Behin betiko itxi dute 'Davalor auzia'

Geroa Baik babesa adierazi dio Manu Aierdi kontseilari ohiari, eta kritikatu du UPNk eta PPk «justiziaren erabilera alderdikoia» egin izana.

Auziaren harira Nafarroako justizia jauregian egindako saio bat. JESUS DIGES / EFE
Auziaren harira Nafarroako justizia jauregian egindako saio bat. JESUS DIGES / EFE
2025eko martxoaren 5a
17:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Geroa Baik jakinarazi duenez, Nafarroako Probintzia Auzitegiak behin betiko artxibatu du Davalor auzia. Erabaki bera hartu zuten aurrez Nafarroako Probintzia Auzitegiko 2. salak eta Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak ere, argudiatuta ikerketa judiziala epez kanpo luzatu zela, eta, ondorioz, indargabe utzi behar zirela 2022ko urtarrilaren 22tik aurrerako eginbideak.

Erabakiaren berri izan duenean, Geroa Baik babesa adierazi die Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilari ohiari eta haren lantaldeari, «prozesu bidegabe honetan kaltetu nagusiak izan baitira». Izan ere, Aierdik dimisioa eman zuen 2021ean, UPNk jarritako salaketaren harira auzia martxan jarri zenean.

Hain zuzen, UPNk eta PPk auzi horren inguruan izandako jarrera txarretsi du Geroa Baik. Zehazki, Aierdiri eta koalizioari jazartzea eta «justiziaren erabilera alderdikoia» egitea leporatu die, «kasu hori urtetan instrumentalizatu baitute, interes politiko argi batez». Hala, koalizioak uste du barkamena eskatu beharko luketela «eragindako minagatik».

Davalor enpresa 2011. urtean sortu zen, eta makina bat garatu zuen ikusmeneko hainbat parametro neurtzeko. Garapen horretarako bazkide bila ari zela, Sodena sozietate publikora jo zuen. Hala, Davalor kinka larrian zela, Sodenak enpresaren alde egin zuen 2015 eta 2017 bitartean. Davalorrek, baina, ez zuen lortu bideragarritasun plana aurrera ateratzea, eta ia hogei milioi euroren zorra pilatu zuen hartzekodunekin. Tartean zen Sodena ere, 2,6 milioi euroko diru laguntza eman baitzion.

Horiek horrela, UPNk epaitegietara jo zuen, argudiatuta Sodenak ez zituela bete zegozkion protokoloak. Zehazki, prebarikazioa eta diru publikoa xahutu izana leporatu zizkien Aierdiri eta Garapen Ekonomikoko Departamentuan eta Sodenan aritutako zenbait kideri. 2020an, Espainiako Auzitegi Gorenak auzia ikertzea erabaki zuen, eta Aierdik dimisioa eman zuen 2021eko urtarrilean.

Alabaina, Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak auzia itxi zuen 2023ko abenduan. Auzipetuek jarritako helegite bat tarteko, onartu zuen iraungi egin zela Prozedura Kriminaleko Legeak ezarritako hamabi hilabeteko gehienezko epea. Hau da, Gorenak 2021eko urtarrilaren 21ean ireki zuen auzibidea, eta Iruñeko epaitegiak 2022ko otsailaren 18an luzatu zuen instrukzioa, urtebeteko epea igarota. Ondorioz, epaileak ebatzi zuen 2021eko urtarrilaren 22tik aurrerako diligentziak «baliogabeak» zirela; besteak beste, Aierdik eta Sodenan esertzen ziren beste goi kargudun publiko batzuek ikertu gisa deklaratzeko aginduak.

Helegitea aurkeztu zuen akusazioak —UPNk eta PPk—, baina ebazpen bera eman zuen Nafarroako Probintzia Auzitegiak ere. Hala, Auzitegiko 1. salaren esku geratu zen azken erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.