ELAk lan baldintzen akordio berri bat aldarrikatuko du Osakidetzako hauteskunde sindikaletan

Azaroaren 28an egingo dituzte hauteskundeak, hamar urteren ostean. ELAk 1.600 hautagairen sinadurak aurkeztu ditu, eta adierazi du «aurpegia» emango duela «langileen lan baldintzak hobetzeko eta kalitatezko osasungintza publiko unibertsala bermatzeko».

Arkaitz Herreros eta Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunek agerraldia egin dute gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Arkaitz Herreros eta Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunek agerraldia egin dute gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko urriaren 22a
14:00
Entzun

Hamar urte igaro dira Osakidetzan azken hauteskunde sindikalak egin zituztenetik. Bada, etenaldi hori hautsi egingo dute orain: hauteskundeetara deitu dute azaroaren 28rako. 361 ordezkari aukeratuko dituzte, gaur egun daudenak baino 45 gehiago. Sindikatuak hasi dira jada lanean, eta martxan dituzte kanpainak. Hain justu, ELAk agerraldia egin du gaur, eta jakinarazi du, besteak beste, lan baldintzen akordio berri bat eta zerbitzuen publifikazioa aldarrikatuko dituela.

Sindikatuak «esparru guztietan» aurkeztu ditu hautagaiak, Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunak azpimarratu duenez. Oro har, 1.600 hautagairen sinadurak aurkeztu dituzte. Gaur egun, 74 ordezkari dituzte Osakidetzan. ELArentzat, kategoria guztiak beharrezkoak dira, Osakidetzak bere zerbitzua eman ahal izateko. Euren helburua lortzeko, esan dute «aurpegia» emango dutela Osakidetzaren aurrean, «langileen lan baldintzak hobetzeko eta kalitatezko osasungintza publiko unibertsala bermatzeko».

ELAk adierazi du Osakidetza «salbuespen» bat dela, «salbuespena txarrerako». Azaldu dutenez, beste edozein enpresa edo sektoretan lau urtean behin egiten dituzte hauteskundeak. Osakidetzan, berriz, 2014an egin zituzten azkenak. «Mahai sektorialaren blokeoaren beste adibide bat da», salatu du Saavedrak.

Azken hauteskundeen ostean, Osakidetza ESI erakunde sanitario integratuetan antolatu zuten. Hortaz, ELAk azaldu du indarrean zeuden hauteskunde eremuak ez direla baliagarriak izan hauteskundeetara deitzeko. «Justiziak jada adierazi zuen hauteskunde eremu horiek zaharkituta geratu zirela», erantsi dute. Beraz, ezinbestekoa zen «esparru berriak negoziatzea», baina Osasun Sailak «erabateko ezezkoa» eman dio negoziazio horiei. «Osakidetza anomalia demokratiko batean dago», kritikatu dute. Uztailean egindako ezohiko mahai sektorialeko bilera batean, hauteskundeetara deitzeko akordio bat egin zuten Osakidetzako zuzendaritza nagusiak eta osasun zerbitzuan ordezkaritza duten sindikatuek.

Datorren legegintzaldirako, hainbat proposamen eta aldarrikapen landu ditu ELAk. Osakidetza «eraldatzeko» neurri horiek guztiak dokumentu batean jaso, eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Alberto Martinez Osasun sailburuari helarazi dizkiete. Besteak beste, lan baldintzen akordio berri baten negoziazioa premiazkotzat jo du Arkaitz Herreros ELAko Osakidetzako arduradunak, indarrean dagoena 2009an iraungi baitzen.

269 milioi euro zerbitzu pribatizatuetan

Bestalde, azpimarratu dute pribatizazioa amaitu behar dela, eta pribatizatutako zerbitzuak publifikatu. «2023an, Osasun Sailak 269 milioi euro gastatu zituen zerbitzu pribatizatu eta azpikontratatuetan, aurreko urtean baino %9 gehiago», zehaztu du Herrerosek. Eta gogora ekarri du orain biltegiak pribatizatu nahi dituztela: «Horretarako, 129 milioi euro jarriko ditu enpresa pribatuen esku».

«Diru publiko asko esku pribatuetan uzteak zera ekarri du: gertatzen ari denaren kontrolik ez izatea eta langileak prekaritatera bultzatzea, baita zerbitzu bera ere»

ESTHER SAAVEDRAELAko Osakidetzako arduraduna

Anbulantzien auzia ere izan dute hizketagai. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz onartu zuen atzo Bizkaiko eta Arabako anbulantziak kudeatzen dituen La Pau enpresak Osakidetzarekin dituen kontratuei uko egin nahi diela. Gaur dira biltzekoak Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa eta La Pau. Saavedraren ustez, pribatizazioaren adibide garbia da anbulantzietako egoera: «Diru publiko asko esku pribatuetan uzteak zera ekarri du: gertatzen ari denaren kontrolik ez izatea eta langileak prekaritatera bultzatzea, baita zerbitzua bera ere». Argi utzi du momentua dela zerbitzua publifikatzeko. «Horretarako, beharrezkoa da plan bat egitea, betiere langileen lanpostuak babestuz».

Osakidetzaren egoera hobetzeko, beste neurri bat gehitu du Herrerosek: «Osasungintzara bideratutako aurrekontua handitu behar da». Horrez gain, behin-behinekotasuna amaitzeko deia egin du. Izan ere, esan du arazo garrantzitsuenetarikoa dela: «Gaur egun, lantaldearen erdia —24.000 langile— egunero doa lanera behin-behineko kontratuarekin». Kontuan hartuta urtero mila langile inguruk hartzen dutela erretiroa, arazoak «okerrera» egingo du. Egoera horri irtenbide bat emateko, aparteko LEP lan eskaintza publikoak eta «belaunaldi erreleboari aurre egiteko hamabost urterako plana» eskatu ditu. Hori egitea posible da, «baina borondate politiko kontua da».

ELAren ustez, lehen arretak, osasun mentalak eta larrialdiek «aipamen berezia» behar dute, «egoera larria» pairatzen ari direlako: «Esparru horiek desegitea eta prekarizazioa jasan dute azken urteotan». Plan «zehatz» bat egitea proposatu du Herrerosek, eremu horietako arazo larriei aurre egiteko.

«Osakidetzako kategoria guztien artean ekitatiboa izango den eredu berri bat negoziatu behar da»

ARKAITZ HERREROSELAko Osakidetzako arduraduna

Beste plan batzuk ere aldarrikatu ditu sindikatuak: alde batetik, Osakidetza euskalduntzeko plan integrala abian jartzeko eskatu du, eta argi utzi «lantaldearen kontsolidazioa eta euskalduntzea» ez direla prozesu «kontrajarriak», guztiz «bateragarriak» diren gaiak baizik; bestetik, «egiturazko autokontzertazioa amaitzeko plana» ere exijitu du, eta garapen profesionalaren eredua aldatzea. «Osakidetzako kategoria guztien artean ekitatiboa izango den eredu berri bat negoziatu behar da», azaldu du Herrerosek. Eta zehaztu: «Genero ikuspegia kontuan hartuko duena, Osakidetzak emandako prestakuntza baloratuko duena, euskaraz lan egiteko gaitasuna baloratuko duena eta eta balorazio subjektiboak ezabatuko dituena».

«Klase sindikatu» gisa definitu du bere burua ELA sindikatuak, eta gogorarazi «interes korporatiboetatik» urrun dagoela. «Osasungintza publikoa hobetzeko ezinbestekoa da kolektibo guztien lan baldintzak hobetzea», azaldu du Saavedrak. Are: «Ezinezkoa da kategoria batek lan baldintza onak izatea kolektiboaren baldintzak hobetzen ez badira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.