Amnistia agenda politikoan dago ostera ere. Espainian gobernua osatzeko akordioa egin dute, amnistia lege bat hitzartuz. Hori izan da Kataluniako alderdi abertzaleek egindako eskakizun nagusietako bat.Eta, horren ondorioz, trantsizioaren garaian emandako indultu eta amnistiak eta bereziki 1977ko urriko Amnistia Legea gogora ekarri dituzte eragile eta analista askok, orain egitekoa den amnistia legearen aurrekari zuzenak direlakoan.
Franco hil ostean, erregimenak «indultu orokorra» eman zuen 1975eko azaroan, eta haren ondorioz ia 9.000 preso kaleratu zituzten, horrek arazoa konpondu ez bazuen ere. Lehen amnistia 1976ko uztailaren 30ean eman zuten, dekretu bidez, eta horrek beste 287 preso askatzea ekarri zuen, zenbait euskal preso politiko barne, baina berariaz neurri horretatik kanpo utzi zituzten «pertsonen bizia edo integritatea urratzeaz edo nazioaren ondareari kalte egiteaz» akusatuta zeudenak. Dekretuak luzapen bat izan zuen 1977ko martxoan, baina horrek ere ez zuen konpondu auzia.
Miguel Castells abokatua (Busturia, Bizkaia, 1931) aditua da gai horretan. Frankismoak emandako amnistiak aztertzen zituen liburu bat argitaratu zuen 1977an, Los procesos politicos: de la carcel a la amnistia (Prozesu politikoak: espetxetik amnistiara), baina jakintza teorikoaz gain, eskarmentu luzea ere badu, frankismoan eta trantsizioan preso politiko ugaridefendatzea egokitu baitzitzaion, eta 1976ko martxoan Amnistiaren Aldeko Batzordearen sorreran parte hartu baitzuen.
Zenbait lagun ospetsuk osatzen zuten lehen batzorde hura: Castellsekin batera, han zeuden Eduardo Txillida eta Rafael Ruiz Balerdi artistak, Juan Maria Bandres abokatua, Joseba Elosegi jeltzale historikoa, Gabriel Celaya idazlea eta abar. Horregatik, ospetsuen batzordea deitu izan zaio. Geroago, baina, herrietan ere hasi ziren batzordeak sortzen.
«Herri bakoitzeko batzarrak bazuen amnistia ulertzeko modu bat», azaldu du Castellsek. «Batzuek, adibidez, pentsatzen zuten amnistiak errotik aldatu behar zuela erregimen politikoa, amnistiaren ondorioz askatutakoek berriro kartzelan sartu beharrik izan ez zezaten. Bestalde, helburua amnistia osoa zen, hau da, lan arloko zigorrak eta abortatzeagatik espetxeratutako emakumeak ere aintzat hartuko zituen amnistia bat».
Mobilizazioak
Amnistiaren aldarriak adostasun zabala bildu zuen herritarren artean, eta, 1977an, mobilizazio handiak egin zituzten horren alde. Maiatzaren 8tik 16ra Amnistiaren Aldeko Astea antolatu zuten Euskal Herrian, eta horren kontrako errepresioak zazpi hildako eragin zituen. Irailaren 2an manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon; orduko prentsaren arabera, 200.000 lagunek parte hartu zuten.
Espainiako Gobernuak neurriak hartu behar izan zituen horren aurrean. 1977ko maiatzean, amarru bat erabili zuen presioa gainetik kentzeko, eta aurreko amnistia dekretuan sartu ez ziren preso batzuk, batez ere Burgosko auzian zigortutakoak, Europako zenbait herrialdetara kanporatu zituen. Gehienak Belgikara bidali zituzten, baina Danimarkak, Norvegiak eta Austriak ere hartu zituzten euskal preso kanporatuak.
Azkenik, 1977ko urriaren 15an Espainiako Kongresuak Amnistia Legea onartu zuen. Oso lege laburra zen: hamabi artikulu baino ez zituen. Horren bidez, aurreko dekretuan onartutako neurriak preso politiko guztiei aplikatzen zitzaizkien, baita «terrorismoaz» akusatutakoei ere.
Historia ofizialaren arabera, 1977ko urriko Amnistia Legea mugarri izan zen trantsizioan, eta hark ahalbidetu zuen preso politikoak askatzea. Baina haren eragin praktikoa murritzagoa izan zen, Iñaki Egaña historialariak (Donostia, 1958) azaldu duenez: «Maiatzeko kanporaketen ondorioz, euskal preso politiko gutxi gelditzen zen espetxean, eta neurriak, batez ere, ekainetik urrira atxilotutakoei eragin zien, ETApm-koak gehienak».
1977ko urriko legean «asmo politikoz» egindako delituei aplikatzen zitzaien amnistia, «baldin eta asmo politiko horretan askatasun publikoak berreskuratzeko edo Espainiako herrien autonomia aldarrikatzeko xedea atzematen bada».
«Amnistia neurri kolektiboa bazen ere, preso bakoitzari aplikatzen zitzaion», gogorarazi du Castellsek. «Kasu batzuetan, abokatuok eskatu egiten genuen hori aplikatzeko, eta beste batzuetan epaileak berak ofizioz jarduten zuen. Baina, berez, testu horretan, idatzita zegoen moduan, ez ziren sartzen herrien independentziaren alde egindako ekintzak, eta hori zen euskal presoen kasua. Edonola ere, legea plazaratu ondoren manifestazio jendetsuak ez ziren gelditu, eta horrek arazo handia sortzen zion erregimenari. Praktikan, mobilizazioek erregimena gainditu zuten, eta amnistia preso independentistei ere aplikatu zieten».
Orotara, neurriak 89 presori eragin zien. Horietatik gehienak GRAPO eta FRAP erakundekoak eta anarkistak ziren. ETAko 23 preso ere libre gelditu ziren.
Amnistia bere buruari
Baina Amnistia Legeak bazuen garai hartan oharkabean igaro zen ñabardura bat: bigarren artikuluan, «delitu horien kontrako borrokan aritutako agintari, funtzionario eta ordena publikoko agenteei» ere aplikatzen zien amnistia. Egañak kalkulatu du diktaduraren alde aritutako700.000 frankistari eragin ziola horrek.
Gerora, artikulu horrek galarazi egin du frankismoaren krimenak zigortu ahal izatea: «Nire ustez, benetako amnistia frankismoaren funtzionario eta arduradun politikoena izan zen», esan du Egañak. «Hura, amnistia lege bat baino gehiago, Hego Ameriketako diktaduren ostean onartutako puntu eta amaierako legeen moduko bat izan zen».
Gobernabidea Espainian. Amnistia Legea
Behialako amnistia hura
Kataluniako auziaren harira, hizpide bilakatu da berriro 'amnistia' kontzeptua, eta horrek gogora ekarri du trantsizioaren garaian plazaratutako Amnistia Legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu