Euskara

Behatokiak salatu du ertzainen lan deialdiak ez dituela hizkuntz eskubideak bermatzen

Legegintzaldi honetan 700 ertzainentzako lanpostuak eskainiko ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horietatik 238k ez dute hizkuntz eskakizunaren derrigortasun datarik, Behatokiak salatu duenez. Gainerako 462 lanpostuetan B2 hizkuntz eskakizuna behar da.

jarraia192255.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 14a
13:04
Entzun

Ertzain eta udaltzain izateko lan deialdi esanguratsua jarri dute abian Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek. Denetara, 751 leku eskainiko dira, horietatik 700 ertzain izateko, eta gainerakoak, hemezortzi herritan udaltzain izateko. Bada, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, «lan deialdi horietako hizkuntza eskakizunek baldintzatuko dute etorkizuneko Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hizkuntza gaitasuna, eta, ondorioz, baita herritarren eskubideak ere».

Legegintzaldi honetan egingo diren lan deialdiak, ordea, ez ditu nahikoa berme eskaintzen, azaldu duenez. Izan ere, Ertzaintzarako 700 lanpostuetatik 238k ez dute hizkuntz eskakizunaren derrigortasun datarik. Gainerako 462 postuetan B2 hizkuntza eskakizuna eskatzen da. Udaltzaingoari dagokionez, 57 lanpostuetatik 14k ez dute derrigortasun datarik. Behatokiak Gasteizko kasuan jarri du azpimarra: 11 postuetatik zazpik ez baitute hizkuntza betebeharrik.

Hizkuntza eskakizun horiek «muga dira euskaraz zerbitzua jaso nahi duten herritarrentzat», Gaubekaren iritziz. Izan ere, agente denek euskaraz jakin ezean, nekez bermatu ahal izango da euskarazko zerbitzua: «Derrigortasun data duten langile kopurua ez da herritarren eskubide eta zerbitzuaren kalitatearen bermeari begira ezartzen, baizik eta euskaraz dakiten balizko herritar kopuruaren arabera».

Gogora ekarri nahi izan du, bestalde, Jaurlaritzak berak ezarritako irizpideen arabera herritarren hizkuntza aukera beti errespetatu behar dela. Baina urterik urte Behatokiak kexa ugari jasotzen ditu herritarren partetik, Ertzaintzak zein Udaltzaingo zerbitzuek ez dietelako bermatzen euskarazko zerbitzua. «Salaketa hauek erakusten dute hutsuneak hor jarraitzen duela».

Behatokiak Ertzaintzaren egungo egoera irudikatzeko datuak ere eman ditu. 2017an amaitutako euskara planaren arabera, 7.407 ertzainez osatutako lantaldetik %51k ez dauka euskarazko gaitasunik egiaztatuta. 2022an amaitzen den euskara planaren arabera, bestalde, Ertzaintzak euskaraz lan egitea eta herritarren hizkuntza eskubidea bermatzea du helburu. «Aurrerapausoak egin badira ere, bistan da ez dela nahikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.