Behin-behineko kartzelaldia eman diote Iruñean andre bat hil izana aitortu zuen gizonari

Hilketa eta tratu txar delituak egotzi dizkio epaileak. Berdintasun alorrean atzera egiteko arriskuaz ohartarazi du Txibitek: «Negazionismoa gure artean dago»

Igandean, ehunka pertsona batu ziren Iruñeko Udaletxe plazara, Zhen Jiangen heriotza salatzeko elkarretaratzera. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Epaileak kartzelara bidali du, behin-behinean, iragan larunbatean andre bat labankadaz hil ostean bere burua entregatu zuen gizona. Iruñean gertatu zen, Ermitagaña auzoko Anayak tabernan. Udaltzaingoak 51 urteko gizonezkoa atxilotu zuen, bikotekidea hil zuela aitortu ostean. Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak bermerik gabeko espetxealdi komunikatua ezarri zion atzo, epaitu bitartean, eta bi delitu egotzi dizkio: hilketa —generoaren larrigarria ere gehitu diote— eta tratu txar jarraituak.

Larunbatean 09:00ak aldera hil zuten Zhen Jiang, Iruñeko bizilaguna. Arma zuri batekin eginiko zauriak zituen udaltzainek gorpua topatu zutenean. Handik ordubetera, bikotekideak bere burua entregatu zuen Iruñeko Udaltzaingoaren komisarian, eta aitortu zuen berak hil zuela andrazkoa. Azaldu zuenez, eztabaida bat izan zuten, eta gero hil zuen. Bikote izateaz gainera, Anayak tabernan bazkide ziren, eta elkarrekin bizi ziren, Arrotxapea auzoan. Emakumeak lau seme-alaba zituen, eta haien testigantza jasota ondorioztatu dute hilketa matxista izan dela. Hasieran, Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak hartu zuen kasua, baina, aurrerantzean, Emakumeen Gaineko Indarkeriaren Epaitegiaren esku geldituko da. Behin-behineko espetxealdia errekurritzeko aukera du orain akusatuak.

Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako laugarren emakumea da Zhen Jiang; 2003az geroztik, gainera, luzatu eta luzatu ari da zerrenda hori: 121 emakume eta 11 ume. Indarkeria hori arbuiatzeko, elkarretaratze ugari egin dituzte auzo, herri eta hiriburuetan. Igandean, esate baterako, elkarretaratze instituzional batean parte hartu zuten Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak, eta iluntzean, berriz, protesta egin zuten ehunka lagunek Iruñeko Udaletxe plazan, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta. Atzo, beste herri eta hiri batzuetara hedatu zen indarkeria matxistaren aurkako aldarria, elkarretaratzeak egin baitzituzten iluntzean. Bilbon, esate baterako, protesta egin zuten Arriaga plazan.

«Gizartearen antolaketa patriarkalaren ondorioz, indarkeria matxista gure artean da une oro: bai erakundeetan, bai kalean eta baita gure inguru hurbilenetan ere», azaldu du Emakumeen Mundu Martxak: «Sotilenetik odoltsuenera, emakumeok ehunka eraso mota jasaten ditugu egunero, eta feministok argi dugu arazoa egiturazkoa dela, sistema heteropatriarkalaren ondorioa, eta ez dela etengo gizartea egituratzen duen matxismoa erauzi arte».

Txibite eta negazionismoa

Zhen Jiangen hilketaz mintzatu da Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibite ere, Nafarroa festa da, erasotzaileei stop sanferminetako kanpainaren aurkezpenean. Txibitek «sexu erasorik gabeko festak» aldarrikatu ditu, eta ohartarazi du hau «une kritikoa» dela bortxa matxistari dagokionez. Haren irudiko, urteetan berdintasunaren alde eginiko politikak «kolokan» egon litezke, eskuin muturraren eraginez: «Emakumeen aurkako indarkeria bukatzeko, ezinbestekoa da hura aitortzea. Horregatik, gure etsairik okerrena da instituzioetan sartzen hasia den negazionismoa».

Carlos Salvador Iruñeko Udaleko Berdintasun teknikari antiabortista eta ultrakatolikoaz galdetuta, Txibitek esan du ez duela «inor seinalatu nahi», eta igandeko ekitaldi instituzionalean «batasuna» irudikatu zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.