Azpeitiko (Gipuzkoa) instrukzioko bigarren epaitegiak atzo jakinarazi zuen Bidegi auziko bigarren kereila behin-behinean artxibatuko duela. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu zuen, Bildu agintean zenean, AP-1 autobidearen eraikuntzan diru publikoa oker erabiltzea eta agiriak faltsutzea egotzita. «Ez dago behar bezala justifikatuta auzia eragin duen delitua egin izana», jartzen du autoan.
Artxibatu berri duten kereilan bost lagun salatu zituen aldundiak, Eskoriatza eta Arlaban arteko zatian egindako lanengatik: Bidegiko hiru arduradun —tartean erakundeko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti— eta Eurostudios ingeniaritza enpresako buru bat, eta OHL eta Ferrovial enpresa eraikitzaileek lanotarako eratu zuten taldeko beste bat. Aldundiak adierazi zuenez, diru publikoko 17,1 milioi euro oker erabiltzeagatik eta tuneletako lanen ordainketetan dokumentuak faltsutzeagatik izan zen salaketa.
Salaketa horiek guztiak, baina, aldundiak aurkeztutako lehenbiziko txostenean jasotakoak dira, Bilduren gobernuak eskatuta egin zuen enpresa batek. Izan ere, 2016an, ordurako EAJ eta PSE-EE diputazioan agintean zirela, erakundeak beste txosten bat aurkeztu zuen, lehenaren guztiz aurkakoa. Bi dokumentu kontrajarriak aztertu ditu epaileak, eta ondorioztatu du bigarrenak duela sendotasun handiagoa: «Lekukotzekin eta peritu deklarazioekin egindako dokumentuak agerian utzi du jarduera hauen jatorrizko kereilarekin batera aurkeztutako txostenak inkongruentzia ugari zituela».
Lehenbiziko txosten hura egin zuen enpresaren deklarazioa eta bertze hainbat lekukotza jasotzen ditu bigarren dokumentuak, eta horiek determinatu dute epailearen erabakia. Batetik, lehenbiziko txostena egin zuen enpresak onartu zuen ez zutela aztertu kereilak «exekutatu gabekotzat» zeuzkan zortzi diru sailak Arlaban aldi baterako enpresa elkarteak egin zituen ala ez.
Bertzetik, hainbat lekukok azaldu zuten lanak egin bitartean «zailtasunak» izan zituztela, eta horiekin lotu dituzte obren gainkostuak. Autoak aipatzen du, adibidez, 34 hilabete iraun behar zutela lanek, baina azkenean 70 behar izan zituztela, ia halako bi. Horrez gain, «aparteko gorabehera asko» ere izan zituzten: «Ia 140 luizi; Nebrako ibaiak eragindako uholdeak; ziurtagirietako akatsek eragindako arazoak; anhidritak; eta, martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuen ondorioz, lehergailuak zaintzeko araudi aldaketak».
Horregatik guztiagatik epaileak ondorioztatu duena horra:ezin da «frogatutzat jo —zantzurik ere ez dago— lanak egiteko aurrekontu kopuru jakin bati iruzur egin zitzaion ala ez Gasteiz/Gasteiz-Eibar AP-1 autobidean, Arlaban-Eskoriatza iparraldeko tartean». Hala, kasua behin-behinean artxibatu badu ere, autoa zabaltzen denetik bost egun daude helegitea aurkezteko.
«Txosten inpartziala»
Egoera ikusita, EH Bilduk «txosten inpartzial» baten beharra ikusi zuen. Atzo zabaldutako ohar batean adierazi zuenez, alderdiak «behin eta berriz» eskatu du hirugarren dokumentu hori: «Guardia Zibilaren UCOk eta Ertzaintzaren Delitu Ekonomikoen Unitateak ez dute ikerketa konplexu hori egin, ezintasun materiala argudiatuta». 2021ean, baina, peritu txosten bat eskatu zuten, baina aldundiak prozedura artxibatu zuen. Orain, epaian ebatzi dute ez dela bertze txosten bat behar, horrelako bat egiteko «kostuaren desproportzionaltasuna» argudio gisara hartuta.
«Argi dago Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Epaitegiak ez dutela nahi kasu hau argitzerik», adierazi du EH Bilduk. Hala ere, datozen egunotan aztertuko dute autoari helegitea jarriko dioten. «Kasu hau modu faltsuan ixteak esan nahi du herritarrei egia jakiteko eskubidea eta berme guztiak dituen prozesu baterako eskubidea kentzen zaizkiela».
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, adierazi du ebazpen judizialak, behin-behinekoa bada ere, «Gipuzkoako erakundeen eta langileen izen ona berresten» duela. Lehenbiziko txostena egiteko «datu okerretan eta omisioetan» oinarritu zirela nabarmendu du Mendozak ere: «Politikan, denak ez du balio, eta are gutxiago pertsonen ohorearen eta erakundeen sinesgarritasunaren aurka egiteak». EH Bilduk auziari buruz egindako adierazpenak ere hizpide izan ditu diputatu nagusiak, eta eskari bat egin dio: «Politika egiteko modu hori behin betiko uzteko eskatzen dizuegu, politikaren onerako, erakundeen onerako eta herritarren onerako».
Lehenbiziko kereila
Bidegi auzia deitua 2014an hasi zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak orduan aurkeztu baitzuen lehenbiziko kereila, Bildu agintean zela. Auzi hori ebazteko dago oraindik. Hiru lagun salatu zituzten: Agustin Zugasti orduan ere, Eptisa-Cinsa ingeniaritzako langile bat, eta Laurena aldi baterako enpresa elkarteko bertze bat. Arrasate-Eskoriatza zatian egin zituzten lanak.
Aldundiak salatu zuen agiriek erakusten zutela Basagoitiko lur biltegia beteta zegoela, baina ez zela hala. Horrez gain, lur mugimenduei buruzko agiriak ere okerrak zirela salatu zuten. 3,4 milioi eurokoa da ustezko iruzurra. Zati horretako tuneletako lanak egin gabe 10,3 milioi ordaindu zituztela salatu zuten.
Behin-behinean artxibatu dute 'Bidegi auziko' kereiletako bat
Autoak dio ez dagoela «behar bezala justifikatuta» delitua gertatu izana. Aldundiak bi txosten kontrajarri aurkeztu zituen, eta bigarrena izan dute kontuan behin-behineko erabakia hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu