«Nafarroako Gobernuak ezin du esan hizkuntza eskubideak bermatzen dituela, gaur-gaurkoz ez duelako gaitasunik, profil elebiduneko lanpostu kopurua oso urria baita». Foru administrazioan aritzen den langile talde organikoaren azterketa aurkeztuta, ondorio nagusi hori azpimarratu du Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Zehazki, lanpostuen %3k baino ez dute betetzen baldintza hori; departamentu batzuetan, %2k baino gutxiagok; eta, lau departamentutan, ez dago postu elebidunik. Gainera, lanpostu horietako asko eremu euskaldunekoak dira, eta administrazioaren lanpostu gehienak eremu mistoan direnez, kopurua are urriagoa dela aipatu du Gaubekak.
Herritarrak administrazioaren aurrean euskaraz aritzeko eskubidea eta euskara bera sustatzeko, bi tresna nagusi ditu gobernuak: batetik, lanpostu elebidunak, eta, bestetik, oposizio deialdietan euskarari puntuazio egokia ematea. Gaubekak gaitzetsi du kontrakoa gertatzen ari dela. Izan ere, lanpostu elebidunen kopuru eskasari, urtarrilean ezagutarazitako merezimenduari buruzko dekretuaren zirriborroa gehitu behar zaio.
Hori ikusita, «kezka handia» azaldu du Gaubekak, hizkuntza eskubideen urraketak «betikotzen» ari direlako: «Adierazi nahi duguna da panorama honekin ezinezkoa dela euskarazko gutxieneko arreta bat eskaintzea; ez bakarrik eremu ez-euskaldunean eta mistoan, eremu euskaldunean ere arazoak daude».
Kezka azpimarratzeko, zenbait galdera plazaratu ditu: «Baldintza horietan, nola bermatuko da euskarazko zerbitzua? Nola bermatuko zaio euskara erabili nahi duen herritarrari mezua ondo ulertuko dela, eta gaztelania erabili nahi duenaren berme eta azkartasun berarekin? Bestalde, eremu euskalduneko herritar batek zerbitzu zentralak behar baditu, zer eskubide bermatuko zaio? Azkenik, eremu ez-euskalduneko herritarrei zergatik ukatu behar zaie administrazioarekin euskara erabiltzeko eskubidea?».
Egoera hori guztia salatzeko,Kontseiluak kanpaina bat abiatuko du datorren astean, eta Behatokiak bat egingo du harekin. Herritarrei dei egin die kanpainan parte hartzera.
Txostenaren edukia
Behatokiak hamar departamentutako datuen berri eman du—Hezkuntza, Herritarrekiko Harremanak/Euskarabidea eta Landa Garapen eta Ingurumen departamentuetakoak ez ditu eman, hor daudelako, besteak beste, irakasleenak—. Orokorrean, postu elebidunetan B2 maila eskatzen da, eta, postu jakinetan, berriz, C1 maila.
Kasurik paradigmatikoenetako bat Osasun Departamentuan eta hari atxikitako Osasunbidean gertatzen da: kopuruaren aldetik, arlo horretan daude lanpostu elebidun gehien, baina, ehunekotan, %2,3 baizik ez dira, «eta gehienak eremu euskaldunean». Zerbitzu zentraletan, eremu mistoan, diren postu elebidun gehienak erizainenak dira, eta asko hutsik daude. Espezialitate guztiak aztertuta, ez dago euskara jakiteko derrigortasuna duen lanposturik, eta, zeladoreen artean, bi baizik ez. Eremu euskaldun osoan, soilik zazpi mediku lanpostutan da nahitaezkoa euskara jakitea. Nafarroa osoan, berriz, 69 pediatra daude, eta horietatik bederatzik baino ez dute euskaraz aritzeko betebeharra —zazpi eremu euskaldunean—. Halaber, lurralde osorako psikologo kliniko batek eta terapeuta batek dute profil elebiduna.
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuan ere antzekoa da joera. Foruzaingoa kontuan hartu gabe, 1.253 lanpostutatik 39 baizik ez dira elebidunak. Suhiltzaileen zortzi parkeetatik bostetan, ez dago euskara nahitaezko baldintza gisa duen posturik: berez, 619 lanpostutatik hamabost baizik ez dira elebidunak —Altsasu/Auritzen (bost), Iruñean (bederatzi) eta Lizarran (bat). Larrialdi zerbitzuetan, ez dago euskara derrigorrezko baldintza gisa duen posturik.
Herritarrekin arreta berezia duen beste departamentu bat Ekonomia eta Ogasunekoa da: 518 lanpostutatik hamabik soilik dute derrigorrezko hizkuntza eskakizun hori. Herritarrei zerga aholkularitza eta informazioa emateko atalean, 33 lanpostutatik soilik bitan da beharrezkoa euskara jakitea (C1 maila); zergadunekiko harremanetarako atalean, berriz, 31 postutatik bakarrean. Nastat estatistika erakundean eta Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboan, postu elebidun banatan baino ez da derrigorrezkoa euskara jakitea.
Kulturan, berriz, 221 lanpostu daude, eta bederatzitan bakarrik da nahitaezkoa euskara jakitea. Horien artean daude liburutegi sareko langileen postuak. 76 liburutegien artean 125 lanpostu daude, eta, arduradun postuetan, soilik zortzik dute derrigorrezko hizkuntza eskakizuna —zazpi eremu euskaldunean—. Hala, eremu mistoko eta ez-euskalduneko 71 liburutegitan, lanpostu bakarrean da beharrezkoa euskara jakitea.
Aztertutako hamar departamentuetatik lautan, ez dago derrigorrezko hizkuntza eskakizunik duen lanposturik: Lurralde Antolamenduan eta Etxebizitzan; Justizia eta Migrazio Politiketan; Unibertsitate eta Berrikuntzan, eta Garapen Ekonomikoan. Halaber, Gizarte Eskubideen Departamenturako lan egiten duten Nafar Lansareren «enplegu agentzia batzuetan eta haur eskoletako hezitzaile lanpostu batzuetan soilik daude euskarazko profila eskatzen duten lanpostu batzuk».
Apur bat hobeak
Gaubekak gaineratu du ezagutza datuak hobeak direla. «Herritar bat joan daiteke departamentu horietako batera eta suerta dakioke euskaraz badakien norbait, baina ez Nafarroako Gobernuak neurririk hartu duelako, apur bat txiripaz. Begiratu genituen Euskarabidearen datuak, eta departamentu batzuetan ez dira asko hobetzen. Hau da, suerta daiteke euskarazko arreta emateko gai diren langile gehiago egotea, baina departamentu gehienetan ez da horrela. Ez dira %3ra iristen».
Behatokiaren arabera, «betikotzen» ari da hizkuntza eskubideen urraketa
Nafarroako Gobernuko langile talde organikoa aztertu du Behatokiak, eta ondorioztatu du lanpostuen %3k dutela elebidun izateko betebeharra; zenbait departamentutan, %2k ere ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu