Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak igarota, alderdiak aurrera begira jarri dira: EAJ eta PSE-EE jada ari dira hizketan Eusko Jaurlaritza berriari forma emateko helburuz, eta gainerakoak ere legebiltzar berrirako egokitzen ari dira. Behin lan horiek egin eta gero, ordea, barrura begira jartzeko garaia iritsi zaio hainbati.
EAJ
Zenbait inkestak iragartzen zuten sorpasso-a eragoztea lortu zuen EAJk aurreko igandean, eta EAJ-PSE-EE koalizioak gehiengo osoa bermatu du. Horrek, baina, ez du eragotziko EAJk «garai berrietara egokitzeko» aldaketekin jarraitzea, alderdiko zenbait buruzagik esan duten moduan. «Indar berriaren» erakusle izan zen Imanol Pradalesek Iñigo Urkulluren lekua hartzea. Eta orain, ikusi beharko da nortzuk egongo diren harekin gobernu kontseiluan: Nerea Melgosa da bozetara aurkeztu zen sailburu jeltzale bakarra. Horrez gain, Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioa ere eraberritu beharko du EAJk, Joseba Egibar eta Iñigo Iturrate ez baitira bertan izango; hurrenez hurren, taldeko eleduna eta koordinatzailea ziren.
Ondo bidean, EAJk uda aurretik zehaztu beharko ditu izendapen horiek, eta oporren ostean bestelako lan batzuei heldu beharko die. EBB eta lurraldeetako buru batzarrak egokitzeko txanda izango da. Egibar eta Jose Antonio Suso legebiltzarretik at geratu izana aldaketaren aurrerapen bat izan daiteke; ABBko presidenteari dagokionez, jada iragarri du ez duela kargu horretan jarraituko.
EH Bildu
EH Bilduk azken urteetako gorakadari jarraipena ematea du helburu. Koalizioak bozen aurretik egin zuen karguen banaketa, eta bereizi egin zituen Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia —Pello Otxandiano— eta Eusko Legebiltzarreko bozeramailea —Nerea Kortajarena—. Oposizioan geratzen bada, baina, erabaki beharko du parlamentari bakoitzari zer eginkizun emango dion.
Udazkenetik aurrera, berriz, jeltzaleek bezala, EH Bilduk ere barrura begirako lanak egin beharko ditu. Orduan dute hastekoa Mahai Politikoa berritzeko prozesua. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak azaroan adierazi zuen koalizioaren gidaritzan jarraitzeko asmoa, eta, oposiziorik ezean, urtea bukatzerako argituko da ea aldaketarik baden haren lantaldean; besteak beste, ea Otxandianok Programa zuzendari gisa jarraituko ote duen.
PSE-EE
Duela lau urteko emaitzak hobetuta eta koalizio gobernu posiblean pisu handiagoa izanda, PSE-EEk botere kuota handiagoa nahi du gobernuan. Bide horretan, ikusteko dago Eneko Andueza sozialisten idazkari nagusia gobernuan sartuko ote den, edo azken urteetako rolari eutsi eta talde parlamentarioaren eledun gisa jarraituko ote duen, EAJtik bereizteko asmoz. Gauza bat argi dago: PSE-EEk ordezkari berriak izango dituela gobernu kontseiluan, Javier Hurtado baita legebiltzarrean izango den jarduneko sailburu sozialista bakarra.
EAJn eta EH Bildun ez bezala, PSE-EEn ez da barrura begirako aldaketa handirik espero. Andueza 2021eko urrian aukeratu zuten alderdiko idazkari nagusi, eta, ezustekorik ezean, hala jarraituko du gutxienez 2025eko udazkenera arte.
PP
Alberto Nuñez Feijoo Espainiako Alderdi Popularreko zuzendaritzara iristearekin, aldaketa andana izan zen EAEko PPn; nagusia, Javier de Andresek Carlos Iturgaiz ordezkatu izana presidente gisa. Hark aldaketak egin zituen zuzendaritzan, eta hori legebiltzarrerako zerrendetan ere islatu da: aurreko legealdian aritutakoen artean, bi soilik izango dira berriz parlamentuan. Orain, gidaritza horri forma ematen jarraitu beharko du De Andresek.
Sumar
Eusko Legebiltzarrean izateko helburua beteta, Sumarrek barne antolaketan buru-belarri hasi beharko du, eta ez dirudi prozesu erraza izango denik. Koaliziokideek adierazi dute alderdien arteko harremanak onak direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Madrilen, baina, eztabaida azaleratu da bakoitzak izan beharreko tokiaren inguruan. Ondorioz, atzeratu egin dute alderdiak mugimenduaren zuzendaritzan txertatzeko prozesua.
Elkarrekin Podemos
Eusko Legebiltzarretik kanpo geratu ostean, Elkarrekin Podemosek udaletatik eta batzar nagusietatik eutsi beharko dio bere lan politikoari. Horrekin batera, baliteke barne antolaketan ere aldaketak izatea. Pilar Garrido duela lau urteko bozen atarian iritsi zen Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi kargura. Beraz, lau urteko epea igaro aurretik bildu beharko da alderdiaren Herritar Kontseilua organo nagusiak berritzeko; baliteke egungo zuzendaritzak beste talde bat izatea aurrez aurre.