Behatokiak dio ertzainen lan deialdia hizkuntza eskubideen kalteko dela

Eskainiko diren 751 postuetatik 252tan ez dute ezarri hizkuntza eskakizunik. Behatokiaren ustez, irizpide horrek ez du bermatuko etorkizunean segurtasun indarrekin euskaraz komunikatzea

Bi ertzain, pandemia garaian, Donostian. JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Ertzain eta udaltzain izateko lan deialdi esanguratsuaren berri eman dute aste honetan Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek. Denetara, 751 postu eskainiko dituzte, horietatik 700 ertzain izateko, eta gainerakoak, hemezortzi herritan udaltzain izateko. Bada, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, «lan deialdi horietako hizkuntza eskakizunek etorkizuneko Ertzaintzaren eta udaltzaingoen hizkuntza gaitasuna baldintzatuko dute, eta, ondorioz, baita herritarren eskubideak ere». Hau da, Behatokiaren ustez, eskaintza publiko horietan ezarriko diren hizkuntza eskakizunen arabera jasoko dute herritarrek etorkizunean euskarazko tratua.

Legegintzaldi honetan egingo diren lan deialdiak, ordea, ez ditu nahikoa berme eskaintzen, Gaubekak adierazi duenez. Izan ere, Ertzaintzarako 700 lanpostuetatik 238k ez dute hizkuntza eskakizunaren derrigortasun datarik: euskararik jakin gabe sartu ahalko dira administrazio publikoan. Gainerako 462 postuetan, bestalde, B2 mailaren pareko hizkuntza eskakizuna ezarri du Jaurlaritzak da. Udaltzaingoari dagokionez, 51 lanpostuetatik hamalauk ez dute derrigortasun datarik. Behatokiak Gasteizko kasuan jarri du azpimarra: 11 postuetatik zazpik ez baitute hizkuntza betebeharrik.

Hizkuntza eskakizun horiek «muga dira euskaraz zerbitzua jaso nahi duten herritarrentzat», Gaubekaren iritziz. Izan ere, polizia denek euskaraz jakin ezean, nekez bermatu ahal izango da herritarren eta segurtasun indarren arteko euskarazko komunikazioa: «Derrigortasun data duten langileen kopurua ez da ezarri herritarren eskubideen eta zerbitzuaren kalitatearen bermeari begira, baizik eta euskaraz dakiten herritarren balizko kopuruaren arabera». Irizpide hori «onargaitza» dela esan du, «herritar guztien eskubideen bermatzailea izan beharko lukeelako».

Gogora ekarri du, bestalde, Jaurlaritzak berak ezarritako irizpideen arabera herritarren hizkuntza aukera beti errespetatu behar dela. Baina urterik urte Behatokiak herritarren kexa ugari jasotzen ditu Ertzaintzak zein udaltzaingo zerbitzuek ez dietelako bermatzen euskarazko zerbitzua. «Salaketa horiek erakusten dute hutsuneak hor jarraitzen duela».

2017an amaitutako Ertzaintzaren euskara planaren arabera, 7.407 ertzainez osatutako lantaldetik %51k ez daukate euskarazko gaitasunik egiaztatuta. Egun indarrean dagoen planaren arabera, bestalde, Ertzaintzak euskaraz lan egitea eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea du helburu. «Aurrerapausoak egin badira ere, bistan da ez dela nahikoa», berretsi du Gaubekak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.