Indarkeria matxista

Behin-behinean espetxeratu dute Gasteizen sexu erasoa egotzita atxilotu zuten 18 urteko mutila

Beste gizon bat ere atxilotu dute Gasteizen, ostiralean urruntze agindua urratu eta bikotekide ohiari kaletik jarraitzeagatik.

Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, iaz, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Nerea Intxausti Castiñeira - Paulo Ostolaza
2024ko ekainaren 17a
16:00
Entzun

Ertzaintzak sexu eraso baten berri izan zuen larunbat gauean, Gasteizen. 03:00 aldera jaso zuen abisua, eta, bertaratutakoan, emakumea artatu, eta 18 urteko erasotzailea atxilotu zuen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez. Nerabeak epaiketa izan du gaur, eta epaileak behin-behineko atxiloaldia agindu du, sexu erasoa egotzita. 

Gasteizko Ibailakuako auzo elkarteak deituta, bizilagunek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, erasoa gaitzesteko. Babesa helarazi zioten biktimari, eta adierazi zuten ez dutela inolako erasorik onartuko, ez euren auzoan, ezta euren festetan ere.

Beste eraso bat Gasteizen

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen bere bikotekide ohiari kaletik jarraitzea leporatuta; 49 urteko gizonak urruntze agindu bat zeukan. Emakumeak berak jakinarazi zion Gasteizko Udaltzaingoari bikotekide ohia atzetik jarraika zuela.

Joan den ostiralean gertatu zen, 19:30 aldera, emakumea bere etxerantz zihoala, Arana auzoko kale batetik. Udaltzainek azaldu dute emakumearengana heldu zirenean berak minutu batzuk lehenago grabatutako irudi batzuk erakutsi zizkiela: bideoan gizona ageri zen. Udaltzainek gizona gertuko establezimendu batean topatu zuten, eta, urruntze agindua zeukala jakitean, atxilotu egin zuten, agindua bera urratzeagatik.

Horrez gain, Ertzaintzak beste gizon bat atxilotu du gaur Bilbon, fisioterapia zentro batean emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Emakumeak salatu duenaren arabera, gaur jazo da, 11:00etan: belauneko lesio batengatik joan da fisioterapia zentro batera, eta sexu erasoa egin dio gizonak. Medikuek artatu ostean, salaketa bat jarri du polizia etxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.