«Honekin behin betiko amaitzen da gai honek epaitegietan egin duen bidea, oraindik zabalik dauden gainerako epaiak ebazteko irizpidea ezarri duelako EAEko Auzitegi Nagusiak». Udalerri Euskaldunen Mankomunitate Uemako ordezkariek ohar bat plazaratu zuten atzo hizpide hartuta hilaren 3an EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epai bat; izan ere, Aramako Udalak (Gipuzkoa) euskarazko aktak egitearen aldekoa da ebazpena, eta irmoa, kontrako helegiterik onartzen ez duena. Ondorioz, atzetik gai horrexen inguruan Carlos Urkijo EAEko Espainiako Gobernuko ordezkariak hainbat udalen aurka abiatutako gainerako auzibideek ere —dozenaka izan ziren aurreko legealdian ipinitako helegite eta errekerimenduak— erantzun hori bera izan behar dute justiziaren partetik: «Udalerri euskaldunen alde». Hortik dator Uemako ordezkarien poza. «Oso gustura gaude», azaldu zuen atzo partzuergoko lehendakariak, Josu Labakak. «Jauzi kualitatibo garrantzitsua dakar Aramako Udalaren inguruko epaiak».
Testua argia da, gainera, darabiltzan argudioetan. Euskarazko agiriak ez onartzea «paradoxikoa baino gehiago» litzatekeela nabarmentzen du; «legearen inguruko benetako zentzugabekeria». Lehendik ere egon dira udalen euskarazko jardunaren aldeko epaiak. Irmo izateak, ordea, aparteko garrantzia ematen die auzibideak behin betiko konpontzeko bidean, eta horregatik eman zaie aparteko oihartzuna.
Irurako «aurrekaria»
Iazko urriaren amaiera aldera izan zen, esaterako, epai horietako bat; Irurako Udalaren (Gipuzkoa) aldeko ebazpen irmo bat eman zuen orduan EAEko Auzitegi Nagusiak; egokitzat jo zuen udalak euskarazko informazio bat igortzea Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzara. Uemako kideek nabarmendu egin zuten epai hura: «aurrekari» garrantzitsua izan zitekeela adierazi zuten. Bigarren hau ere harexen ildoan etorri denez, eta biak irmoak direnez, bien artean atzera bueltarik gabeko bidea «osatzen» dutela nabarmendu dute orain. «Hurrengo egunetan irizpide honetan oinarritutako epaiak helduko dira». Hartara, lehenbailehen itxi nahi dituzte partzuergoko arduradunek auzitegietan martxan diren auzi ugariak. «Askotan aipatu izan dugu epaitegietatik atera behar dugula euskara, eta benetako lege babesa behar dugula euskararen aldeko politika aurrerakoiak egiteko», azaldu zuen atzo Labakak.
Eta adierazi zuen, gainera, Carlos Urkijo hasia dela amore ematen. Uemaren arabera, lehengo astean bertan atzera egin zuen udalen aurka abiatuak dituen hainbat auzibidetan Espainiako Gobernuko ordezkariak, eta EAEko Auzitegi Nagusitik heldu den ebazpenarekin lotzen dute erabaki hori. Horiei guztiei lotuta, aro berri bat dute gogoan, zeinean udalek euskararen aldeko urratsak egiteko autonomia eta bidea izango duten. Labakaren aburuz, udal legeak —Eusko Legebiltzarrean onartu berria— abaro eman diezaieke urrats horietako askori, eta horren alde egin nahi dute. Urkijok abiaturiko auzibideen arkako jardunean Eusko Jaurlaritzaren sostengua izan dutela adierazi du —«eskertu egin behar da»—, eta bide horrexetan aurrera egiteko esperantza dutela. Espero ditu oraindik, hala ere, eragozpenak bidean. «Estatuaren partetik badago esku hartzeko asmoa, bidea zangotrabatzekoa, eta horretan jarraituko du».
Zeraingo Udalaren alde
Euskaraz informazioa igortzeagatik bezalaxe, euskara sustatzeko neurriak hartzeagatik ere eraman izan ditu Urkijok udalak auzitara; esaterako, Ueman sartzeagatik. Alde horretatik ere, albiste onak jaso dituztela nabarmendu nahi izan zuen atzo Labakak. Izan ere, Zeraingo Udala Ueman sartzeko erabakia auzitara eramanda zuen helegite baten bidez, baina atzera bota du Donostiako Lurralde Auzitegiko ebazpen batek, Udal Legeak emandako irizpideak aintzat hartuta, Urkijok berak egina zuen atzera egiteko eskea, lege berriaren harira. Antzeko auzibideak ere abian dira beste hainbat udalen aurka—Berastegikoa (Gipuzkoa), Dimakoa eta Eakoa (Bizkaia)—, eta irtenbide bera espero dute orain.
«Behin betiko» babesa eman die justiziak udalen euskarazko aktei
EAEko Auzitegi Nagusiak ebazpen irmo bat eman duela jakinarazi du Uemak, eta guztiz oztopatuko dituela Urkijok hasiriko auzibideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu