lurraren erosleak. Mobilizazioak ez zuen lortu salmenta oztopatzen.

KANBO

Bouyguesek eta Office 64 obralariek Kanboko Marieneko lurretan (Lapurdi) duten eraikuntza egitasmoaren kontra mobilizatuak dira azken urteetan ELB, Lurzaindia, CADE, Ostia kolektiboa eta Nahi Dugun Herria ezkerreko abertzaleen talde politikoa. Hirigintza planaren eta eraikitzeko baimenaren kontrako helegiteak jarriak dituzte auzitegietan, eta bestelako ekintzak ere egin izan dituzte. Proiektua aitzina segituko balu, lurrak okupatzeko prest agertu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.